Finantzaketa-bilaketa prestatzeko hiru iradokizun

14 October, 2016

Zenbait negozio abiarazteko ahalegin ekonomiko handirik behar ez bada ere, bereziki zerbitzuen sektorearekin loturiko negozioei eta liberal deritzen lanbideei dagokienez, ekintzaile askok baliabide ekonomiko garrantzitsuak konprometitu behar dituzte beren negozio-jarduerak martxan jartzeko, azpiegitura, makineria, materialak, produktuak eta abar erostea eskatzen duten zenbait inbertsio egin behar ohi baitituzte.

 

Inbertsio horiei aurre egiteko, kapitala eduki behar da, edo bestela, kapitala lortzeko modua bilatu behar da, ez dago beste aukerarik.

Eta nola bila dezakegu kapitala egungo egoera latzarekin?

Egia da ziurgabetasuna ez dela lagungarria baliabide ekonomikoak dituzten pertsonek baliabide horiek negozioak aurrera ateratzeko behar dituztenen eskura jartzeko. Alabaina, zenbaitzuek badakite krisialdi-egoeretan aukera interesgarriak atzematen, eta horrenbestez, asmamena zorroztu behar da, egungo egoera nolakoa den jakinda, sekulako aukerak eskaintzen dituela ere badakiten pertsona, entitate edota erakunde mota horiek identifikatzeko. Ez ahaztu krisialdietan aberastasunerako aukerek gora egin ohi dutela!

 

 

Proposatzen dizugun LEHEN iradokizun edo urratsa zera da, negozio oro bi finantzaketa motatan oinarritzen dela ulertzea: BEREZKOA eta BESTERENA; funtsen jatorriaren eta jabetzaren arabera sailkatzen dira.

Batetik, berezko finantzaketari dagokionez, enpresaren jabetzako funtsak dira, bazkideen kapital-ekarpenen bitartez hezurmamitzen direnak; itzultzeko eperik ez dute eta “etengabeko finantzaketa” ere baderitze.

Besteren finantzaketa, aldiz, negozioaren jabetzakoa ez den diru guztiak osatzen du. Epe jakin batean itzuli behar da eta bere denbora-sailkapenak, itzultzeko epean oinarrituta dagoenak, “epe laburreko eta luzeko” izena zehazten du, urte batetik beherakoa edota gorakoa dela adierazteko, hurrenez hurren.

Horrela, lehenenik eta behin zer finantzaketa mota behar duzun zehaztu behar duzu:

Zurekin elkartzen diren pertsonak -hots, zure negozioaren barruan egongo direnak- identifikatzen badituzu, proiektua aurrera eramateko “berezko funtsak” eratuko dituzu, eta negozioan sartzen diren pertsonek inbertsio-errendimendu jakin batzuk lortzea espero dute, eta, merkataritza-terminotan, dibidendu deritze errendimendu horiei. Horregatik, negozioa aurrera ateratzeko eta iraunkor bihurtzeko ardura ez ezik, denboran mozkinak sortuko dituela bermatzeko ardura ere izango duzu, bazkideen espektatibak bete daitezen.

Lehen kasuan, zure negozioan parte hartuko duten pertsonak eta enpresak dituzu, gehienak, bazkide ekonomiko gisa, baina bestelako profilak ere badaude, hala nola bazkide teknologikoak, teknikoak edota estrategikoak, besteak beste, egiten duten ekarpen motaren arabera; esate baterako, teknologia, makineria, materialak, giza kapitala edota merkataritza-funts eta bezero-zorro bat ekar dezakete, hutsetik abiatuta erraztasun handiagoz lan egiteko aukera izan dezazun.

Besteren finantzaketa lor badezakezu, baliabideak eskaintzen dizkizun entitate, enpresa edo partikularrak, segur aski, interes-tasa eta itzultzeko epe jakin batzuk aplikatuko dizkizu. Litekeena da interes-tasa zure negozioak izan dezakeen “arriskuaren” arabera aplikatzea; zure ibilbidea finkatuta badago eta merkatu egonkor batean lan egiten baduzu, negozioa abiarazten ari bazara baino aukera handiagoak izango dituzu negoziaziorako, eta honenbestez, eragiketetan abalatuko zaituen norbait beharko duzula ere argi izan behar duzu.

Bigarren kasu horretan, eragiketa zure negozio-profilaren arabera aztertuko da, hots, haren motaren arabera. Horrela, erraz ondoriozta daiteke finantzaketak baldintza mota jakin batzuk ezarriko dituela:

 

  • * Autonomoak eta Mikroenpresak

Lanbide liberalak, sektore tradizionalen bitartez autoenpleguan hasten diren pertsonak, normalean, berrikuntza-maila txikiarekin eta lehiakortasun handiarekin, hala nola, bulego bat, kafetegi bat, saltoki bat, edota tailer txiki bat.

 

  • * Ekintzaile bereizgarriak

Enpresa-munduan hasten direnean, agian ikuspegi eta misio argi eta garbi bereizgarriko eta oinarri teknologikoko eta bestelako oinarriko jarduerak eta produktu eta zerbitzu berritzaileak eskaintzen dituztenak ditugu; euren ikuspegi eta misioa asmo handiagokoak izan ohi dira, eta merkatu berrietan lan egin ohi dute.

 

  • * Bolumen ertain/altuko negozio tradizionalak

Jada finkatuta dauden esparruetan lan egingo dute, eta martxan jartzeko inbertsio garrantzitsuak eskatzen dituen merkatu-eskari posible bat betetzeko jomuga dute. Ekoizpen-esparruetan eta industria-zerbitzuetan lan egingo duten negozioak izan ohi dira; horrelako azpiegiturak dira, esate baterako, bezero asko lortzeko xedez lehian arituko diren hotelak eta saltoki handiak.

 

  • * Mikroenpresak eta hazten ari diren Enpresa Txiki eta Ertainak (ETE)

Jada denbora-tarte handia daramate merkatuan, lehen “kolpeak” jaso dituzte eta orain konpontzeko bidean daude, hobekuntza objektiborako eta finkapenerako bidean, hain zuzen. Beren merkatuko orbita iraunkorrean duten posizionamendua finkatzeko baliabideak behar dituzte, edo bestela, beren negozioak zehaztasunez proiektatzeko.

 

  • * Krisi-egoeran dauden negozioak

Beren konpromiso eta betebeharrei erantzuteko zaitasunak dituzten negozioak ditugu, posizionamendua galdu dutelako, kudeaketan, ekoizpenean, merkaturatzean edota kobrantzetan (besteak beste) gorabeherak izan dituztelako edota beren sektorea erabat nahasi delako, horren ondorioak nabarmenak izanik; eraikuntza-sektorea edota higiezinen sustapenak ditugu horien adibideetako zenbait.


 

BIGARREN iradokizunari dagokionez, zure proiektua behar bezala aurkeztea oso garrantzitsua da, proiektua nori aurkeztu behar diozun alde batera utzita, hots, bazkide potentzialei, inbertitzaileei edo bezeroei nahiz besteren finantzatzaileei.

Zure negozioa laburbilduta deskribatzen ikasi behar duzu, bideragarri eta denboran iraunkor bilakatzen duten zirkunstantzia nagusiak helaraziz eta gure hizketakideei modu erraz eta argian ulertzen lagunduta.

Nola egin?: “Elevator Pitch” deritzona praktika ezazu.

“Igogailuko mintzaldi edo elkarrizketari” hala deritzo, denbora-tarte justuan eta beharrezkoan, zure negozioaren funtsa bezero, inbertitzaile edo akzionista posibleari azaltzeko behar duzun formatu laburbilduan oinarrituta dagoelako.

UP Euskadi-ren beste artikulu batean azaldu genuen bezala, aurkezpen horrek argi eta garbi izan behar ditu honako oinarrizko alderdi hauek, gutxienez:

– Aurkezpen pertsonala eta lanbide-ibilbide laburbildua

– Aurkeztu beharreko proiektuaren jatorria

– Garatu beharreko jarduerak eta produktu eta zerbitzuen deskribapena

– Bezero motak eta gure produktu eta zerbitzuek ekartzen dituzten abantailak

– Lehiakideengandik bereizten gaituzten faktoreak

– Negozioaren eskalagarritasuna, 5 eta 10 urterako argazkia

– Inbertitzen dutenentzako mozkinak

 

Batzuen aburuz, Elevator Pitch deritzona epaimahai batean egin beharreko “azken azterketa” da, proiektuetarako finantzaketa bizkorra lortu baino lehenagokoa; alabaina, gutxieneko denbora-tarte bat beharko duen ibilbide baterako sarbidea baino ez da, eta hainbat ikuspegitatik ebaluatuko diren ekintzak gauzatuko dira ibilbide horretan, “ekintzailearen profil psikologikotik” hasita; horri dagokionez, askotan alderdi hori ez da behar bezala kontuan hartzen, gainditu beharreko erronka nagusia bada ere.

 

 

Horren ildotik, hona hemen gure HIRUGARREN iradokizuna: bazkide, inbertitzaile eta finantzatzaile potentzialek (besteak beste) ekintzailearen profil psikologikoa kontuan hartuko dute, eta horretaz gain, zure ahuleziak eta gaitasunak aztertuko dituzte, jarrera edo erreakzio posible ez oso positiboak eta zure abileziak edo jakintzak, hain zuzen ere. Beste modu batean esanda, agian zure proiektua ona da, baina espero diren balio pertsonalak eta jarrerazko balioak ezin badituzu gainditu, oso zaila izango da behar duzun laguntza lortzea.

MONDRAGÓN-en barruko Elkarbide Business Acceleration Center zentroa (www.elkarbide.com) dugu, hain zuzen ere, lankidetzan oinarritutako ekintzailetza sustatzeaz gain, alderdi horiek eta ekintzaileen garapenean eragina duten beste hainbat lantzen eta hobetzen laguntzen duten baliabideak eskaintzen dituen Euskadiko gizarte-sareetako bat. Zentro horren webgunean material interesgarriak argitaratzen dituzte, esaterako, “PSYCHTEST”, pertsonen ekintzailetza-ahalmena ebaluatzeko tresna bat, test modukoa eta “The entrepreneur next door” liburuaren egile Hill Wagner jaunarekin lankidetzan sortu zena.

Test horrek oinarrizko zazpi esparru biltzen ditu: Autosufizientzia, Kontzientzia, Jokabidea, Gizarte Abileziak, Optimismoa, Arriskuak Hartzea eta sareak sortzeko Abilezia. 12.000 test egin ondoren, PSYCHTEST-ek ezagutarazi du ekintzaileek biztanleria orokorretik argi eta garbi bereizten den profila izan ohi dutela, zehazki.
Honako helbide honetan eskura daiteke testaren bertsio laburbildu bat:
http://testyourself.psychtests.com/testid/3011

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow