Ikuspe Sormen Estudioa: Ixone eta Elene “une eta toki aproposean” zeuden

23 October, 2016

Esan digutunez, “une eta toki aproposean zeuden”. Web eta Multimedia master bat bukatzen ari ziren, Argitalpen Inprimatu eta Multimediako Diseinu eta Ediziorako goi-mailako zikloa egin ondoren. Ixone Galarraga eta Elene Larrañaga ekintzaile bihurtu ziren, “ilusioz eta gogoz abiatu zirelarik ikasitako horri buruz gehiago ikasteko eta arlo horretan lan egiteko”.  

Tknikak Ceinpro enpresari deitu zion eta proposamena egin zion Urratsbat ekintzailetza-programa hasi berriaren proiektu berri batean parte hartzeko: “Programa horrek lagundu zigun lehen urratsak ematen eta enpresa bihurtzen. Horretarako, zentroko tutore baten laguntza izan genuen gauza guzti-guztietan babestu gintuena, eta baita ere aholkulari batena, merkatu-azterketa egitean gurekin izan zena”.

 

 

Zergatik jarri zenuten martxan Estudio bat? Zein izan zen ekintzaile bihurtu eta Ikuspe eratzeko arrazoi nagusia?

Geure enpresa irekitzeko arrazoi nagusia zen bagenuela ilusioa eta gogoa ikasteko eta ikasitako horretan, hau da, diseinu grafikoan eta multimedia arloan lan egiteko. Bestalde, kasualitatea ere izan zen; esan ohi den bezala, “une eta toki aproposean” geunden.

Proba pilotu gisa, Urratsbat programaren bitartez hasi ginen Tknika-Lanbide Heziketako Berrikuntza Zentroarentzat lan egiten, hura ere ireki berria baitzen. Papergintzaz, seinaletikaz eta orduan eskaintzen ziren e-learning ikastaroen diseinuaz eta garapenaz arduratu ginen. Pixkanaka, gaur egun Ikuspe dena hasi zen gorpuzten, sormen estudio txiki bat.

Oso ongi moldatu ginen elkarrekin lehen egunetik. Bagenuen gogoa proiektu berriak sortzen hasteko eta ikasitako guztia praktikan jartzeko.
Ez genuen ezer galtzeko, eta dena irabazteko… 😉

 

 

Nortasuna, diseinu grafikoa, web eta multimedia… Nolako jarduerak garatzen dituzue normalean?

Gure jarduera nagusiak diseinua eta sormena dira. Hortik aurrera, ildo bat baino gehiago jorratzen ditugu:

 

Nortasuna:
Enpresa, erakunde, zerbitzu, produktu, pertsona, ekitaldi, eta abarren ikusizko nortasuna sortzen dugu. Logotipoak eta nortasun gidaliburuak garatzen ditugu, bertan jasoz marka bat erabili eta erreproduzitzean kontuan hartu behar diren alderdiak, lana publiko zehatz bati zuzenduz. Hala, nortasuna eta izaera ematen dizkiogu markari, eta horrek balioa eta presentzia ematen dizkio.

 

Diseinu grafikoa eta editoriala:
Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du, eta hitzek markarekin batera bizi behar dute; hori da egiten duguna, erantzuna ematen diegu edozein proiekturen komunikazio premiei. Markak era guztietako euskarritara egokitzen ditugu. Hasi paperetik eta pantailara, edo ibilgailu eta eraikinetara.

Hainbat komunikabidetako publizitatea kudeatzen dugu, eta ideiak diseinatzen eta sortzen ditugu ekitaldietarako eta kongresuen standetarako. Era guztietako foiletoak, aldizkariak eta liburuak diseinatzen eta maketatzen ditugu. Espazioak errotulatzen eta janzten ditugu sentsazioak transmititu ditzaten. Produktu fisikoak ere janzten ditugu, nortasuna emateko (packaging-a).

 

Multimedia:
Esan ohi den moduan, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du, baina irudi horri mugimendua eta mila hitz erantsiz gero, emaitza sekulakoa izango da.

Aurkezpen interaktiboak, era guztietako bideo piezen produkzioa eta edizioa, ikus-entzunezko erreportajeak, plataforma anitzeko APPak, modelatua eta 3D animazioa, banner-ak…

 

Web inguruneak:
Ezaugarri desberdinetako webgune eta inguruneak sortzen ditugu, markek Interneten ere komunikatu dezaten. Sarea leku guztietan dago gaur egun, eta edukiak egokitu egin behar dira euskarri desberdinetara, eraginkortasunik galdu ez dezaten. MicroSite-ak sortzen ditugu produktu eta sustapen kanpaina puntualetarako, denda birtualak ere bai, sare sozialak kudeatzen ditugu, email marketing kanpainak egiten ditugu, eta askoz gehiago!

 

 

Eta bezeroen profila? Zein sektoretara zuzentzen zarete bereziki?

Nahiko profil anitza dugu: autonomoak, elkarteak, enpresa txiki, ertain eta handiak. Baina, batez ere, Lanbide Heziketako (LH) zentroekin eta sektore horrekin lotura duten erakundeekin lan egiten dugu. Izan ere, Tknika zentroarekin ekin genion gure bideari, eta hark Euskadi osoko zentroekin koordinatzen ditu proiektuak. Horri esker, guk ere aukera izan dugu zentro horiekin proiektuak garatzeko eta lotura estuak sortzeko.

 

 

Hezkuntzaren esparruan irakasleei zuzendutako zerbitzuak proposatzen dituzue…

Hala da, bai. Esan bezala, gure enpresa hezkuntzaren eta ikaskuntzaren munduari lotuta garatu da. Horri esker, sektorean errotu gara, hezkuntzarako material eta tresnak sortuz.

Edukien maketazio zerbitzuak eskaintzen ditugu hainbat euskarritan, adibidez, paperean edo liburu interaktiboetan. Azalpenezko infografiak diseinatzen ditugu kontzeptu berriak barneratzeko, esaterako, gai bati buruzko datu asko bistaratzen dituzten aurkezpenak, eta ilustrazioak ere egiten ditugu testu asko duten edukiak janzteko.

Ikasgela birtualak egiten ditugu, Moodle plataforman edo neurrira. Bideo-lezioak grabatzen eta editatzen ditugu, eta tutorial formako bideo lagungarriak ere bai.

Zerbitzu hori ez da mugatzen soilik ikastetxeetako irakaskuntzara, zeren prestakuntza edonon jaso baitaiteke. Enpresa pribatuetan ere lan egin dugu, ikastaroak antolatu ditugularik langile sartu berrientzat eta baita ere langile zaharrentzat, beren ezagutzak eguneratu ditzaten (etengabeko hobekuntza programak).

Museo batzuetan gidaliburuak eta haurrentzako material hezitzaileak diseinatu ditugu, bisitan datozen haurrek ikas dezaten.

Eta, azkenik, aipatzekoa da APP bat garatu dugula ume txikiekin euskara praktikatzeko; zenbait udalek oparitu egiten diete guraso berriei, liburu batekin batera.

Gure esperientzia guztia kontuan hartuta, esan genezake ongi ezagutzen ditugula sektorearen premiak, eta horregatik eskaintzen ditugu hezkuntza sektorerako espezializatutako zerbitzuak. Baina ateak zabalik ditugu, gustatzen zaigu mundu berrietan sartzea eta jarduera berriak ezagutzea, diseinuarekin gozatzen jarraitzeko, gauza berriak sortzeko eta emaitza berriak aurkitzeko.

 

 

Egia da bai, zuen web orrian diozue “erronkak” gustatzen zaizkizuela: “Argi eta garbi hitz egiten dugu, entzuten dizugu eta konfiantza dugu zugan…”

Asko gustatzen zaigu egiten duguna; horregatik, hurbiltasuna eskaintzen dugu, bezeroak ere gurekin goza dezan eta gustura geratu dadin emaitzarekin. Adibidez, urtearen hasieran egutegi sortzaile eta desberdin bat oparitu genien gure bezeroei, urtea amaitutakoan beste funtzionaltasun bat izan zezakeena (gure blogean ikus dezakezue: http://ikuspe.com/blog/).

Gainera, gure bezeroaren premiak ezagutu nahi ditugu; horregatik entzuten diogu, eta konfiantza dugu esaten digun horretan. Bestalde, hark gu ongi ezagutzea nahi dugu, bere marka zer den guri azaltzea, guk uler dezagun eta proiektuaren parte senti gaitezen.

Dena den, enkargu berriak ere gustatzen zaizkigu, aurpegi eta marka berriak, alegia. Sortzea gustatzen zaigu… Baina, erronka berriek ez gaituzte beldurtzen.

 

 

Mundu osoko enpresa edo erakunde bat aukeratu behar bazenute harekin lan egiteko, zein izango litzateke? Nolako kanpaina egin nahiko zenukete?

Oso zaila iruditzen zaigu enpresa edo erakunde zehatz baten izena ematea. Oso argi daukagu esperientzia zirraragarria izango litzatekeela; sekulako erronka litzateke mundu osoan ezaguna den enpresa batekin lan egitea, eta gure lana mundu osoan erakustea.

Gustatuko litzaiguke kanpaina bat egitea profil eta espezialitate desberdinetako profesional askorekin lan egiteko. Asko ikasiko genuke esperientzia horretatik, diseinatzaile hobeak izango ginateke.

Badugu ilusio berezi bat, gustura onartuko genukeen erronka bat: musikariren baten kanpaina diseinatzea. Maite dugu musika, egun osoan entzuten dugu bulegoan, lanean ari garenean; aurrera egiteko behar dugun gasolina da. 😉
Asko gustatuko litzaiguke artista ezagun baten irudi osoa, merchandising-a, weba, eta abar diseinatzea, adibidez Bob Dylanena edo Crystal Fighters taldearena.

 

 

Tknika-Belabaratz haztegian zaudete, nolako laguntzak jaso dituzue? Zein aukera sortu dira ingurune horretan? 

Aurtengo maiatzean etorri ginen hona, eta oso pozik eta eroso gaude. Eraikina Tknika zentrotik oso hurbil dago, eta ikaragarri laguntzen digu. Asko daukagu eskertzeko, egunero laguntzen digulako, eta aurrera jarraitzeko erraztasunak ematen dizkigulako. Gurekin hasieratik egon diren hainbat lagun aipatu nahi genituzke hemen: Axun Larrañaga, Urratsbat programan lehenengo urrats handiak ematen hasi zena, beti esaten dugun bezala, gure ama izan baita Jon Labakarekin batera, Tknika zentroko zuzendaritzako kidea eta gure zentroko irakasleetako bat; eta nola utzi aipatu gabe Luis Pozo, Leire Gastezi eta Zigor Astarbe, oraindik orain lagun ditugunak eta, behar dugunean, laguntza handia ematen digutenak.

Zorionekoak gara gure espazioa beste enpresa ekintzaile batzuetako kideekin partekatzen dugulako, ezagupidea egin dugulako eurekin eta kafea hartu bitartean esperientziak partekatzeko aukera dugulako. Hona hemen enpresa horietako batzuk: Domotek (3D inprimaketa), Nymphalur (Tximeletategi Akuaponikoa) eta Wood&Nika (laserrarekin markatutako zurezko produktuen diseinua).

Gainera, asko gustatzen zaigu enpresa txikiekin kolaboratu eta emaitza handiak eskaintzea, beraz, zenbait lan egin ditugu elkarrekin. Adibidez, egutegi bat diseinatu genuen Wood&Nika enpresarekin, zeinak material berriak eta diseinurako euskarri berriak deskubritzen lagundu baitzigun. Bestalde, duela hilabete Nymphalur enpresako adiskideei lagundu genien Expogrow 2016 azokan aurkeztu zuten standa egiten.

 

 

Info +: www.ikuspe.com
Bisitatu bloga ere: www.ikuspe.com/blog

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow