Kris Merakik ekintzailetzari ekin dio Errenteriako “HABIAN! Fabrika Kreatiboan”

3 December, 2016

Sarean irakurri dugu “Meraki” greko modernotik datorren hitza dela eta esan nahi duela “zerbait egitea maitasunez eta sormenez, hau da, arima jarriz”. Krisek termino hori aukeratu zuen bere izenaren ondoan jartzeko, “primeran adierazten baitu sentitzen dudanaren funtsa eta egiten dudan guztiarekin transmititu nahi dudana. Gustatzen zait pentsamenduak eta sentsazioak islatzen dituzten proiektuetan murgiltzea, nire baloreak adieraz ditzaketen piezak egitea…”

“Kris Merakik” bere jarduera ekintzaile eta artistikoa garatzen du Errenteriako HABIAN! Fabrika Kreatiboan, hots, sorkuntza arloko lanbideetan zentratutako tailer kolaboratiboen proiektuan. Ezaugarri komuntzat “haria” duten beste hamabi emakumerekin elkartu da, artisautzarako duen pasioa ikusgai jartzeko abenduaren 11ra arte Cristina Enea Jauregiko “Haria Galtzen” erakusketan.

 

Hasieran zuzendaritzako idazkari ikasketak egin zenituen, baina diziplina artistikoetan garatu zenituen zure gaitasun eta trebeziak.

Txikitatik asko erakarri izan nau sorkuntza lanak; hamaika urte nituenerako ebakitzen eta josten ikastera joaten nintzen auzoan antolatzen ziren tailerretara, primeran pasatzen nuen auzoko batekin kakorratz-lanak egiten, paperezko jantziak egiten nituen panpinentzat… Halere, etxean esan zidaten lan-aukerak dituen lanbide bat ikasteko, horregatik ikasi nituen idazkaritza eta ingelesa. Horri esker, Irlandan lan egin nuen hainbat urtez nire prestakuntza ordaintzeko, eta kafetegi batean eta, besteak beste, liburu-denda batean aritu nintzen. IBMn ere lan egin nuen.

Nolanahi ere, ez nuen baztertu sorkuntzarako dudan zaletasuna. Irlandan hainbat artista eta kolektibo ezagutu nituen, ezagutzak eta praktikak partekatu nituen eurekin, eta nire sorkuntzen ardatz bihurtuko ziren material berriak erabiltzen ikasi nuen.

 

Esaiguzu zein material erabiltzen dituzun: badirudi papera eta oihala dituzula gustukoenak…

Hasieran paper birziklatua egiten hasi nintzen; aitak txoko bat zuen baratzean, berak eginiko tresnak gordetzeko, eta horiexek erabiltzen nituen, prozesu artisauei jarraituz, papera egiteko. Horrekin, ezkontzetarako gonbidapenak, agurrak eta txartel handiak egiten hasi nintzen. Eta paper zuntzarekin lan eginez beste material bat deskubritu nuen, oso antzekoa dena baina neure burua hobeto adierazteko aukera ematen didana: feltroa, gaur egun dudan aliatu handiena.

Ehundu gabeko ahuntz-ile, artile edo ile konglomeratuarekin produzitzen den oihal mota bat da, frikzioa eta hezetasuna aplikatuz lortzen dena; kapeluak eta bestelako jantziak egiteko erabiltzen da nagusiki. Euskal Herrian asko erabiltzen da, oso geurea da. Esaterako, txapelak feltroarekin egiten dira, eta nire sorkuntza gehienetan saiatzen naiz material horri presentzia ematen, sarritan beste material batzuekin konbinatuta. Nire ustez, jendartean ezagutarazi beharreko material bat da.

 

Urteotan gelditu gabe bidaiatu duzu, esperientziak partekatuz eta ikasiz. Zuk zeuk garatutako teknikak ere sortu dituzu.

Egia da bai, feltroz estaltzeko teknikei buruz gehiago jakin nahiak eraman ninduen Irlandako Artisau Elkartean (FMI-Felt Makers Ireland) sartzera, haiek erreferentziazko materialtzat baitute feltroa. Zorionez aukera izan dut Irlandako, Alemaniako, Italiako, Hungariako, Danimarkako, Eskoziako eta Japoniako artistekin lan egiteko.

Irlandan bosna metroko 12 piezaz osatutako erakusketa iraunkor batean parte hartu nuen, artile eta kalamuzko eskultura batekin, zeina Kilkenny-ko Epaitegian baitago. Ondoren, erakusleiho bat egin nuen Beiruten, paisaia bat, soilik feltroa eta zeta erabiliz eta Alizia Lurralde Miresgarrian liburuan inspiratuta.

 

Zure sorkuntza jarduerarekin batera, jarduera osagarriak ere proposatzen dituzu: prestakuntza, erakusketak…

Batez ere haur eta helduei zuzendutako prestakuntza tailerrak. Batzuek parte hartzen dute eskulanak egitea gustatzen zaielako, eta beste batzuek eurentzat berriak diren materialekin lan egiten ikasi nahi dutelako.

 

Une honetan instalazio bat aurkezten ari zara Cristina Enea jauregian, “Haria Galtzen” erakusketaren barnean.

Bai, proiektu xarmangarria da; hamahiru emakumek bat egin dugu, eta denok dugu ezaugarri komun bat: “haria”. Emaitza ikusgai dago abenduaren 11ra arte Cristina Enea jauregian, Donostian.

Erakusketa honetarako aurkeztu dudan instalazioak “Pentsamendu-hariak” du izena, eta buru barrura eginiko bidaia bat irudikatzen du, non aldarteak eta pentsamenduak nahasten baitira. Obra honetan papera eta feltroa konbinatu ditut; material desberdinez (haria, ardi latxaren artilea, ardi merinoen artilea, kalamua, soja eta zeta zuntzak…) eginiko puntadak dituzten paperak dauzka.

Erakusketarekin batera antolatu ditugu tailerrak, artilea nola eraldatzen den erakusteko saioak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta bestelako jarduerak, eta denek piztu dute ikusleen jakin-mina. Donostian bazaude, merezi du erakusketa bisitatzeak.

 

Garai zailak dira. Norbere kontura eginiko lan artistikoak ere une latzak bizi ditu

Artisautza atzerantz doan olatu bat da. Mundu industrializatu osoan, eta baita ere Euskadin. Errealitate horri ikuspegi berri batetik aurre egin behar zaio, gure sustraien zati garrantzitsu bat babestu nahi badugu.

Nire ustez, artilez eginiko artisautzak eta arteak indartu egiten dituzte gure egungo kontzientzia kolektiboan gero eta indartsuagoak diren baloreak. Esaterako, birziklapena: artileak zorrotz betetzen ditu sostengarritasun printzipioak, lotura estua baitu ingurunearen babesarekin. Era berean, berreskuratu egiten du “geurea dena”, hots, naturako materialak, eguneroko bizitzarako objektu erabilgarri bihurtzen direnak eta ikusteko ederrak direnak. Eta baita ere gure kulturaren parte diren elementuak…

Artilea ondare ondasun bat da, zaindu egin behar dena, balioan jarri behar dena eta atzerrira proiektatu behar dena. Sekulakoa litzateke gure erakundeek lagunduko balute lan hau (pertsona askoren izateko arrazoia dena) zabaltzen, eta, bide horretatik, ezagutza hau mundu osoarekin partekatzen…

 

“HABIAN proiektuko” kide zara Torrekuan, arlo sozialeko sorkuntza jardueretan oinarritutako ekintzailetzako zentro kolaboratiboan.

Hala da, bai. HABIAN! FABRIKA KREATIBOA ogibide sortzaileetan zentratutako tailer kolaboratiboen proiektu bat da. Lanerako eta salmenta zuzenerako espazioak, makinak eta oinarrizko ekipamendua eskaintzen ditu, eta baita ere askotariko zerbitzuak (kudeaketa, merkataritza, finantzaketa, eta abarretarako aholkularitza). Oarsoaldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako Udalak eta Errenteria Kreatiboa ekimenak subentzionatzen dute.

Hilabete batzuk bakarrik daramatzat bertan, eta oraindik ideiak sendotzen ari naiz, aztertzen nola aplika ditzakedan nire sorkuntzetan baina modu berritzaile batean. Ahal bezain laster, ideia horiek uztartu nahi nituzke haztegian lan egiten duten beste pertsona batzuekin. Energiak batuz, seguru obra interesgarriak sor ditzakegula.

 

Laguntza guztiak dira onak jarduera bat hasten ari zarenean. Zein laguntza jasotzen dituzue zuen esparruko ekintzaileek?

Nire kasuan, lehen aipatutako laguntzaz gain, berriki jakin dut Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-laguntza bat eman didala marka garatzeko, paperezko materiala egiteko, urtarrilean aurkeztuko dudan webgunea prestatzeko eta ekipo informatiko bat erosteko.

Oso eskerturik nago, laguntza horiek baliagarri direlako aurrera egiteko eta sentitzeko aktiboki parte hartzen ari naizela gure lurraldearen etorkizunean. Era berean, laguntza jaso dut Gabonetako Artisautza Azokan parte hartzeko. LUR Kolektiboak antolatzen du azoka hori, eta Donostiako Urdaneta kalean / Artzain Onaren Elizan egongo da 2016ko abenduaren 16tik Errege egunera arte.

Une honetan proiektu bat garatzekotan nabil, non ardi latxaren artilea izango baita eskultura egiteko lehengai nagusi eta protagonista. Horren inguruko jarduerak egin nahi nituzke, esparru desberdinetatik abiatuta, adibidez, ikerlana, terminologiak eta artzainen jarduera soziala berreskuratzea: artaldeak, bizimoduak… Oso garrantzitsua litzateke niretzat baliabide ekonomikoak, teknikoak eta materialak izatea esparru horretan lan egiteko; aukera hau aprobetxatu nahi dut erronka botatzeko belaunaldiz belaunaldi modu naturalean transmititu den kultura horri balioa eman nahi dioten pertsona, kolektibo, erakunde eta instituzioei.

 

Non ikus dezakegu zure lana, Kris?

Bisitatu ezazue Cristina Enea jauregiko “Perdiendo el Hilo” – “Haria Galtzen” erakusketa. Azoka eta erakusketetara joaten naiz. Hurrengoa Donostiako Gabonetako Azoka izango da.

Bestela, jarraitu nire Facebook-eko profila: www.facebook.com/kris.meraki

Espero dut urtarrilerako www.krismeraki.com webgunea bukatuta izatea, eta bertan argitaratuko ditut nire lanak, jarduera agenda, tailerrak, ekitaldiak, e.a.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow