Leire Pérez, Hambroneta: “freskotasunez betetako catering-enpresa bat gara eta gogotsu gaude berritzeko eta jendea harriturik uzteko”

30 June, 2015

 

A priori negozio sinplea dirudi; furgoneta bat, janaria, freskagarriak… Baina kontua hori baino konplexuagoa da ezta?

Bai, paper gainean denak zirudien errazagoa. Negozio Plan zehatz eta sakon bat egin nuen, eta baita ere merkatu azterketa oso bat, marketin plana, plan ekonomikoa eta hazkunde estrategia. Azterketa horren bidez jabetu nintzen Street food eta food truck-en sektorea hazten ari zela Estatu Batuetan eta Europako beste herrialde batzuetan, eta Espainian oraindik dena egiteko zegoela. Hori oso motibagarria da, baina arriskutsua ere bai, batzuetan gogorra baita goizegi iristea, azalpen asko eman behar direlako eta baita justifikatu ere. Duela 3 urte baino gehiago hasi nintzenean, galdetzen zidaten erotu ote nintzen eta nola hasiko nintzen kalean janaria saltzen bizkar gainean neukan prestakuntza guztiarekin. Orain gehiago entzuten da “Street Food” joera, baina hasi nintzenean oso zaila zen azaltzea janaria kalean saltzea ez dela ilegaltasun bat, ez zikinkeria bat, ezta ere merkatu txiki bat. Hori frogatzeko, Kalitate Turistikoaren “Q” ziurtagiria atera nuen Hambronetarentzat. Funtsean, food truck ibilgailuak gurpil gainean dabiltzan enpresak dira.

 

 

Zailtasunak izango dituzu zure negozioa hainbat tokitan jartzeko.

Enpresa edo negozio-eredu guztiek dituzte abantailak eta desabantailak. Food truck ibilgailuen kasuan, abantaila esanguratsuena da gai direla jatetxe finkoak iritsi ezin diren tokietara iristeko. Baina dena ez da dirudien bezain “hippie”a. Pertsona askok irudi idilikoa dute buruan: food truck batekin leku sinestezinetan barrena bidaiatzen, eta ekitaldi jendetsuetan, kontzertuetan edo hondartzetan ateak ireki eta dirutza egiten.  Hori oso urrun dago errealitatetik…

Baimena eskatu behar da lan egin nahi duzun udalerri bakoitzean eta, gainera, lanegun bakoitzagatik. Horri gehitu behar zaio food truck ibilgailuetako salmenta ez dagoela erregulatuta udalerri gehienetan, hots, debekatuta dagoela.

Alderdi horrek huts egin dit eta, beraz, azkar egokitu behar izan dut enpresa mantendu ahal izateko. Nire negozio plana egin nuenean mehatxu gisa identifikatu nuen erregulazio eza, baina uste nuen kontzeptua bera azalduz eta argi erakutsiz beste herrialde batzuetan dagoen mugimendua, tokiko ekonomiari ematen diodan babesa eta proiektu honek berekin dakarren enplegu sorkuntza, nahikoa izango zela udalek sektore hori erregulatzeko, edo gutxienez nire hirian erregularki lan egiteko baimena lortzeko. Ez da halakorik gertatu. Posible dut nire jarduera garatzea espazio pribatuetan edo espazio publikoan egiten diren ekitaldi puntualetan, baldin eta ekitaldiaren antolatzaileak baimena eskatzen badu nire izenean, eta baita ere herriko jaietan.

Pena pixka bat ematen dit, izan ere Sevillan adibidez dagoeneko erregulatuta dago food truck ibilgailuen sektorea egunero lan egin dezaten, nahiz eta Hambroneta baino askoz geroago sortu den joera hori han.

 

 

“Hambroneta” da agian produktu ikusgarriena, baina produktu eta zerbitzu berriak garatu dituzu eta inbertsio handia egingo zenuen.

Catering-linea sortu nuen ez genuelako food truck-arekin lan egiteko baimenik lortzen eta ezin nituelako alokairu, aseguru, langile, mailegu eta bestelako gastu finkoak ordaindu. Ez nuen amore eman nahi eta horregatik pabilioi handiago bat hartu genuen. Inbertsio handia egin nuen: sukalde zentrala, garbiketa eremua, aldagelak, bulegoak, biltegiak, garajea… Hala, catering zerbitzu tradizionalagoa eskaintzeko prestatu nintzen. Gaur egun oso pozik nago arriskatu izanagatik. Gure catering-ek harrera bikaina izan dute eta horrek motibatzen gaitu hazten eta zerbitzu berriak eskaintzen jarraitzeko. Gure lana izugarri gustatzen zaigunez, azken albisteak eta joerak jarraitzen ditugu, catering arloko berrienak eskaini ahal izateko. Zerbitzu tradizionalez gain (laneko gosariak, bazkariak, afariak eta koktelak), bestelakoak ere eskaintzen ditugu: gozogintza sortzailea, janari postutxoak eta duela hilabete batzuk onlineko catering zerbitzua ere jarri dugu martxan.

 

 

Eta zerk bereizten zaitu sektore horretako lehiakideengandik?

Freskotasunez betetako catering enpresa bat gara eta gogotsu gaude berritzeko eta jendea harritzeko. Egunean gaude azken joeren inguruan, eta egungo premiak estaliko dituzten zerbitzu berriak sortzen ditugu inbertsioak eginaz. Azkar eta erraz egokitzen gara bezeroaren premietara, oso gustuko dugulako pertsonalizazioa.

 

 

Jaso duzu laguntzarik negozioari ekiteko eta hazarazteko?

Jakina. Gurasoak uneoro izan ditut aldamenean, nire inspirazio iturri nagusia dira eta oztopoen aurrean ez etsitzeko arrazoia. Mailegua eskatzeko abala eman zidaten. Amak pentsio funts bateko dirua eman zidan negozioari ekiteko eta aitak, berriz, erretirorako gordeta zeuzkan aurrezkien zati bat. Lumatu egin ditut, eta beraz ez naiz geldituko inbertitu duten diru guzti-guztia itzuli arte. Ikusten duzuenez, zorte handia izan dut nire negozioa abiarazteko finantzaketa lortzeko orduan, baina denek ezin dute esan gauza bera. Alde horretatik zorionekoa naiz. Gainera, Londresen hainbat urtez lan egin izanagatik zegokidan langabeziagatiko laguntza ere kapitalizatu nuen.

Bizkaiko Ostalaritza Elkartea ere babes handia izan da niretzat, aholkatu egin nautelako eta lan nahiz erakunde arloetan dituzten ezagutzak oso lagungarriak izan direlako.

Bestalde, iaz SPRIren Hobeki Digitala diru-laguntza jaso nuen enpresan kudeaketa sistema bat (open ERP) ezartzeko, eta horri esker eguneroko kudeaketa eta operazioak askoz modu eraginkorragoan prozesatzen dira. Horrelako ekimenak eskertzekoak dira, nirea bezalako ETEen lehiakortasuna hobetzen baitute.

 

 

Zein dira une honetan dauzkazuen erronkak?

Zorionez, catering-linea primeran doa, baina badaukat arantzatxo bat: nire etxean food truck-a martxan jarri ez izana. Beraz tinko borrokatzen jarraituko dut, nire argudio guztiak azalduz, gobernu organoek kontuan har dezaten joera eta negozio eredu hau.

Orain Aitor Apraiz lankidearekin batera, www.foodtruckya.com web orrian murgilduta nago. Espainian dauden food truck guztien lehenengo onlineko gida da. Eta, aldi berean, leihatila bakarra Street food mugimenduarentzat. Web orrian aukera dago food truck-ak ekitaldi baterako erreserbatzeko, saltzeko edo alokatzeko, sektoreko hornitzaileekin harremanetan jartzeko, food truck gogokoenei botoa emateko, ekitaldien egutegia ikusteko… eta baita ere denbora errealean ibilgailuak geo-kokatzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow