Iker Larrañaga, NERIS: finantza eta diruzaintza arloko behin betiko konponbidea nazioartean zabalduta dauden enpresa-talde eta ETEentzat

29 October, 2016

Neris enpresak 2014ko martxoan hasi zuen bere jarduera. Iker Larrañagaren (bazkide fundatzailea) eta talde sustatzailearen esperientziatik sortu zen, kualifikazio eta eskarmentu handiko talde bat osatu zutelarik enpresa-kudeaketako eta finantzetako softwarea garatzeko. Sektoreko hainbat enpresa-taldetako kudeaketa arazoei aurre egin eta lan asko egin ondoren, elkartu eta proiektu honi ekin zioten.  

Neris enpresak helburutzat dauka kudeaketa finantzario eta estrategikoko zerbitzua eskaintzea nazioartekotutako enpresa talde edota ETEei. Eskaintzen duen konponbidea kontularitza-, finantza- eta diruzaintza-plataforma batean oinarritzen da, zeinak goi-zuzendaritzarako informazio analitikoa hobetzen eta kontularitza prozesuak optimizatzen baititu.

 

 

ETEei zuzendutako finantza konponbide espezifiko bat garatu duzue, merkatuan dauden beste produktu batzuetatik bereizten dena. Zein arazo konpontzen ditu?

Gure tresnak bereziki pentsatuta daude enpresa taldeetako finantza-zuzendariaren lana errazteko.

Neris lehendik instalatutako ERPak osatzen dituen software bat da, eta bere balio nagusia da gai dela kontularitzako eta diruzaintzako informazioa automatikoki integratzeko, homogeneizatzeko eta bateratzeko, informazio hori konparagarri bihurtuz. Gainera, taldearen, matrizearen eta filialen finantza reporting-a sortzen dugu, erabakiak errazago hartzeko.

Nazioartekotutako enpresetan nabarmentzen gara gehien, dagoeneko konpondu ditugulako hizkuntza, kontularitza-plan, txanpon (eta horien kotizazio) eta kontularitza-ohitura desberdinek dakartzaten zailtasunak; hala, asteak behar zituzten prozesuak minutu batzuetara murriztu ditugu, denbora hori balioa sortzen duten jardueretan baliatu ahal izateko, esaterako, analisian eta estrategian.

Horrez gain, baita ere eskaintzen ditugu erabileraren arabera ordaintzeko (SaaS) konponbideak eta Cloud teknologia, kostuak murriztuz, inbertsioa desagerraraziz eta IT kudeaketa sinpletuz.

 

 

NERIS tresnei esker, posible da enpresako lan zentro guztietan gertatzen ari denaren ikuspegi integrala izatea, edonon kokatuta daudela ere…

Hori da, bai, ideia fidagarri bat lortzen da filial bakoitzean gertatzen ari denaz, edozein dela ere bere kokalekua edo erabiltzen duen ERPa. Gainera, enpresa talde osoaren irudia ere ematen du.

Horri esker lortzen da:

  • Kontrol handiagoa
  • Aurreikuspen gehiago eta hobeak
  • Lan gutxiago
  • Emaitza hobeak
  • Lehiakortasun hobea

 

 

Merkaturako daukazuen eskaintzan hiru software produktu, bi plataforma eta konponbide oso bat emateko beharrezkoak diren zerbitzuak sartzen dira.

Neris Financial da informazioa bateratzeko, finantzak planifikatzeko eta Business Intelligence-rako darabilgun tresna. Gure produktu izarra da.

Neris Financial tresnan aurkezten dugu taldearen informazio bateratu guztia, txosten dinamikoen bidez azalduta. Txosten horiei esker sakon aztertzen dira datu guztiak, hau da, bertatik bertara eskuratzen da erabaki egokiak hartzeko behar den informazioa.

Gure eskaintza indartzeko, baditugu eguneroko lanerako pentsatutako 2 tresna: Neris Treasury eta Neris Accounting. Bi tresna horiekin eguneroko diruzaintzaren kudeaketa eta kontabilitatea eramaten dira, eraginkorrak ez diren prozesuak automatizatzen dira eta egunero behar den informazio guztia aurkezten da.

Denak dira enpresa-taldeentzat pentsatutako produktuak, hau da, beraizik pentsatuta daude enpresa, hizkuntza, eta txanpon anitz barne hartzeko eta munduko edozein tokitatik irisgarri izateko.

 

 

Datuak elkar konektatzeaz ari garenean, Cloud Teknologiez ari gara gaur egun. Halere, enpresa askok zalantzak dituzte informazioaren segurtasunaren inguruan…

Lehenik eta behin, argitu nahi nuke dagoeneko denok erabiltzen dugula teknologia hau gure bizitza pertsonalean eta enpresan, denok erabiltzen ditugulako posta elektronikoa, Office 360, banka elektronikoa, Dropbox, iCloud…

Arazo handiena kultura aldaketan dago. Teknologia enpresetara iritsi zenetik, informatikarekin lotutako guztia enpresa barruan kudeatzen da, eta logikoa denez, hasieran beldurra ematen du lan egiteko modu hori aldatu behar izateak.

Baina, praktikan, jakin behar dugu Cloud hornitzaile guztiek segurtasun, erredundantzia eta kopia kontuetako teknologia onenak dituztela, eta, oro har, enpresek izan ditzaketenak baino askoz maila altuagokoak direla. Cloud hornitzaileak espezialistak dira informazioa zaintzen, baina enpresetan baliabide informatikoak zeregin bat baino ez dira, eta sekula ez zeregin nagusia.

Gainera, lehiakor izateko detaile guztiak zaindu behar diren garai honetan, horrelako teknologiek aukera ematen dute dirua aurrezteko, baliabide informatiko eta langile kualifikatu gutxiago eskatzen dituztelako.

 

 

Nerisen hastapenak Arabako Teknologi Parkean kokatzen dira; ingurune egokia zuen jarduerarako…

Parkea aukeratu genuen, inguruko enpresek profil teknologikoa dutelako eta kokapen egokia delako. Uste dugu horixe dela gure kokaleku naturala.

Gainera, geografikoki oso hurbil gaude Gasteiztik, Bilbotik eta Donostiatik, oso ongi komunikatuta gainera, eta behar ditugun zerbitzu guztiak dauzkagu.

 

 

Espazio horretan, laguntza instituzionala jasotzeaz gain, sinergia interesgarriak sortzen dira.

Saiatzen gara ATPk proposatzen dituen jardueretan aktiboki parte hartzen. Batetik, asko aberasten gaituztelako, eta bestetik, aukera ematen digutelako gure inguruan gertatzen denaren berri izateko.

BIC Arabak eta SPRIk oso ongi tratatu gaituzte: laguntza instituzional handia eskaini digute, eta aukera eman digute gure enpresa ikusarazteko balio duten ekitaldietan parte hartzeko. Gainera, beren ateak ireki dizkigute, eta ate horietatik hainbat enpresarengana iritsi gara; euren laguntza gabe sekula ez ginatekeen iritsiko, edo iritsi bai, baina denbora eta ahalegin handia beharko genukeen.

 

 

Lankidetza lagungarri da: partner asko dauzkazue, esperientzia partekatzen duzue haiekin, eta zerbitzu handiagoa eta hobea sortzen duzue zuen bezeroentzat.

Gure negozio ereduaren zutabe nagusietako bat dira partner-ak. Kontu handiz aukeratzen ditugu kolaboratzaile berriak, badakigulako gure proiektuak aurrera eramateko beharrezkoa dela eskarmentudun jendea, hau da, informazioa bateratzen dakiena eta hainbat enpresa edo herrialderekin sor litezkeen arazoak konpondu ditzakeena.

Uste dugu ezinbestekoa dela tresnak, esperientzia eta jardunbide egokiak bateratzea emaitza on bat lortzeko, eta horretarako egiten dugu lan egunero.

 

Info +: www.nerisglobal.biz

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow