Ikusirik nolako arrakasta bildu duen 1. edizioak, beste 10 enpresa handik parte hartuko dute startupak azeleratzeko BIND 4.0 programa publiko-pribatuaren bigarren deialdian

5 May, 2017

Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburuak, beraizik azpimarratu du ekimenaren lehen edizioan parte hartu duten 11 startupen talentua. “Ekintzaile-enpresari edo enpresari-ekintzaile zareten aldetik, animatu zaitezte gizarte honen erreferentziazko eragile bihurtzera”, esan du Tapiak.
 
Datorren uztailaren 3an plazaratuko da nazioartean BIND 4.0 programaren 2. edizioa, zeinaren helburua baita mundu osoko startupak atzematea. Hautagaitzak aurkezteko fasea irailaren 15ean bukatuko da.
 
Hala, dagoeneko 25 dira programa honekin kolaboratzen duten enpresak: iazko deialdiko 15ak eta aurtengo edizioko beste 10ak.
 
Gaur aurkezpen-jardunaldi bat egin da Arabako Teknologi Parkean, BIND 4.0 startupen azeleragailu publiko-pribatuaren lehen edizioko emaitzen berri emateko. Ikusirik 1. edizioak bildu duen arrakasta, beste 10 enpresa handik bat egingo dute ekimen honekin, zeinak helburutzat baitauka Euskadi ekintzailetza aurreratuaren munduko mapan kokatzea eta lurralde erakargarri bihurtzea talentua eta berrikuntza erakartzeko bertako industria-sarearen zerbitzura.
 
41 herrialdetako 257 enpresa aurkeztu ziren BIND 4.0 programaren lehen ediziora, eta horietatik 11 startup aukeratu ziren, zeintzuek 16 proiektu garatu baitituzte Euskadin finkatutako konpainia industrial handientzat. Azken urtea elkarlanean igaro duten startup eta enpresa industrial handi horiek Arabako Teknologi Parkean aurkeztu dituzte gaur lankidetzan garatu dituzten proiektuak, Arantxa Tapiak –Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburuak- inauguratu duen Demo Day jardunaldian.
 
Sailburuak beraizik azpimarratu du BIND 4.0 programako lehen 11 startupen talentua. “Ekintzaile-enpresari edo enpresari-ekintzaile zareten aldetik –batak ez baitu bestea kentzen-, animatu zaitezte gizarte honen erreferentziazko eragile bihurtzera. Izan zaitezte eragile-ekintzaile edo eragile-enpresari, lehenik zuen proiektuak eta lan-egoera finkatzeko, eta ondoren beste urrats bat emateko aberastasuna eta etorkizuneko enplegu berriak sortzeko bidean”, nabarmendu du Tapiak. Sailburuak beste mezu argi bat ere helarazi die startupetako ekintzaileei: “Industria zuen zain dago”, adierazi du.

 

Aitor Urzelaik, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendariak, positiboki baloratu ditu lehen edizioaren emaitzak, eta BIND 4.0 programaren bigarren edizioaren aurrerapen txiki bat egin du, hainbat nobedade baitakartza berekin. Garrantzitsuena da ezen, ikusirik programa aitzindari honen lehen edizioaren emaitzak (hots, startupek enpresa kolaboratzaileentzat garatu dituzten 16 proiektuak), Euskadin finkatutako beste 10 konpainia industrial handik erabaki dutela BIND 4.0 programaren bigarren edizioan parte hartzea. Zehazki, hauek dira startup azeleragailu publiko-pribatuarekin bat egingo duten sektore industrialeko enpresa berriak: Arcelor Mittal, Sener, Elecnor, Gestamp, Sidenor, Aernnova, alegría-activity.com, Batz, Elay eta RPK.

Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekintzailetza industrial aurreratuko ekimen honen lehen edizioan enpresa hauek parte hartu dute: ABB, CAF, CIE Automotive, Danobat Group, Euskaltel, Fagor Ederlan, Grupo Maier, Grupo Alcor, Grupo ULMA, Iberdrola, ITP, Mercedes-Benz Vitoria, Michelin, NEM Solutions eta Repsol-Petronor. Eta, hain zuzen, 11 startupek eurentzat ad hoc garatu dituzte 16 proiektu edo konponbide berritzaile horiek.
 
Konpainia industrial berriekin, 25 izango dira BIND 4.0 programaren bigarren edizioan kolaboratuko duten enpresak. Konpainia industrialen kopurua handitzeaz gain, bigarren deialdiak ahalegina egingo du 4.0 startup industrial onenak atzemateko. Horretarako, atzemate-estrategia indartsuagoa abiaraziko da teknologikoki lehentasunezkoak diren esparruetan eta jomuga-merkatu bat dutenetan.
 
Azeleragailu publiko-pribatuaren bigarren edizioan laguntza-zerbitzu berriak ere eskainiko dira. Horretarako, hainbat topaketa presentzial egingo dira enpresekin “matching” prozesua bideratzeko (proiektu berritzaileak identifikatzea Euskadin finkatutako konpainia industrialentzat), laguntza teknikoa emango da enpresa eta startupen arteko “matching” prozesu horretarako, laguntza emango da koordinazio-lanetarako eta atzerriko startupei harrera egiteko, eta prestakuntza-jardunaldi esklusiboak antolatuko dira BIND 4.0 programan kolaboratzen duten enpresentzat.

 

Datorren uztailaren 3an plazaratuko da nazioartean programaren bigarren edizioa mundu osoko startupak atzemateko. Hautagaitzak aurkezteko fasea irailaren 15ean bukatuko da. Abenduaren 15ean egingo da startup parte-hartzaileen lehen aukeraketa. Eta 2018ko urtarrilaren 12an hautatutako enpresa gorakorren harrera- eta aurkezpen-jardunaldia egingo da. Ekainaren 15etik 29ra garatuko da programa eta, azkenik, datorren urteko uztailaren 6an egingo da BIND 4.0 programako bigarren deialdiaren emaitzak aurkezteko jardunaldia edo Demo Day topaketa, gaur Arabako Teknologi Parkean ekintzailetza-programa honen lehen edizioko startupekin egin den moduan.
 
Balio erantsia duen enpresa azeleragailua
 
BIND 4.0 programa Basque Industry 4.0 estrategiaren barnean kokatzen da, hots, Eusko Jaurlaritzak industria-sektorea bultzatzeko egin duen apustu estrategikoaren barruan. Publiko-pribatua izatea da enpresa-azeleragailu honen ezaugarri garrantzitsuenetako bat, posible egiten duelarik startupen eta Euskadin finkatutako enpresa industrial handien arteko elkarlana. Nabarmentzekoa da, bestalde, ikuspegi globala duela, nazioarteko talentua atzematen duelako eta izaera sektoriala duela, 4.0 industrian zentratzen delako. Ezaugarri horiek aipatu ditu Aitor Urzelaik –Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendariak- BIND 4.0 programa definitzeko.
 
Urzelaik orobat nabarmendu du programaren “balio erantsia”, beste enpresa-azeleragailu batzuengandik bereizten duena: “BIND 4.0 programak beste edozein azelerazio-programak eskaintzen dituen zerbitzuak eskaintzen ditu: lanerako espazioak, tutoretza, networking saioak, laguntza ekonomikoak, ekitaldi garrantzitsuetan parte hartzeko aukera startupek ikusgarritasuna izan dezaten, e.a. Baina BIND 4.0 programak badu elementu bereizgarri bat, aukera ematen baitie startupei beren talentua erakusteko konpainia industrial handien aurrean. Horixe da ekimen honen balio handiena”.
 
Zenbakitan, Europa, Afrika, Amerika eta Asiako 41 herrialdetako 257 enpresa aurkeztu ziren BIND 4.0 programaren lehen ediziora. Horietatik 52 onenak aukeratu ziren “pitching” fasera igarotzeko. Bigarren fase horretan, enpresa industrial kolaboratzaileek aukera izan zuten aurre-hautaketako 52 konpainiak ezagutu eta ebaluatzeko, eta une horretantxe egin ziren enpresa gorakorren eta industria kolaboratzaileen arteko bikoteak. Emaitza: 11 startupek 16 proiektu garatu dituzte, eta Urzelaik esan duenez, “proiektu bakoitzak batez beste 50.000 euroko fakturazioa izan du”.