Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak hazten eta sendotzen lagundu die ekintzaileek bultzatutako 15 negozio proiektu berriri Arrisku Kapitaleko “Basque Fondo” programaren bitartez

5 April, 2015

 Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ekintzaileek bultzatutako 15 negozio proiektu berri babestu ditu “Basque Fondo” programa berriaren bidez. “Basque Fondo” arrisku kapitaleko funts publiko bat da, SPRI Taldeak Foru Aldundien eta Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroen laguntzarekin kudeatzen duena. Enpresa-ideia berri horiek 1,5 milioi euro jasoko dituzte, beren hazkunde fasean eta merkatuetan sendotzeko prozesuan laguntzeko. Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketak onartu ditu eragiketa guztiak. Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa SPRIn integratutako sozietate bat da, Euskadin kokatutako enpresetan inbertitzen duena, baldin eta enpresa horiek etorkizuneko proiektu bat badute eta hura burutzeko laguntza sendoa behar badute. Esku-hartze hori aldi baterakoa izaten da, eta finkatutako epea agortutakoan desinbertsioa egiten da.

Enpresa onuradun gehienek 100.000 euro inguruko ekarpenak jaso dituzte, akziodun bihurtuz edo mailegu parte-hartzaileen bidez. “Basque Fondo” programa Jarduera Ekintzailea Babesteko Erakunde arteko Planaren markoan sortu da, enpresa sortu berriei laguntzeko (gehienez bost urteko antzinatasuna dutenak) beren hazkunde fasean eta merkatuan sendotzeko prozesuan. Onuradun izateko ezinbestekoa da industria sektorean aritzea eta Ekintzaile programan parte hartutakoa izatea, beraz Enpresa eta Berrikuntza Zentroetatik datozen proiektuak dira.

Eragiketen erdiak EIKTen sektoreko (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak) enpresenak dira, eta gainerakoak berriz osasun edo fabrikazio aurreratuaren sektoreetakoak. Besteak beste aipatzekoak dira Deneb medical startup-a, laser teknologia erabiltzen duen plataforma kirurgiko ez inbaditzaile bat merkaturatzeko proiektua, edo Erre Use Evolution, garbiketa, margo edo itsasketa tresnetarako kirten ergonomikoak fabrikatzen dituena.

Eragiketa horien artean aipatzekoak dira halaber Neris Global Network enpresarena; hor dugu baita ere Rehub Health enpresa, lesio motor eta neurologikoentzako ekipamendua diseinatzen duena eta dagoeneko arrakastaz frogatutako sistema bat duena iktusak eta istripuak jasan dituzten gaixoentzat; edo modaren sektoreko Superfashioner web plataforma, herrialde bakoitzeko 1.000 dendarik onenak biltzen dituena.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow