Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean aurkeztu du 2020 Ekintzailetzako Erakunde Arteko Plan berria

2 October, 2017

EAEko 2020 Ekintzailetzako Erakunde Arteko Plan berria (EEP 2020) Legebiltzarreko kontseiluan aurkeztu du gaur Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, joan den ekainaren 27an Gobernu Batzordeak onartu ondoren.

Sail arteko eta erakunde arteko plana da, 16/2012 Legeari dagokiona (EAEko Ekintzaileei eta Enpresa Txikiei Laguntzekoa).

EEP 2020 planak jarraitutasuna ematen dio 2013-2016 Ekintzailetza Jarduerari Laguntzeko Erakunde Arteko Planari (EJLEAP). Plan horretan, lehen aldiz jaso zen EAEko ekintzailetzaren ikuspegi integral bat, honako hauen partaidetzari esker: Eusko Jaurlaritzako sail guztiak, EAEko udalak (EUDELen eta EAEko hiru hiriburuen bitartez), EAEko udalerrien toki-garapeneko agentziak —GARAPEN— eta beste agente garrantzitsu batzuk (agente finantzarioak, inbertitzaileak, enpresakoak, hezkuntzakoak eta sozialak) beste pertsona ekintzaile batzuen ordezkaritzarekin batera.

EEP 2020ren helburua da euren lehentasunen artean ekintzailetza jasotzen duten EAEko instituzio guztientzat lehentasunak planifikatu eta finkatzeko esparru komun bat izatea.

Ekintzailetzari laguntzeko 300 ekintza baino gehiago biltzen ditu, eta on line gordailu bakarra sortuko da UP Euskadi atari berrian.

EEP 2020ri lotutako aurrekontu publikoa, 2017an, 72,5 milioi eurokoa da. Hala, aurrekontu hori estrapolatuta eta 2020ra arteko gehikuntza-aurreikuspena kontuan izanda, 2017-2020 Planerako 295 milioi euroko aurrekontua aurreikusi da.

EEP 2020ren ekintzak eta aupadak ekintzailetza-ekosistema baten testuinguruan gauzatuko dira. EAEn, ekosistema horren bereizgarri da proiektuen biziraupen luzea: gizonak eta emakumeak prestatuta daude ekiteko; instituzioen etengabeko laguntza dago 80ko hamarkadatik; babesa ematen zaie askotariko ekintzailetza-kolektiboei; sektore pribatua gero eta interes eta babes handiagoa erakusten ari da.

Koordinazio operatiboko batzorde bat ezarriko da Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko ordezkariekin, SPRIrekin, eta BIC osoarekin; hau da, BIC Araba, BIC Bizkaia, BIC Bizkaia Ezkerraldea eta BIC Gipuzkoarekin, baita bereziki etorkizunerako ekimen berriak lantzeko sortutako lan-taldeekin ere.

Ekintzailetzaren etorkizuneko aupadak EAEn

Kultura eta balio ekintzaileak

Helburu estrategikoa: Sustatzea ekintzaileen kultura eta balioak gizartearen maila eta bizitzaren etapa guztietan, ziurtatuz herritar guztiek kontzientzia positiboa izango dutela ekintzailetzarekiko, etorkizuneko aukera erakargarritzat.

  1. Giza kapitalaren trebakuntza eta konexioa

Helburu estrategikoa: Giza kapital ekintzailearen trebakuntza indartzea (batez ere, hezkuntza-etapa guztietan), eta erraztea haren erakarpena, kontratazioa, mugikortasuna, elkarreragina eta konexioa ekintzailetza-aukera berriekin.

  1. Ekintzailetzaren iturriak eta ideiak

Helburu estrategikoa: Areagotzea masa kritikoa eta “kala” eta iturrietatik sortutako ideiak eta ekimen berriak, kolektibo ekintzaile bakoitzaren berariazko beharrei erreparatuta.

  1. Finantzaketa eta inbertsiorako lorbidea

Helburu estrategikoa: Sortu, abian jarri, hazi eta finkatzeko ahalmena duten proiektuetarako finantzaketa eta inbertsioa lortzeko hautabideak ematea.

  1. Merkaturako sarbidea

Helburu estrategikoa: Proiektu ekintzaileei merkaturako eta “lehen bezeroetarako” aukerak eskaintzea; bereziki, etorkizuneko RIS3 sektoreetan ahalmen handiena dutenei dagokienez.

  1. Laguntzako prozesuak, zerbitzuak eta programak

Helburu estrategikoa: Dauden laguntzako prozesuak, programak eta zerbitzuak egokitzea, erakunde arteko koordinazioaren eta lankidetzaren bitartez, herritar ekintzaileen beharretara.

  1. Zerga-sistema eta araudi erraztaileak

Helburu estrategikoa: Eguneratzea ekintzailetza-lanarekiko oztopoak ezabatzeko tresna fiskalak eta araudiak, EAE garapen fiskalaren eta araudi-arlokoaren erreferentzia gisa jarrita.

  1. Azpiegitura adimendunak

Helburu estrategikoa: Azpiegitura “adimendunak” izatea, proiektuak sortu, heldu, hazi eta finkatzen lagunduko dutenak.

  1. Ekosistemaren posizionatzea

Helburu estrategikoa: EAE posizionatzea “ekiteko toki egokitzat”, bai bertako herritarren artean, bai Estatuko eta nazioarteko beste ingurune batzuetan; gero eta osatuagoa, aktiboagoa, sinergikoagoa eta ezagunagoa izango den laguntzako ekosistema duen herritzat, hain zuzen.