Javier Larrañaga, Urbegi Taldea: Enkarterri Bultzatzen proiektuaren helburua da “Enkarterriko biztanleak beren lanaren etorkizunaren aktore nagusi bihurtzea”

30 April, 2015

 

Javier, behin baino gehiagotan joaten zara Mexikora, zergatik zehazki Amerikako zonalde horretara?

Duela urte eta erdi ingurutik Urbegik etengabeko presentzia du Mexikon, eta zehazki Querétaro eskualdean. Bi arrazoigatik dugu presentzia hori:

– batetik, enpresa azpikontratugile garen aldetik, gure zerbitzuak eskaini behar dizkiegu bezeroei eurek behar dituzten tokian, eta euskal enpresek presentzia handia dute Mexikon.

– bestetik, pertsona kalteberentzako enplegu aukerak sortu nahi dituen enpresa proiektu garen aldetik, Mexikon ahalegina egin genuen ezgaitasunak dituzten pertsonak lan munduan sartzera bultzatzeko. Hori nahiko berritzailea da Mexikon eta pasa den udan lankidetza hitzarmen bat sinatu genuen Mexikoko Gobernuko Lan eta Aurreikuspen Sozialeko Idazkaritzarekin. 2018ra arte lotzen gaituen hitzarmen horren bidez politika inklusiboak egiten lagunduko diegu eta sentsibilizazio-lana egingo dugu Mexikoko enpresariekin, ezgaitasunak dituzten pertsonak enplegatu ditzaten.

 

Beraz, jarduera-eredu hori beste herrialde batzuetan ere erreplikatu daiteke…

Bai, baina pazientziaz. Mexikon enplegu eskaintza handia dago, ezgaitasunak dituzten pertsonak ere asko dira, baina gizarteak ez du uste pertsona horiek lan egiteko gai izan daitezkeenik. Eta txarragoa dena, eurak ere ez dira jabetzen langile izan daitezkeenik, familiak gehiegi babesten dituelako.

Mexikon ezartzea erabaki genuenean, ez genuen pentsatu ere egin ez genuela aurkituko lan egiteko prest zegoen jenderik.

Eta egoera hori ez da Mexikon bakarrik gertatzen; 2013aren amaieratik presentzia daukagu Medellinen (Kolonbian) eta han ere egoera oso antzekoa da. Latinoamerika osoan gertatzen da. Joan den azaroan hizlari gisa parte hartu nuen “Iberoamérica Incluye” ekitaldian Mexikoren ordezkari bezala. Medellinen izan zen eta bertatik bertara ikusi nuen gobernu asko hasi direla neurriak hartzen ezgaitasunak dituzten pertsonen laneratzea bultzatzeko, baina lehen urratsak baino ez dira eta egoerak asko hobetu behar du oraindik. Herrialde batzuetan gobernuak ezgaitasunak dituzten pertsonen portzentaje bat kontratatzera derrigortzen ditu enpresariak, eta pertsona horietako batzuk enpresako “altzari” bihurtzen dira, ez baitituzte langiletzat hartzen.

 

Zuen enpresaren bi giltzarri: “Zerbitzu bokazioa eta Erantzukizun soziala”. Nola sortu zen Urbegi? Zein esparrutan garatzen du bere jarduera?

Hainbat urtez ezgaitasunak dituzten pertsonekin lan egin ondoren, 5 lagun elkartu ginen eta erabaki genuen bazegoela Bizkaian lekua kolektibo horri eskaintzen zaiona osatzeko proiektu batentzat. Gainera, gure asmoa ez zen ezgaitasunak dituzten pertsonen lan esparrura mugatzea; enpresa proiektu bat nahi genuen, beste kolektibo batzuentzat ere enplegu eskaintza normalizatua sortuko zuena, esaterako bazterkeria sozialeko arriskuan dauden pertsonentzat.

Urte horietan hainbat sektoretan garatu dugu gure lana, esaterako azpi-kontratazio industrialean, bereziki elektrizitate eta automozio sektoreetara bideratuta. Zerbitzuen sektorean badugu presentzia Bizkaiko hainbat enpresa eta herritan; eraikin eta kale garbiketa zerbitzuak eskaintzen ditugu. Adibide erakusgarri bezala Bilboko Alondegiaren garbiketa kontratua aipa dezakegu. Gainera, teknologia berrien sektorean ere lan egin dugu eta bezeroaren premien neurriko proiektuak diseinatu ditugu. Bestalde, dokumentuak konfidentzialki suntsitzeko kontratu bat dugu eta gasolindegi bat Bakion.

 

Ia 15 urte, 15 enpresa eta 350 langile baino gehiago… Zalantzarik gabe, bikain uztartu dituzue talentua, berrikuntza eta ahalegina.

Ez nuke hainbeste esango, baina egia da proiektuak berrikuntza sozialeko osagai handia duela, eta ahalegin handia egin behar izan dugula honaino iristeko.  Kontua da batzuetan, sektore batean berria den zerbaitek indarra hartzen duenean, deserosotasuna sortzen duela. Batzuk gehiago saiatzen dira ingurukoei oztopoak jartzen, beren eredua birraztertu beharrean eta berria den hori eurekiko osagarria dela pentsatu beharrean.

Gure eredua ENPRESA eredu bilakatu nahi dugu, enpresari guztiei erakusteko posible dela pertsona kalteberak beren enpresetan sartzea, alegia, berdintasunezko tratua ematea. Horrek esan nahi du beste edozein enpresatako lan eta soldata baldintza berberak aplikatzea, beste batzuek ordaintzen dituzten zerga berberak ordaintzea, ez delako elkarte edo fundazio bat, eta emaitzak sortzea lanean jarraitu ahal izateko, ez baitago administrazioaren laguntzarik.

Emaitzaren %100a berrinbertitzeko gure politikari esker, enpresa dinamiko eta ekintzailea gara. Emaitza horren zati bat erabiltzen dugu urtero Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko kide den gure I+G-ko unitatearen bidez enplegua sortuko duten aukera berriak bilatzeko. Une honetan proiektu berri eta ilusionagarri bat dugu Urbegin eta Enkarterrietako eskualdean.

 

…Eta horrela sortu zen, beraz, “Impulso a Enkarterri Enkarterri Bultzatzen” proiektua, zuen Fundazioaren azken erronka!

Lehen ere aipatu dut enplegua sortzen duen enpresa eredu bat izan nahi dugula, eta horretarakoxe daukagu Fundazioa, enplegua sortu aurreko xehetasunez arduratu dadin. Hortik iritsi zaigu “Enkarterri Bultzatzen” proiektua.

Diseinatzen hasi ginen une beretik izan dugu Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Sailaren laguntza, izan ere bere gain hartu du proiektuaren finantzaketa. Proiektuak helburu handinahitsu bat du, eraldaketa sozialaren arloko helburu bat: EAEko langabezia-tasa handiena duen eskualdean herritarrak eurak izan daitezela beren lanaren etorkizunaren aktore nagusiak.

Horretarako, Enkarterri Bultzatzen proiektuak eskualdeko 15 langabetu aukeratuko ditu eta enpresa arloko oinarrizko prestakuntza eskainiko die. Horrekin batera, Urbegik Enkarterrietan garatu daitezkeen produkzio prozesuak identifikatuko ditu. Proiektu horiek sakon aztertu ondoren 6 enpresa sortu nahi ditugu, eta hautatutako pertsona horiek partaidetza izango lukete enpresaren jabetzan. Urbegi bazkide minoritarioa izango litzateke bizpahiru urtez, eta hortik aurrera langileei eskainiko lieke enpresaren erabateko jabe izateko aukera.

 

Lankidetza publiko-pribatuaren eredu on bat da beraz. Nolako emaitzak espero dituzue?

Proiektu hau aurrera eramateko, lehenbizi hitzaldi informatiboak ematen ari gara Enkarterrietako herrietan. Aurkezpenak amaitutakoan aukeratuko ditugu enpresa proiektu partekatu bat burutzeko egokienak iruditzen zaizkigun 15 lagunak.

12 proiektu inguru aztertuko ditugu pertsona horiekin eta horietatik 6 aukeratuko ditugu gero beste hainbeste enpresa sortzeko, baina gutxienez 5 pertsona enplegatu beharko dituzte lehen egunetik eta hazkunde potentziala eduki behar dute.

 

Erronka ilusionagarria, zalantzarik gabe. Zer egin behar dute zuen laguntza jaso nahi duten ekintzaileek?

15 hautatuen artean egon ahal izateko lehenbizi izena eman behar da http://enkarterri.urbegi.com/ webgunean. Norbaitek ezin badu, dei dezala 946801934 telefonora. Hori bai, proiektua Enkarterrietako biztanleei soilik zuzendurik dago.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow