Jon Iturbe, LABORLAN: Zintzotasuna, Etika eta Konpromisoa, Gasteizko “Azucarera” eraikinean

9 December, 2016

“Gustatuko litzaidake kontatzea sekulako negozioa bururatu zitzaidala edo merkatuko premia berri bat estaltzeko abiarazi nuela nire enpresa… Baina, egia esateko, nire proiektua auto-enplegu modu bat da, premia hutsetik sortu zena….”

Jon Iturbek 35 urte ditu eta 17rekin ez zeukan argi zer egin, Unibertsitatera joan ala prestakuntza ziklo bat egin: “Amak bultzatuta erabaki nuen EHUn Lan Harremanen Diplomatura egitea, eta gero Bartzelonan bukatu nuen Lan Zientzien Lizentziatura”. 

Ikasketak hiri handi batean bukatzeak aukera eman zidan lehen esperientzia tekniko profesionala eskuratzeko: “Hala, areago trebatu nintzen multinazionaletan, lan arriskuen prebentzioko masterra egiten nuen bitartean”.
Eraikuntzaren krisiak “sektore horretako enpresa batean harrapatu ninduen; obra kontratu bat nuen, amaitu egin zitzaidana, eta horregatik erabaki nuen nire gaitasunak merkatuari eskaintzea…”

 

Zintzotasuna, Etika eta Konpromisoa, hiru hitz zure helburua eta ikuspegia argi definitzen dituztenak.

Aholkularitzak eta bulego profesionalek irudi klasikoa dute: bezeroaren eta aholkulariaren arteko harremanak urte askotako adiskidetasun harremanak dira, eta enpresa gazteek hesi ikaragarriak gainditu behar dituzte esparru horretan sartzeko.

Horrez gain, abiadura bizian gertatzen ari diren aldaketa teknologikoek bizkortu egiten dituzte tramiteak, eta horrek beheranzko prezioen gerra sortu du. Beheranzko prezio horien erdian, eta ikusirik nolako zailtasunak dauden sektorean sartzeko, bi faktoretan bereiztea erabaki nuen:

1) Teknologian intentsiboa den zerbitzua eskaintzea: lainoko lana, urruneko konexioa, bideo-konferentzia bidezko bilerak, paperik gabe lan egitea… eta hori guztia kudeaketa klasikoarekin bateratuta, oraindik papera behar duten negozioen kasuan.

2)  LABORLAN izena asmatu ondoren, lelo batekin indartu nahi izan nuen izen hori, izateko eta lan egiteko modu pertsonal bat identifikatuko zuena. Horrela sortu zen abizena: “Honestidad, Ética y Compromiso” (Zintzotasuna, Etika eta Konpromisoa). Hiru hitz horiek laburbiltzen dute gure lanaren kalitate humanoa eta xehetasunak zaintzeko jartzen dugun arreta.

  • Zintzotasuna: zintzo izatea norbere buruarekin eta bezeroarekin. Ez dago dena dakienik; horregatik, batzuetan argi esan behar zaio hori bezeroari. Bakoitza arlo batean dago espezializatuta, eta sarritan hobe da prebenitzea, hanka sartu eta gero konpondu behar izatea baino.
  • Etika: konpainia baten prestigioa ezin da negoziatu. Horregatik, iruditzen bazaigu tramite batzuk legez kanpokoak izan daitezkeela, automatikoki baztertzen ditugu.
  • Konpromisoa: enpresa guztiak bizi gara bezeroetatik –ordaintzen dutenetatik eta, batzuetan, ordaintzen ez dutenetatik-, horregatik, eginahalak egiten ditut nigana datorren edozeinen egoerari egokitzeko.

 

Esaiguzu, zeintzuk dira une honetan zure bezeroak? Zein negozio profiletara zuzentzen zara nagusiki?

Lehen bezero blokean sar genitzake nire belaunaldiko ekintzaileak, auto-enpleguaren bidez, merkatuan eurentzako txoko bila dabiltzanak: argazkilariak, diseinatzaile grafikoak, arkitekto teknikoak, akademiak, geografoak, e.a. Horrelako profila dutenak oso autonomoak izaten dira euren eguneroko kudeaketan.

Bigarren bezero blokean sartuko nituzke besteren kontura lan egiteko langileak kontratatuta dauzkaten enpresak. Beraz, multzo honetan sartuko lirateke ingeniaritzako eta metalaren arloko 20 langiledun enpresak, baina baita ere lanaldi partzialean neska bat kontratatuta daukan auzoko okindegia edo irakaskuntza akademiak, argiztapen enpresak, zerbitzu anitzak ematen dituztenak…

Hirugarren blokea laneko aholkularitza juridikoari dagokio. Hor sartuko lirateke besteren kontura lan egin eta lan-arloko zalantza puntualak dituzten pertsonak. Esaterako, likidazio bat berrikusi nahi dutenak, erretirorako geldituko zaien pentsioa kontsultatu nahi dutenak, kaleratze bat edo ezintasun iraunkor bat berrikusi nahi dutenak…

 

Lan, zerga eta, besteak beste, kontularitza arloko ohiko aholkularitza eta kudeaketa zerbitzuak eskaintzen dituzu, baina negozioei beste arlo estrategiko batzuetarako laguntza ere proposatzen diezu.

Astia dudanean (une honetan Zuzenbide ikasketen 3. ikasturtean nago), ahalegintzen naiz bezeroei beren ibilbide profesionalean laguntzen, beren negozio ideia proiektu batean islatzen, negozioaren elementu funtsezkoenak ulertzen, sinergiak bilatzen edo indarrean dauden laguntzen berri ematen, besteak beste.

 

Zuen web-gunean diozuenez, LABORLANekin lan egitea oso erraza da, arin eta eroso egiten dituzue gauzak…

Oraintxe bertan, LABORLANek egunean bertan erantzuten die intzidentzia guztiei. Batzuk unean bertan konpontzen dira, eta baliteke beste batzuekin hori posible ez izatea, baina unean bertan erantzuten dugu. Eta beti nirekin tratatzen dute zuzenean.

Onlineko artxibo bat duten enpresek karpeta tematikoetan eta azpi-karpetetan antolatu dezakete beren lege-dokumentazio guztia. Dena eguneratzen eta artxibatzen da: ziurtagiriak, txostenak, nominak, aseguruak, formularioak, eta abar. Gainera, sakelakoan eta ordenagailuko mahai-gainean sinkronizatzen dira guztiak.

Azken berrikuntza bat ere badugu, laneko aholkularitza emateko bideo-konferentzia zerbitzua: edozein kontsulta argitu dezakezu inora joan beharrik gabe, nahikoa duzu webcam bat eta kasko batzuk izatea.

 

Laguntzarik jaso duzu enpresa martxan jartzeko?

Funtsezko laguntza bi jaso ditut, horiek gabe askoz zailagoa izango zen enpresa martxan jartzea. Gasteizko Udalak beka bat eman zidan negozioa abian jartzeko, alta tramitatu baino lehen. Gero Arabako Foru Aldundiak laguntza eman zidan publizitatean, ekipo informatikoan eta kudeaketa-softwarean egin beharreko lehen inbertsiorako (Álava Emprende Programa).

 

“Azucareran” zaude, SPRI Taldeak Gasteizko enpresa-jarduera errazteko zaharberritutako eraikinean.

Hala da bai, une honetan “Azucarera” eraikinean nago, Arabako Enpresari Gazteak haztegiaren barruan. Enpresa proiektua garatu nuenean ezagutu nuen elkarte hori. Eraikin horretako bulego bat lortu nahian nenbilen, Zabalganatik hurbil dagoelako (auzo gazte eta oso dinamikoa), eta baita ere elkarteko hainbat bezero atzemanda neuzkalako lehenagotik, networking saioei esker. Azkenik, bulego bat libre gelditu zen 2014ko abuztuan, eta horrelaxe sartu nintzen “Azucarera” eraikinean. Eraikin ikusgarria da, hall handi bat eta kristalezko bi igogailu ditu, eta gogora ekartzen dit Justizia Jauregia, nire karrera profesionala garatu nahiko nukeen tokia, alegia.

 

+info: www.laborlan.com

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow