“Krisiaren ondorioz ekintzailetza hazi egin da lehen sektorean eta, aurreikuspenen arabera, etorkizunean ere hazten jarraituko du”. Martín Uriarte, LORRA S.COOP.-eko kudeatzailea

2 June, 2015

 

Zein zifra ditu lehen sektoreko ekintzailetzak Bizkaian?

2005ean programa hau abiarazi genuenetik 245 proiektu berri instalatu dira Bizkaian, 2015ean onartu ditugun 30ak barne. Urtez urteko bilakaeran argi ikusten da goranzko joera bat dagoela, zeren, 2005ean 17 proiektu onartu baziren, 2011tik aurrera hogeita hamarretik gora proposamen jasotzen baititugu urtero. Zalantzarik gabe, azken urteotako egoerak zerikusi handia du hazkunde horrekin eta landa eremuetara itzultzeko piztu den interesarekin, bai lehen lanpostuaren bila dabiltzan gazteen artean eta baita ere laneko bizitza birplanteatu beharrean dauden pertsonen artean.

Etorkizunean aldaketa handiak gertatuko dira eta, aurreikuspenen arabera, programan parte hartzeko eskaerak hazi egingo dira, 41 urtetik gorako ekintzaileak ere onartuko direlako. Orain arte aukera hori ez zegoen araututa, eta jende askok uko egin behar izaten zion nekazaritza munduan sartzeari. Baina hurrengo LGSPak (Landa Garapen Sostengarrirako Planak, hau da, LORRAren ekintzailetza-zerbitzua ahalbidetzen duen markoak) jasoko du bai aukera hori eta baita ere ekintzaile horientzako finantza-laguntzak.

 

Zein da ekintzaile horien profila?

Datuek erakusten digute ekintzaile gazteak direla, 25-30 urte bitartekoak, aurretik lanean arituak eta nonbait sustraiak bota nahi dituztenak. Oro har gizonezkoak dira, izan ere proiektuen %65 gizonek zuzentzen dituzte eta %35 emakumeek. Nagusiki negozio berriak dira, %3 baino gutxiago baitira lehendik existitzen diren ustiategien ardura hartzen dutenak. Gainerakoan, era askotako prestakuntza eta interesa duen jendea da; batzuk beraizik prestatu dira gurasoen lanari jarraipena emateko eta beste batzuk, berriz, beren ikasketak bukatu ondoren erabaki dute beren bizitza berrorientatzea lan falta dela medio.

 

Zertan datza LORRAk ematen duen laguntza?

Gure teknikariek hasieratik monitorizatzen dituzte proiektuak, estaldura eta aholkularitza ematen dute tramite administratiboetarako eta ekintzaileek ideiak gauzatzean izan ditzaketen premia teknikoetarako. Behin instalatuta daudenean, tutoretza zerbitzu bat eskaintzen zaie proiektuaren lehen hiru urteetarako, eta horrela, produktore berriek ekintza-eremu desberdinetan izan ditzaketen premia tekniko guztiak estaltzen dira. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak finantzatzen du aholkularitza zerbitzu hori.

 

Zein da proiektuen tipologia? Joeraren bat gailentzen al da?

Produkzio jardueren artean aipatzekoa da azken urteotan era askotako proiektuak instalatu direla: negutegiko baratzen ustiapena, ganadu hazkuntza –esnetarako ardiak eta ahuntzak gaztagintzarekin loturik- arrautzak eta oiloak, erle hazkuntza, e.a.  Joera berrien artean argi ikusten da nekazaritza ekologikoa indarra hartzen ari dela, izan ere azken hamarkadan instalatutako negozio guztien %21,6 dira eta 2015erako onartutako 30 proiektuetatik 11 ere arlo horretakoak dira. Nobedade gisa aipatzekoa da baita ere barraskilo hazkuntza, iaz bi negozio berri instalatu baitziren eta aurten 4 gehiago instalatuko baitira.

 

Zeintzuk dira esparru honetan ekintzaile izateko zailtasun eta laguntza aipagarrienak?

Gazteentzat landa lurra eta kreditua eskuratzea da zailena. Zentzu horretan azpimarratu behar da bertako administrazioak arazo asko konpondu dituela Lurren Bankua sortuz, non landa lurrak eskuratu baitaitezke negozioak instalatu ahal izateko. Kredituari dagokionez, berriz, Lorra S. Coop-en bidez zenbait arazo konpondu ditugu, finantzazko akordio bat sinatu baitugu Laboral Kutxarekin gure produkzio sektorerako. Halaber nabarmentzekoa da gazteek laguntza asko jasotzen dituztela Foru Aldunditik nahiz Eusko Jaurlaritzatik, Bizkaian ia inbertsioaren %50 finantzatzeraino. Helburua da sektorearen jarraipena eta belaunaldi erreleboa bermatzea, izan ere horixe da sektorearen erronka handienetako bat, nekazaritzako langileen batez besteko adina 60 urte baino handiagoa delako.

 

Nolako emaitzak lortzen dituzte proiektu berriek?

Oso positiboak; horren froga argiena da hamarkada honetan martxan jarri diren proiektu ia guztiak martxan daudela. Egia esan, 10 baino gutxiago dira instalatu ondoren jarduera bertan behera utzi dutenak, batzuetan ez dutelako funtzionatu eta bestetan ezin izan dutelako aurrera jarraitu edo ez dutelako jarraitu nahi izan.

 

Zein beste zerbitzu eskaintzen die Lorra-k ustiategiei?

Lorra irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da eta bere baitan biltzen ditu nekazaritza eta ganadu hazkuntzaren sektoreko 32 produktore-elkarte, 7 nekazaritza-kooperatiba eta erakunde kolaboratzaileak, guztira nekazaritza eta elikaduraren sektoreko Bizkaiko 4.000 produktore baino gehiago. Gure kudeaketa zentroaren bidez eskaintzen ditugu nekazaritza- eta ganadu-ustiategien premientzako zerbitzu tekniko eta ekonomikoak, baita ere finantzei, kontularitzari, zergei, lan arloari edota PFEZari dagozkienak.

 

http://www.lorra-cg.net

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow