ELKARGI SGR berria ETE, autonomo eta ekintzaileen finantza aliatua izango da

4 January, 2017

Urtarrilaren 1ean ELKARGI SGR “berria” sortu da Oinarrirekin xurgapen bidez bat egin ondoren, eta operatibo dago jadanik. Bi Berme Elkarte horiek, 2016an bat-egite prozesu horren protagonista izan direnak, izen bakarraren azpian garatuko dute beren jarduera, lantalde bakarrarekin, bulego sare batekin eta marka bakar baten pean: ELKARGI.

Gaur abiatuko den bat-egitea irailaren 30ean berretsi zuten bi sozietateetako bazkideek Batzar Nagusian, eta orain atera da argitara, bi erakundeek aldeko txostenak eman ondoren.

ELKARGIko presidente Josu Sánchezen iritziz, “gertakari historiko baten aurrean gaude, mugarri bat ezarri duelako gure produkzio-sarearen finantzaketaren bilakaeran. Bat-egite hau albiste aparta da enpresari, enpresa eta autonomoentzat urte berriari hasiera emateko; bi Berme Sozietateen bat-egiteari esker finantza tresna berri bat sortu dugu, gure herriko enpresei finantzaketa egonkorra emango diena baldintza paregabeetan”.

Emandako abalen 6.200 milioi eurotik gorako bolumen historikoarekin, ELKARGI berriak %15 inguruko kaudimen-tasarekin ekingo dio bere jarduerari, Estatuko finantza-sistemako handienetako bat, Espainiako Bankuak horrelako erakundeei eskatzen dien %8tik baino askoz gorago dagoena. Bat-egitearen ondorioz sortutako sozietate “berri” honek Donostian mantenduko du bere egoitza, bulegoak izango ditu Bilbon, Gasteizen (Araba Parkea – Miñao) eta Iruñean, eta finantza arloan lan egingo duten 90 profesional edukiko ditu.

Bi sozietateen bat-egitea duela urtebete baino gehiago hasitako prozesu baten emaitza da, eta bere helburu nagusia da inguruko enpresen finantzaketa hobetzea. Bi erakundeek bat egin izana onuragarria izango da gaur egun bazkide dituen 15.000tik gora enpresarentzat, finantzaketa erraztasunen abantailak baliatu nahi dituzten enpresa eta autonomoentzat, eta baita ere euskal ekonomiarentzat, abantaila garrantzitsuak eskainiko baititu: lider izaten jarraituko du berme sozietateen artean, sinergiak lortuko ditu kreditu erakundeekiko harremanetan hobekuntzak lortzeko, bai kostuetan eta bai negoziatzeko posizioan, eta ordezkaritza propioa lortuko du Europako organismoetan.

 

ELKARGIri buruz

Gipuzkoan sortu zen 1980ko apirilaren 16an, Araban SEAVAL sortu zenean. 1984an bi elkarteek bat egin eta Elkarrekiko Berme Sozietate bakar bat osatu zuten, bere jarduera-esparrua Euskal Autonomia Erkidegora eta Nafarroara zabalduz. Biak hala biak, ADEGI eta SEA enpresa elkarteek bultzatuta sortu ziren.

“Behin bat egin ondoren Oinarri sozietatearekin –zeinak 20 urte bete baititu aurten, 1996an sortu zelarik ekonomia sozialeko eragileen ekimenez (Kooperatibak, Laneko Sozietateak, Elkarteak), Euskadiko sistema ekonomikoaren barruan hain garrantzitsua den sektore horren finantzaketa premiei aurre egiteko- , ELKARGIk aurrera darrai bere garapenean eta baita ere produkzio-sarearen eta merkatuaren eskakizun berrietara egokitzeko prozesuan, baina beti ere hasierako baloreei eutsiz: hau da, ETE, autonomo eta ekintzaileen aliatu finantzarioa izatea…”

www.elkargi.es

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow