Kepa Apraiz: “Boletus indartsua da, egonkorra, eskalagarria, segurua… Eta, batez ere, oso oso sinplea!”

23 September, 2016

Kepa Apraiz (Bermeo, 1978) ekintzaile gazteak duela hiru urte sortu zuen Bilbon Boletus Network, helburutzat harturik merkataritza tradizionala dinamizatzea. Hasieran, doako sakelako aplikazio hark aukera ematen zien erregistratutako erabiltzaileei inguruko establezimenduen eskaintzak ikusteko, eta, unean bertan, lokalean erosteko.

Azken hilabeteotan, ordea, itzuli teknologiko bat eman du konpainiak, eta sakelako bidezko ordainketan zentratu da. Aurrerantzean, erabiltzaileek sakelakotik ordaindu ahal izango dute kontsumitutakoa, “made in Euskadi” teknologia digitala erabiliz”.

 

Kepa, esaiguzu hitz gutxitan zer den Boletus, eta nola aldatu den enpresa proiektua martxan jarri zenetik.

Boletus duela 3 urte pasatxo jarri genuen martxan. Asmoa zen txikizkako merkataritzara zuzendutako eskaintza eta deskontu aplikazio bat plazaratzea, denda txikiek aukera izan zezaten azalera handiekin lehiatzeko, eta, aldi berean, bezero gazteenen leialtasuna lortzeko.
Apustu komertzial handia egin ondoren, aplikazioak 120.000tik gora erabiltzaile erregistratu ditu gaur egun, eta 3.500 establezimendu eta ostalaritza-zentro ditu atxikita. Ez da izan lan erraza, etsigarria ere bai batzuetan, baina orain, plataformak badu erabiltzaileen masa kritiko bat, posible egiten duena estrategia berri bat planteatzea.

Hala, iazko urtearen amaieran pentsatu genuen aplikazio hura (Boletus Pay) sakelakotik ordaintzeko tresna bihur genezakeela, gure inguruko txikizkako merkataritzari leialtasun-maila handiagoa eskaintzeko.

 

Teknologiaren eta hardwarearen aldeko apustu handiagoa egin duzuela diozu…

Bai, azken urte eta erdian “beacon” dispositibo elektronikoa diseinatu dugu, zeinaren bidez posible baita establezimenduan bertan egiaztatzea erabiltzaileek sakelakoarekin (irismen laburreko Bluetooth teknologia erabiliz) eginiko ordainketa. Sakelako telefonoaren bidezko ordainketa-ekimen masibo hau lehenengoetakoa da hemen, Euskadin, eta baita ere Estatuan. Sekulako apustua egin dugu “made in Euskadi” teknologiaren alde, bai dirutan, bai lan-ordutan.

Boletus Pay” proiekturako 800.000 euroko inbertsioa egin behar izan dugu, eta horietatik 350.000 teknologiara bideratu dira. 80.000 euroko diru-laguntza eta 150.000 euroko mailegu parte-hartzailea jaso dugu Bizkaiko Foru Aldunditik. Horri esker, teknologia digital guztia guk geuk diseinatu dugu edo bestela inguruko enpresaren batek.

 

Zein helburu dauzkazue teknologian gehiago zentratzen den estrategia berri honekin?

Aisialdia prezio onean planifikatzeko aplikazio bat diseinatzetik ordaintzeko bitarteko bat eskaintzera igaro gara, balio erantsia emanez gure inguruko ehunka saltoki eta ostalaritza-zentrori.

Boletus plataforma indartsua da, egonkorra, oso eskalagarria eta guztiz segurua, baina, batez ere, oso oso sinplea eta intuitiboa da amaierako erabiltzailearentzat eta atxikitako saltoki guztientzat. Sakelako telefonoaren bidez ordaintzeko bitarteko bihurtu gara, eta, beraz, erraz, azkar eta modu seguruan ordaindu ahal izango dugu kontsumitzen dugun guztia.

Lehenengo proba fasea gainditu ostean, ezarritako dispositiboen oinarria zabaldu dugu aurtengo udan; dagoeneko badauzkagu mila saltoki inguru Euskadin, Madrilen eta Nafarroan, eta hilean 100 saltoki berri atxikitzen dira. Pentsatzen dugu datorren urtearen erdi aldera 2.000 instalaziotara irits gaitezkeela.

 

Zein abantaila dauzka sakelakoaren bidez ordaintzeko aplikazio hau erabiltzeak? Zein da aplikazioaren balio erantsia?

Abantaila ugari dauzka eta era askotakoak, bai amaierako erabiltzaileentzat, bai eta atxikitako saltokientzat. Boletus aplikazioak produktu edo zerbitzu bat eroso ordaintzeko aukera ematen dio amaierako erabiltzaileari, soinean dirua duen ala ez pentsatzen hasi beharrik gabe. Oso erosoa da kontsumitzaileek presa izaten duten tokietan, hots, kafetegietan, jatetxeetan, eta abar, zuzenean ordaintzen baita sakelakoarekin. Ez daukate datafonoa erabili beharrik, edo txartela inora hurbildu beharrik, hori baino askoz erraz eta erosoagoa da.

Aipatzekoa da aplikazioa erakusleiho birtual bat ere badela, bertatik bertara erakusten baititu inguruko saltokiek eskaintzen dutena, beren eskaintzak edo deskonturik interesgarrienak.

Azkenik, amaierako erabiltzaileak dirua pilatu dezake, aplikazioarekin erosten duen guztiaren %5a hain zuzen, eta Boletus aplikazioari atxikita dauden saltokietan gastatu ahal izango du gero.

Bestalde, beacon dispositiboak aukera ematen du erabiltzaileak identifikatzeko eta kontsumitutakoa zuzenean ordaintzeko, modu eroso eta erraz batean, dispositibo mugikorra erabiliz eta kostu gehigarririk gabe. Dispositibo horrek egiten duen lana SPT (Salmenta Puntuko Terminal) batek bankuko txartelekin egiten duen berbera da.

Gainera, saltzaileek beren kontsumitzaileei buruzko datu interesgarriak eskuratuko dituzte (big data delakoa), eta horrek aukera emango die beren bezeroak hobeto ezagutzeko eta eurekin momentuan elkarreragiteko. Jakingo dute nolakoa den lokalera sartzen den bezeroa: zenbat denbora egoten den, zer eta zenbat kontsumitzen duen… eta beste hainbat datu. Hala, oinarri zabalagoa izango dute beren bezeroek zer nahi duten jakiteko eta eskaintza pertsonalizatuen bidez leialtzeko.

  

Nolakoa izan da aplikazioa erabiltzen dutenen erantzuna?

Oso oso interesgarria… Erabiltzaileentzat oso erosoa da. Sartu erosketaren zenbatekoa Boletus aplikazioan (aurrez kreditu edo debitu txartel bat lotu behar zaio, jakina), sakatu ordaintzeko botoia, eta prest zaude alde egiteko, saltokian instalatutako dispositiboak jaso baititu erabiltzailearen izena eta kontsumitutakoaren zenbatekoa.

Esperientzia hain da ona, ezen probatu duten erabiltzaileen %60k berriro erabili baitute. Bezero batzuek hilean hogei aldiz ere erabili dute; hau da, beren ohituren artean sartu dute gure teknologia, eta saltzailearentzat ere onuragarria da hori, bezeroak leialtzea lortzen baitu. Boletus enpresako langile guztiak oso ilusionatuta gaude. Ikusten dugu zifrak hazten doazela astez aste, eta horrek esan nahi du aurkitu dugula erabiltzaileek eskatzen zuten eredua.

 

Orain dela gutxi bigarren finantzaketa erronda bat formalizatu duzue, eta Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa (Eusko Jaurlaritza), Bizkaiko Foru Aldundia eta inbertitzaile pribatu zenbait ere sartu dira zuen enpresan. Zertarako erabiliko dituzue funts horiek?

Bigarren errondan eskuratutako funtsekin (600.000 euro inguru), gure enpresak 3 milioi euroko balioa hartu du. Kopuru hori teknologia garatzeko erabiliko dugu, jakina, baina saiatuko gara, halaber, gure beacon gailuak Espainiako kontsumo gune handienetara eramaten, Madril eta Bartzelonara, alegia. Datorren urtearen erdialderako, 2.000 establezimendutan ezarri nahi genuke dispositiboa, eta eredua erabat baliozkotu.

Madrilera bideratuko gara nagusiki, non erabiltzaileak askoz ere ohituago baitaude sakelakoarekin ordaintzen. Hona hemen gure helburua: mila establezimendu eta egunean batez beste bost salmenta!

 

Info +: www.boletus.com

Boletus Network

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow