Koldo Artola, Domotek: 3Dko inprimaketa azkarra eta merkea Errenterian eta Bilbon

17 December, 2016

“Izugarri gustatzen zaizkit gizartearen zerbitzura dauden tramankuluak; gustuko dut programatzea eta proiektuak forma hartzen ikustea. Hona hemen open munduko nire azken lorpena: euskarara itzultzea Marlin, 3Dko inprimagailu gehienak kontrolatzen dituen sistema eragilea…”

Halaxe aurkezten du Koldok bere burua DOMOTEK.es webgunean, non eskaintzen baititu bere enpresaren zerbitzuak, hots, 3Dko inprimaketa, eskaneatua eta 3Dko prototipoak: “inprimaketa zerbitzu azkar eta merkea”.

 

Diozunez, “bizi dugun aro honetan teknologia etengabe doa aurrera gizartean, eta aprobetxatu egin behar ditugu bere potentziala eta berekin dakartzan aurrerapenen abantailak…”

80ko hamarkadaren erdialdetik aurrera aldaketa teknologiko garrantzitsua eman da, eta ordenagailuak ezinbesteko bihurtu dira gure bizitzan. Gaur egun, denok daramagu ordenagailu pertsonal bat soinean, egunez eta gauez, hots, 24 orduz: telefonoa. Eta, egunetik egunera, gauza gehiagotarako erabiltzen dugu gainera.

Zientzia dibertsifikatuz joan da, eta teknologia berriak sortu dira: Internet, robotak, datuen prozesamendua, adimen artifiziala… Uste dut teknologia hor dagoela guk aprobetxatzeko eta gure eguneroko bizitzako zereginak errazteko.

 

3Dko inprimaketa-zerbitzu azkar eta merkea eskaintzen duzue, baina kalitatea galdu gabe

Nahiz eta 3Dko inprimagailuak 80ko hamarkadatik erabiltzen diren, duela gutxi berpiztu egin dira -orain dela lau urte inguru-, zenbait patente iraungi egin direlako. Horri esker liberalizatu egin da 3Dko inprimaketaren sektorea. Gainera, enpresa berriak agertu dira 3Dko inprimagailu berritzaile eta oso merkeekin; horrelako inprimagailuei idazmahaikoak deitzen zaie, eta oso kalitate ona eskaintzen dute, gero eta hobea.

Domotek-en horrelako inprimagailuak erabiltzen ditugu prototipo azkarrak egiteko eta 3Dko inprimaketa zerbitzua eskaintzeko. Oso merkeak direnez, prezio lehiakorrak eskaintzen ditugu, eta ez dugu kalitaterik galtzen.

 

Zergatik Domotek? Zerk bereizten zaituzte sektoreko beste enpresa batzuengandik?

Lehen esan bezala, duela 4 bat urte iraultza bat gertatu da 3Dko inprimaketaren sektorean, indarrean zeuden hainbat patente iraungi egin direlako. Horri esker liberalizatu dira 3Dko inprimaketa eta fabrikazio gehigarria. 3Dko inprimagailu berriak agertu dira, eta modelo berri bakoitzak funtzio berri eta berritzaileak dakartza. Hala, zaila da sektorearen bilakaera hurbiletik jarraitzea. Gainera, inprimagailuek aplikazio eta erabilpen berriak sortu dituzte. Horri esker, kostuak merkatu dira, eta eskuragarriago bihurtu dira mundu guztiarentzat.

Domotek-en badakigu nolako aurrerapen eta nobedadeak dakartzaten makina horiek, eta horregatik argi esan diezaiekegu bezero eta interesatuei zein den beren beharretara ondoen egokitzen den 3Dko inprimagailua.

Gainera, idazmahaiko 3Dko inprimagailuak erabiltzen ditugunez, gure zerbitzua merkeagoa da 3D System edo Stratasys marketako 3Dko inprimagailu industrialak (askoz garestiagoak) erabiltzen dituzten enpresena baino. Inprimagailu industrial horiek idazmahaikoek baino kalitate handiagoz inprimatzen dute, baina, era berean, aldea gero eta txikiagoa da.

Azkenik, bada beste arrazoi bat: enpresa malgua gara, badakiena bezeroen beharrei egokitzen. Konpromisoa hartzen dugunean bezeroen prototipoak edo piezak eraikitzeko, ez dugu amore ematen harik eta lortu arte, nahiz eta tarteka dirua galdu proiekturen batekin.

Laburbilduz, denbora eta dirua aurrezten dizkiegu bezeroei.

 

3Dko inprimaketak aplikazio mugagabeak ditu; historia, osasuna, ingeniaritza… Egunero sortzen da konponbide berriren bat merkatuko beharrizan bat asetzeko edo hobetzeko.

Egia da, 3Dko inprimagailua tresna bat baino ez da, mailu bat bezala. Kasu honetan, erabilpen gehiago dituen makina bat da, ordenagailuan daukagun edozein eredu digital fisikoki fabrikatu dezakeena. Hasi bitxigintzarako eraztunetatik eta aplikazio medikoetaraino, hala nola, protesiak, gida kirurgikoak edo baita ere bio-ereduak: bio-eredu bat da ebaketa-gelako pazienteak duen arazoaren kopia zehatz bat. Ebaketa egin baino lehen, zirujauak entseatu egin dezake arriskurik gabe, eta nahi duen emaitza lortutakoan egingo du ebaketa.

Orobat interesgarriak dira ingeniaritzaren munduan dauzkan aplikazioak, dela pieza berrien prototipoak egiteko edo pieza horiek unitate gutxiko serie laburretan fabrikatzeko (injekziozko moldeekin oso garesti ateratzen da hori). Hor ditugu baita ere museoak; posible dute pieza orijinal bat eskaneatzea eta erreplika bat sortzea, jendeak hausteko beldurrik gabe ikusi eta ukitu dezan. Halaber erabiltzen da robotak egiteko, eta baita ere osagai elektronikoak, tresneria, makinen eskalako kopiak, modelismoa…

 

Zeintzuk dira zuen lan berezienak (beren konplexutasunagatik edo emaitzengatik)?

Bazen ingeniaritza bat ohituta zegoena ordenagailuko eredu digitaletik zuzenean injekziozko moldera pasatzera –eta produktuaren milaka pieza ateratzera-, prototipoak baliozkotu gabe. 3Dko inprimaketa erabiltzen hasi zen prototipoak baliozkotzeko, eta halako batean, proiektu-buruak inprimatutako pieza bat eskuan hartu eta ikusi zuen diseinu-akats bat zuela; akats hori ez zuten ikusi ordenagailuko pantailan, baina bai pieza fisikoa eskuan izan zutenean. Esan zidan akats hori aurkitu izanak diru asko aurreztu ziela, zeren agindua eman izan balute hain garestiak diren injekziozko molde horiek fabrikatzeko, ez baitzieten ezertarako balioko, pieza gaizki diseinatuta zegoelako.

Niri batez ere gustatzen zait eskuko protesiak egitea eskuaren zati bat gabe jaio diren haurrentzat; gaur egun badira eskuko protesi komertzial onak, baina oso garestiak dira, eta haurrek arazo bat dute: hazi egiten dira. Garestia da bi urterik behin protesi komertzial bat erostea. 3Dko inprimagailuak tresna aparta dira protesiak eraikitzeko (protesiak aurrez diseinatu behar dira; guk Enabling the future elkartearen protesi ereduak erabiltzen ditugu, dohainik eta irekian zabaldu baititu 3Dko inprimagailua duen edonork deskargatu eta inprimatu ditzan). Gainera, haurrak berak aukeratu ditzake protesi eredua, bai eta bere “eskuak” izango dituen koloreak. Sinestezina da haur bat protesia jarri eta gauzak hartzen edo bizikletan ibiltzen ikustea.

Bukatzeko, aipatu nahi nuke Osakidetzarekin lanean ari garela pazienteentzako 3Dko bio-ereduak egiten. Hainbatetan ikusi ditut zirujauak bio-ereduekin lanean: erretxinazko kopiekin praktikatzen dute benetako pazienteari ebaketa egin baino lehen. Askotan, bio-eredua jaso baino lehen, zirujauak eskura izaten ditu pazienteari eginiko erradiografiak, eta horietatik ateratzen duen informazioarekin diseinatzen du ebaketan jarraituko duen estrategia, ahalik eta arrakastatsuena izan dadin. Halako saioetan egon naizenetan, birritan gertatu zait gauza bera: bio-eredua operatzean, zirujaua erradiografietan ikusi ez dituen xehetasunez jabetu da, eta estrategia aldatu du, ebaketa-gelako denbora murriztuz eta operazioa seguruago eginaz pazientearentzat.

 

Inprimagailuak, osagarriak eta 3Dko produkziorako behar diren materialak ere saltzen dituzue.

Bai. Domotek-en inprimaketako zerbitzuak eskaintzen hasi ginen, eta horretarako, 3Dko inprimagailuak eta materialak erabiltzen genituen, eskaintzen dugun zerbitzurako egokienak direnak. Duela urtebete inguru erabaki genuen erabiltzen ditugun 3D inprimagailu modeloak ere saltzea, bai filamentuzkoak eta baita ere erretxinezkoak. Hala, profesionalek aukera dute beren prototipoak edo produktuen produkzio laburrak egiteko.

 

Tknika Belabaratz zentroan hasi zineten, eta dagoeneko baduzue arreta komertziala emateko puntu bat Bilbon.

Hazten ari gara pixkanaka. 3Dko inprimaketak sektore mordoa barne hartzen ditu, eta makinak gero eta merkeagoak dira.

Duela bi urte sortu nuen Domotek enpresa, eta orduan robotika eta elektronika ikastaroak egiten ari nintzen Don Bosco LHII zentroan, Errenterian. Han ezagutu nuen Carlos Lizarbe elektronikako irakaslea; nire enpresa proiektua kontatu nion, gustatu zitzaion ideia, eta berak bideratu ninduen zentro horretako Urrats Bat ekintzailetza programara. Han sartzea eskatu nuen, eta, hurrengo egunean bertan, txoko bat neukan Don Boscon, nire inprimagailu guztiekin han kokatzeko. Gainera, aukera eman zidaten zentroko departamendu desberdinetako baliabideak eta instalazioak erabiltzeko, eta are garrantzitsuago, zalantzak kontsultatzeko zentroko irakasleekin; askotan, 5 minutuko kontsulta bat aski nuen arazoak beste ikuspegi batetik aztertzeko.

Zortzi hilabete geroago Urrats Bat programak kudeatzen duen Tknika zentroak espazio handiago bat eskaini zidan, makina guztiak sartu eta jarduera handik garatzeko.

Une honetan Belabaratz zentroan (Zamalbide auzoa z/g, Tknika zentroaren ondoan) daukagu tailerra eta produkzio zentroa. Gainera, arreta komertziala emateko puntu bat daukagu Bilboko hirigunean (Concha Jeneralaren kalea 7, 48008 Bilbo). Beraz, animatu zaitezte, eta ekarri zuen zalantzak eta fabrikazio gehigarriaren arloko proiektuak.

Gurekin harremanetan jartzeko, idatzi info@domotek.es helbidera, edo jo gure web orrira.

http://domotek.es

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow