“Gure I+G interaktiboari esker, posible da analisi genetikoak etengabe hobetzea”

13 September, 2017

Adrián Odriozola, genetikako irakaslea eta KirolDNA enpresako zuzendari zientifikoa.

 

KirolDNA startup-ak analisi genetikoetan oinarritutako konponbide bio-teknologikoak sortzen ditu kirolaren mundurako. Proiektu hori 2016an sortu zen UPV/EHU zentroko spinoff gisa, eta bere berrikuntza maila handiari esker, Enpresa Ideia Onenaren Toribio Echevarria 2017 Saria irabazi zuen.

 

KirolDNA enpresan konponbide teknologikoak garatzen dituzue kirolarientzat. Zer da hori, zehazki?

 

Adrian Odriozola: Gure leloa da “osasun zientziatik kirol errendimendura”, eta hiru jarduera-eremu dauzkagu. Lehenengoa da kirolarientzako analisi genetikoak egitea, hau da, azterketa bat egiten dugu kirolariaren genetika ezagutzeko eta, azterketa hori oinarritzat hartuz, informazio baliagarria ematen diogu bere nutrizioa eta entrenamenduak pertsonalizatzeko edo lesio espezifikoak jasateko probabilitateak ezagutzeko. Horrelako analisiak garatzen eta merkaturatzen ditugu.

 

I+G interaktiboa ere egiten duzue, zertan datza?

 

Berau da bigarren jarduera-eremua eta berritzaileena. Ikerketa bat egiten dugu KirolDNA enpresako bezeroen parte-hartzearekin. Analisi genetiko bat egiten dutenean, posible dute beren informazio genetikoa anonimoki ematea, guk aukera izan dezagun ikertzen jarraitzeko. Hala, dohainik egin ditzakete normalean ordainduta egin behar izaten diren proba fisiko batzuk. Analisi horien bidez guk informazioa jasotzen dugu ikertzen jarraitzeko, eta bezeroek, berriz, beren osasun egoera ebaluatzen dute.

 

Eta zein da hirugarren jarduera-eremua?

 

Hirugarren eremu hori prestakuntza da, gure emaitzen erabilgarritasuna desberdina baita entrenatzaileak edo nutrizionistak bere praktika profesionala guk emandako informazio genetikora egokitzeko daukan gaitasunaren arabera. Gradu-ondoko ofizial bat antolatu dugu Euskal Herriko Unibertsitatearen bitartez, eta KirolDNAk kolaboratzaile bezala parte hartzen du. Genetikan eta nutriziorako nahiz kirol profesionalerako kimikan zentratutako gradu-ondoko bakarra da Estatuan.

 

Kirolari aplikatutako genetikaren esparrua hazkunde betean dago, zergatik?

 

Zientzia honek ez dauka ibilbide luzerik, 20 bat urte besterik ez, baina azken urteotan hazkunde esponentziala izan du. Eskabide handia dago kirolarien eta kirol arloko profesionalen aldetik eta, beraz, inbertsioa ere hazi egin da, interes komertziala handia delako. Gaur egun, gauza asko dakizkigu, kirolariek aprobetxatu ditzaketenak, baina interes horrek alderdi txar bat ere badakar berekin, inolako zorroztasunik gabeko analisi genetikoak saltzen dituzten enpresak sortu direlako. Arlo hau ez dago araututa oraindik, eta hori arazo bat da. Bestalde, badaude unibertsitateen laguntzarekin lan egiten duten erakunde serioak, baina kontuan izan behar da ikerketa bat egin, emaitza patentatu eta merkatura iristerako lauzpabost urte pasatzen direla, eta horrek ez dauka inolako zentzurik, genetikaren zientzia oso azkar baitoa aurrera. Horregatik, guk ez dugu patentatzen egiten duguna eta gaur emaitza bat lortzen badugu, erabiltzaileek bihar bertan aprobetxa dezakete.

 

Nolako aukerak zabaldu ditu genetikak kirol munduan?

 

Adibide bat jarriko dizut: bi laguni dieta bera jarriz gero, baliteke batek 10 kg galtzea eta besteak bakarra, nahiz eta biek adin, gorpuzkera eta estres-maila bera izan. Neurri handi batean, genetikaren ondorioa da hori, beraz, oso baliagarria izan liteke dietak aukeratzeko, entrenamenduak erabakitzeko edo lesioak saihesteko. Guk ikerketak egiten ditugu futbolari profesionalentzat, zeintzuentzat egun bakar bat geldirik egoteak milioi bat euroko galera ekar bailezake. Hori bai, ez dugu talentuak aukeratzeko lan egiten, hau da, ez dugu egiten analisi genetikorik norbait munduko txapeldun izango den jakiteko, ez dagoelako froga zientifikorik horretarako eta etikoki gaitzesgarria iruditzen zaigulako. Iritsi zaizkigu horrelako eskaintza komertzialak, baina gaur egun ezin da jakin norbait txapelduna izango ote den analisi genetiko batean oinarrituta, kiroletan beste hainbat aldagai baitaude tartean. Ez dago horrelako talentu konplexuekin lotutako faktore genetikoei buruzko froga zientifikorik.

 

Zeintzuk dira KirolDNA enpresaren hurrengo helburuak?

 

Crossfit produktu linea bat abiarazi dugu arestian, running eta txirrindularitzarako geneuzkanen modukoa. Orain arte garapenean eta ikerketan zentratu izan gara, sustapen eta banaketarako azpiegitura handirik gabe. Baina azken hilabeteotan inbertitzaile berriak batu zaizkigu, eta Estatuko zein nazioarteko banaketa enpresek beren interesa agertu digute. Interes eztanda horretaz jabeturik, eskaerari erantzuteko gaitasunak hobetzen ari gara. Espero dugu datorren urtean hasiko garela serioski nazioartekotzen.