Eusebio Puebla, “Pverde”. Enpresa gaztea, teknologiazale amorratua, eta aparkaleku eta sarbideen kudeaketan aditua

18 November, 2016

“Enpresa gaztea gara. Teknologiazale amorratuak eta adituak aparkalekuen kudeaketan. Gure ustez, “iraultza” bat behar da sektorean, erabiltzaileari balio proposamenak eta erosotasun handigoa emateko.

Mugikortasun sostengarria defendatzen dugu, dagoeneko existitzen diren aparkalekuen aprobetxamenduan (publikoak zein pribatuak) oinarritua, gure helburua baita gasen isuria murriztea.  

Bestalde, sinetsita gaude bizikletak mugikortasun elementu izan behar duela gure hirietan, eta defendatu egin nahi dugu zoritxarrez askotan jasan ohi dituen erasoetatik (lapurretak, bandalismoa edo aterperik eza).

Gustatzen zaigu honelakoak entzutea: erabiltzaile burutsuez osatutako komunitate adimendun bat sortu nahi dugu…”

 

Eusebio, nortzuk osatzen duzue enpresa? Zein da proiektuaren jatorria?

Enpresan hainbat bazkide gara: neu naiz gehiengoa duen bazkidea, kudeaketa eta aholkularitzako Baio 21 SL enpresako ordezkaria; gero Elson Electrónica S.A. dago, osagai elektrikoak ekoizten eta merkaturatzen dituen enpresa, pieza garrantzitsua “Pverde” sistema osoaren garapenean; Javier Garagalza da zuzendari teknikoa eta garatzaile informatikoa; José Cruz Moya, berriz, App-en garapenean espezializatutako ingeniari informatikoa; Peli Araluce estrategiaren arduraduna; Juan Ignacio Orcajo, ateen automatismoan espezializatutako informatikoa; Rufino Puebla, finantza arloko aditua; Alberto Guillén, abokatua; eta Arantxa Delgado Mendibe, biologoa.

Ikusten duzunez, bazkide asko gara, eta bakoitzak bere espezialitatearen araberako ekarpena egiten dio proiektuari.

Enpresa sortu genuen premia bat antzeman genuelako aparkalekuen kudeatzaile-langintzan, zehazki alokairu, baja, giltzen entrega, erabiltzaileen kontrol eta beste elementu batzuen kudeaketan.

 

 

“Pverde” sistema berritzaile eta praktiko bihurtu da aparkalekuak kudeatzeko.

Sistema hori geure aparkalekuetan probatu genuen lehenbizi. Oso emaitza onak lortu genituen, eta erabiltzaileek txera ona egin zioten. Dena den, egokitzapen prozesu bat behar da sistema berritzaile bat pertsonen eguneroko bizitzan sartzeko eta eguneroko errutinak ere aldatu egin behar dira.

Zerbitzuak ematen dizkiegu aparkatzeko tokirik ez duten hoteletako aparkaleku pribatuei, Jerez de la Fronterako errotazio-aparkalekuei, bulegoetako aparkalekuei, langileen erabilpen esklusiborako aparkaleku pribatuei Euskadin eta Nafarroan… Orobat zerbitzu ematen diegu auto-karabana aparkalekuei.

“Pverde” sistema baliagarria da baita ere hotel, aparkaleku turistiko eta pentsioetan, sarbideak eta ateak kontrolatzen baititu software eta hardware baten bidez; “Pverde” app tresnari esker, edozein produktu kudeatu daiteke modu sinple eta optimoan.

Proba pilotu bat garatzen ari gara Gasteizen, “laborategi-hiria” programaren barruan: sarbideak kontrolatzeko “Pverde” sistema duen bizikletentzako aparkaleku eramangarria. Duela aste gutxi hasi ginen, eta harrera bikaina izan dugu egunetik egunera ugaritzen ari diren bizikleta-erabiltzaileen artean.

 

 

Auto eta bizikletentzako aparkalekuen kudeaketan zentratzen da zuen jarduera, baina etxebizitza, ostatu eta bulegoetarako sarbideen kontrolean ere bai.

Esan bezala, adar horiek denak estaltzen ditugu.

Inguruko hiri gehienetan garatzen diren mugikortasun planen eskutik sortu zen gure proiektua, batetik, hirietan denbora asko galtzen delako aparkaleku bila, eta bestetik, bizikletaren erabilpena sustatu arren, txirrindulariek arazo handiak dituztelako, hala nola lapurretak eta aterpe gabezia.

Partner bezala kolaboratzen dugu Santanderko Unibertsitatearekin, eta “Mugikortasun” lantaldean parte hartu dugu Smart Green City proiektuaren barnean, Gasteizko Udalak gonbidaturik.

Ikuspuntu ekonomikotik, hiriek garaje plaza huts mordoa dauzkate denbora tarte zehatzetan, aprobetxatzen ez diren espazioak, alegia. Ibilgailu batek egiten duen gastuaren %8 aparkaleku bila dabilenean egiten du, eta, horrezaz aparte, kontuan hartu behar dira kutsadura horren ondorio negatiboak.

 

Eta existitzen diren baliabideen optimizazioaren ikuspuntutik?

Gure sistemak tresna bat sortu eta optimizatzen du organismo publiko eta pribatuentzat, beren baliabideak hobetu ditzaten eta emaitza positiboak lor ditzaten ingurumenean (motorrezko trafikoa murrizten da), mugikortasun arloan (hiriguneetako aparkaleku gabeziari erantzuten zaio eta bizikleten eta ibilgailu alternatiboen erabilera sustatzen da) eta baita ere mugikortasunaren analisian.

Garrantzi handia ematen diegu bizikletak aparkatzeko sareei. Eraikuntza enpresa batekin batera, bizikletentzako aparkaleku eramangarri eta modular bat garatu eta erregistratu dugu, aparkalekuak behar diren hiriko guneetan ezartzeko. Hala, bizikletak aterpe gabeziatik eta lapurretetatik babesten dira, horiek baitira bizikleten arerio handienak. Aparkaleku eramangarri horrek badauka baita ere barneko bideo-zaintza eta sarbideen kontrolerako “Pverde” sistema.

Bestalde, gure zerbitzuak eskaintzen hasi gara bulego eraikinetan; hemendik aurrera, errentariek beren langileak baimendu ahal izango dituzte eurek ezarritako ordu eta egunetan.

24 orduko harrera zerbitzurik ez duten hoteletan eta apartamendu turistikoetan, sistemak aukera ematen die bezeroei nahi dutenean iristeko, iristen direnean beren pasahitza emango zaielako baimenduta dauden egunetan sartu daitezen.

 

 

Zuen I+G+B lanak Berrikuntzaren B letrari ematen dio garrantzia.

Gure ingeniaritzako lantaldeak hardware eta software sistema konplexu bat garatu du deskribatutako eremu guztien kudeaketarako eta sarbideen kontrolerako.

Kontrol panel bat eskaintzen dugu bezero bakoitzak bere plazak, ostatuak, bulegoak, eta abar kudeatu ditzan. Eta hori guztia modu pertsonalizatuan.

Tresna praktikoa “Pverde” izeneko doako App bat da, zeinaren bidez erabiltzaileek baimendutako aparkaleku, bulego eta abarretako ateak ireki baititzakete. Gainera, App-ak ordainketa seguruko pasabide bat dauka hitzartuta La Caixa erakundearekin, beraz, erabiltzaileak ez ditu zertan kontuan hartu zerbitzu tradizionaletan kontuan hartu beharrekoak: tiketak, eskudirua, ilarak, eta abar.

 

 

Zein dira funtsean Pverde-k eskaintzen dituen zerbitzuak?

  • Erabiltzaileak erraz erabil dezake gure edozein tresnarekin “Pverde” aparkaleku guztietan.
  • Antzeko sistema batzuekin alderatuta, ekipoak eta ezarpena oso merkeak dira, beraz, jabeek aurrezki ekonomiko eta erabilgarritasun handia lortzen dute.
  • Segurtasun handiagoa ematen du, SARBIDEEN KONTROL SEGURUA duelako.
  • Business Intelligence eta Customer Profiling-a erabilpena optimizatzeko eta tarifikaziorako, Big Data baliatuz.
  • Kobrantza La Caixaren ordainketa-pasabide seguruaren bidez.
  • Komunikazio kanal bat: “push” mezuen bidez edozein jakinarazpen helaraz dakioke erabiltzaileari (ordutegiak, bonuak, garajeetako konponketa lanak, errepideetako lanak…).

 

Zerbitzu horiek abantaila handiak eskaintzen dizkiete erabiltzaileei, aparkalekuei eta gure hiriei.

Zerbitzu guztiak aplikazio bakar batean bilduta daudenez, praktikoa da erabiltzailearentzat, balizko bezero izan baitaiteke aplikazioan agertzen diren eremu guztietan. Espero dugu konponbide baliagarria izango dela hobeto kudeatzeko aparkaleku publiko eta pribatuen eskaintza eta aparkaleku eskaera, zeren batez ere hiri handietan oso kontu arazotsua baita. Dagoeneko existitzen diren baliabideak optimizatu behar ditugu, eta “Pverde” tresna aproposa izan liteke horiek guztiak azaleratzeko eta merkatuan sarrarazteko.

Gaur egun edozein hirik dauzka mugikortasun planak, eta bizikletaren erabilpena sustatzen badugu, gordelekuak (erabiltzen ez diren lokalak, proposatzen duguna bezalako aparkaleku eramangarriak…) eta ibilgailuentzako garaje plazak eskainiz, kutsadura gutxiagoko hiriak lortuko ditugu, eta horixe da, hain zuzen, Europa eskatzen ari dena.

 

 

Zuen ekimenak hainbat euskal erakunderen babesa jaso du. Duela gutxi, Basque Ekintzailetza Funtsaren laguntza ekonomikoa ere jaso duzue.

Enpresak funts propioekin ekin zion proiektuari 2014an, hardwarea eta softwarea garatu zituen, eta baita “Pverde” aplikazioa ere. 2015ean probatu egin genuen, eta ikusi genuen posible zela erakunde publikoek eskaintzen zituzten laguntza-planetan parte hartzea. BIC Araba zentroarekin harremanetan jarri ginen, gure proiektua azaldu genien, eta ikusi zuten bagenuela aukera Basque Funtsa gure kapitalean sar zedin eskatzeko. Primerako aholkularitza eta arreta eman ziguten hasieratik bertatik, eta horri esker errazago iritsi ginen Basque Funtseraino, hasiberriak baikinen diru-laguntza kontuetan.

Eskerrak eman nahi dizkiegu gure proiektuan sinesteagatik; guk, gure aldetik, lanean jarraitzen dugu aurrera egiteko eta hazteko.

 

 

Seguru baduzuela proiekturen bat buruan.

Proiektua bizirik dago, eta asko gustatzen zaigu hori. Bizikletentzako matrikula elektroniko bat garatu dugu, eta PiVi jarri diogu izena. Matrikula hori gure aplikazioan sartzean erregistratuta geratzen da eta erabiltzaileari bizikleta lapurtzen badiote, posible da “Pverde” aplikazioan aktibo dauden beste erabiltzaile batzuek lapurtutako bizikleta detektatzea haiengandik hurbil pasatzen bada. Orduan, jabeak “push” mezu bat jasoko du bizikletaren kokapenarekin.

Matrikula elektroniko horiei esker, eta PiVi detektoreak hirian bertan instalatuz gero, poliziarentzat ere errazagoa da lapurtutako bizikletak identifikatzea. Sare komertzialari dagokionez, bizikleta-denda espezializatuen bidez merkaturatzeko aukera aztertzen ari gara.

Gure aplikazioa aproposa da TAO eta AAO tasak ordaintzeko, eta dagoeneko hainbat Udali helarazi diogu proposamen hori, gure ustez erabilgarritasun eta aukera handiak dituelako.

 

Info +: www.parkingverde.com

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow