Food Computer, etorkizuneko nekazaritza kode irekian

11 October, 2017

Crowdfunding kanpaina bat abiarazi da, proiektuaren gune bat sortzeko Gipuzkoan.

 

Personal Food Computer ekimena robotikoki kontrolatutako ekosistema bat da, zeinak aukera ematen baitu klima desberdinak erreproduzitzeko, hainbat alderdi aldatuz, hala nola, hezetasuna, tenperatura edota lurraren eta airearen osagaiak. MITeko Media Lab-en sortutako sistema horren helburua da beste nekazaritza modu batzuekin esperimentatzea, aplikazioak izango dituelarik elikadurari buruzko ikerketan, produkzio hiper-lokalean eta baita ere STEM arloko hezkuntzan.

 

Proiektua kode irekiko teknologietan oinarrituta dago, asmoa baita horrelako teknologiak esperimentatu nahi dituzten pertsona- edo kolektibo-sare bat sortzea eta sortutako ezagutzak partekatzea. Personal Food Computer sistemak hainbat aldagai kontrolatzen ditu: karbonoa, mineralak, tenperatura, landare bakoitzaren oxigenoa, eta abar. Hala, open source errezetak sor daitezke klima oso desberdinetako espezieak hazteko. Caleb Harper-ek, MITeko proiektuaren zuzendariak, TED hitzaldi batean azaldu duenez, “posible da landare bakoitzaren profila eskuratzea, profil horren bidez jakiteko noiz dagoen biltzeko prest, noiz iritsi den zuk nahi duzun nutrizio mailara, zein zapore duen, ur edo eguzki gehiegi jasotzen ari den, e.a.”.

 

Victor Barahona ingeniari gipuzkoarrak mikro-finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiarazi du Food Computer ekosistema txiki bat sortzeko Impact Hub Donostia gunean. Kanpaina hori Meta Gipuzkoa 2017 ekimenaren barruan kokatzen da, eta elkarrekin bultzatu dute Goteo.org-k (crowdfunding-erako sare sozialak) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, helburutzat harturik berrikuntza kulturaleko eta sozialeko ekimenak babestea.

 

Food Computer Gipuzkoa proiektuaren asmoa da metro kubiko bateko egitura bat eraikitzea, sentsorez hornitua, etengabe kontrola ditzan hazkuntzarako baldintzak. Gainera, proiektuak nekazaritza hidroponiko eta birsortzailearen printzipioak aplikatuko ditu, bertan eta merke produzitu daitezkeen nutrienteak erabiliz. Victor Barahonak bere kanpainan azaldu duenez, hezkuntza da proiektuaren lehen aplikazio-eremua, baina berdin erabil daiteke beste arlo batzuetan, hala nola gastronomian, aukera ematen baitu klima mota oso desberdinetako espezieekin esperimentatzeko.