Harvard Euskadira begira, Orkestraren 10. urteurrenean

23 November, 2016

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustuko Unibertsitateak bultzatuak)hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldia izan du gaur Donostian. Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela, Orkestra Kasuaren aurrerapena eskaini da bertan. Kasua Harvard Business Schoolek prestatu du eta Bostonen aurkeztuko da, egun gutxi barru. Ekitaldi honekin batera, Orkestrak gizartean gogoeta prozesu zabal bati ekin nahi dio, Euskal Autonomia Erkidegoak hurrengo urteetan aurrean izango dituen hamar erronka nagusien inguruan. Erronka horiek guztiek lehiakortasuna hobetzea dute helburu, ezinbestekotzat ikusten baita hori lurraldearen gizarte ongizatean aurrera egiten jarraitzeko.

Iñigo Urkullu lehendakariak “Orkestrari, Deustoko Unibertsitateari eta martxan jarri zuten pertsonei eta lehen hamar urte hauetan babestu dutenei” egindako eskertzara batu da. Lehendakariak baieztatu du, hau dela “ereduzko ekimen bat diagnosi partekatu, Estate estrategia eta kolaborazio publiko-pribatuaren ikuspuntutik”.

Ekitaldiaren inaugurazioan hitz egin dute, halaber, Ignacio Echeberria Orkestrako presidenteak eta Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak. Lehenengoak Orkestrak Euskal Autonomia Erkidegoaren eraldaketan izan duen egitekoa nabarmendu du; Errektoreak, bestalde, azpimarratu du Unibertsitateak egoki erabaki zuela, Institutua abian jartzerakoan, gizarte osoarentzat irekia izatea. Biek proiektuaren heltze eta sortze prozesua gogoratu dute. Bi urtez baino gehiagoz aritu ziren hizketan hainbat erakunde publiko eta pribatu, eta horixe da Orkestraren bilakaeraren gakoetako bat.

 

Harvardek Orkestra Kasua aztertu du

Hain zuzen ere, lurraldearekin konpromiso sendoa duten eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanerako eremua da Orkestra, eta horixe azpimarratu du Harvardeko Unibertsitateak Orkestra Kasua prestatzerakoan. Harvardeko Unibertsitateko kasuak ospe handikoak dira mundu osoan zehar. Eta Orkestra aztertu nahi izateak Institutuari babes handia ematen dio eta nazioartean duen kokapena izugarri indartzen du.

Orkestra Kasuan Harvardek beste elementu bat ere azpimarratzen du: garatutako ikerketa eredua.Nazioartean ez dago erreferentzia askorik ikerketa akademikoa, irakaskuntza eta lurraldeko eragileekin elkarrekintza uztartzeko moduari buruz. Horren inguruan hitz egin dute Orkestra Kasuaren egileek: Christian Ketels, Harvard Business Schooleko doktorea; Jesus Maria Valdaliso, Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna; eta Michael Porter irakaslea, Harvardeko Unibertsitateko katedraduna eta estrategia eta lehiakortasunean munduko aditu nagusietako bat.

Porterren hitzak bideo bitartez entzun ahal izan dira ekitaldian. Bere mezuan, Porter doktoreak azpimarratu du Euskal Autonomia Erkidegoan aspalditik ari direla lehiakortasunari lotutako ideiak, planteamenduak eta politikak garatzen. Apustu iraunkor horrek Orkestraren garapenari ere lagundu dio eta, horrela, Institutua, hamar urte hauetan, nazioartean erreferentzia bihurtu da. “Harro egon beharko zenukete Orkestrak Euskal Autonomia Erkidegoaren bilakaeran izan duen garrantziaz. Oparotasuna eraikitzeko lanean jarraitzera animatu nahi zaituztet”.

 

Etorkizuneko hamar erronkak

Orkestrak, 10. urteurren honetarako, “Normaltasun berri batera” manifestua prestatu du. Bertan, Euskadik aurrean dituen 10 erronka handiak identifikatu ditu, lehiakortasuna indartzen jarraitzeko eta, horrela, aurrerapen, ongizate eta gizarte kohesioa sendotzeko. Orkestrak identifikatu dituen etorkizuneko hamar erronka horietan garrantzitsuenetako bat da iristear diren erronka horiei emango zaien erantzuna lurraldeko eragile guztien artean, modu koordinatuan eta elkarrekin diseinatzea. Izan ere, helburua berbera da denontzat: Euskadiren lehiakortasuna indartzea, aurrerapen eta bizikidetzarako gizarte eremu bat eraikitzeko, lehiakortasuna ahalik eta pertsona gehienentzako ongizatea lortzeko bitartekoa dela ulertuta. Era berean, Karen Maguire ELGEko Eskualde Berrikuntzako zuzendariak datozen urteetako jokaleku globalaren ikuspegi bat eskaini du.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak eta Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko soziologoak solasaldia izan dute erronka horietako batzuen inguruan, bereziki prestakuntzari, enpresak antolatzeko eredu berriei edo lan harremanei lotutakoetan. Mari Jose Arangurenek azpimarratu du ekintzara igarotzeko unea iritsi dela. “Denbora luzea daramagu erronka horietako batzuei buruz hitz egiten, batzuetan ekimen txiki batzuk ere hasi dira abian jartzen, baina jarrera proaktiboa behar dugu, erronka horiei heltzeko”.

 

Gogoeta eta eztabaida prozesua

Ildo horretatik, Orkestrak hamar erronka handi horien inguruko gogoeta prozesu bati ekin nahi dio eta beste gizarte eragileekin batera egin nahi du hori. Horretarako, DeustoForumekin lankidetzan, hainbat ziklo eta topaketa antolatuko dira, hamar erronka horietako bakoitzean sakontzeko.

Lehenengo zikloak lehiakortasuna gizarte ongizatearen zerbitzura jarriko du lau saiotan zehar. Lehenengo saioa otsailean izango da. Matthias Firgo izango da hizlaria, Ikerketa Ekonomikoko Austriako Institutuko kidea, ongizatea eta lehiakortasuna bateratzen aditua. Bigarren hitzaldia martxoaren 30ean izango da. Mahai inguru bat antolatu da, eta bertan izango dira enpresak, hirugarren sektorea, erakundeak eta mundu mailako adituak. Hirugarren hitzaldia apirilean izango da. Eredu hori aplikatu duen eskualde aurreratu bateko esperientzia izango dugu aztergai, eskualde horretako erakundeetako goi ordezkari batek lagunduta. Azkenik, maiatzean, Euskal Autonomia Erkidegoaren ikuspegia landuko da eta, horretarako, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoak gonbidatuko dira.

 

ORKESTRA ETA CRECER+ BURUZ:

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua lurraldearen lehiakortasuna aztertzeko eta eztabaidatzeko zentroa da, 2006an sortua, Deustu Fundazioaren baitan. Bertako programa bat, “Crecer+” izenekoa, hazteko aukera handia duten proiektuen ekintzaileei eta enpresa berri berritzaileak finantzatzeko interesa izan dezaketen business angels-ei laguntzeko sortutako ekimena da.

Crecer+ Business Angeles-ek Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzailetza-ekosistema garatzen lagundu nahi du, herrialde hau toki erakargarria izan dadin proiektu berritzaileak dituzten ekintzaileentzat eta bizirik iraun dezan bertako ezaugarri den kultura ekintzaileak.

Ekintzaileen eta business angels-en finantza-itzulkina handitzen laguntzeaz gain, Crecer+ plataforma haien “gizarte-itzulkina” ere areagotzen ahalegintzen da, nazioko eta nazioarteko eragileekin lankidetzan tokiko ekosistema ekintzaile dinamikoagoa sendotzearen bidez. Crecer+ plataformaren helburu garrantzitsu bat da tokiko ekonomiaren eragile protagonistak orkestratzea, euskal lurraldearen gaitasun ekintzailea eta oparotasuna handitzeko.

Orkestrak egoitzak ditu Donostia eta Bilbo hirietan.
Info+: http://orkestra.deusto.es/bacrecermas/eu

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow