Ekoizpen industrialaren automantenimendurako plataforma

12 February, 2015

2012an abiatu zenetik, makina-erreminta industrialak ekoizten dituzten lantegietara zuzendutako plataforma bat sortu da ekoizpena kudeatu eta mantentzeko. Android gailu mugikorretarako aplikazioak, produkzioa mantendu eta kontrolatzeko web bat dutenak, zeinaren helburua baita produkzio prozesu eta katean gerta daitezkeen galerak eta akatsak konpontzea eta mantentze sistema propio bat izatea.

ELKARRIZKETAREN TRANSKRIPZIOA:

Zertan datza zuen produktua?

Android gailu mugikorretarako aplikazioak garatzen ditugu, web plataforma baten bidez mantenimendu industriala kudeatu eta makinen produkzioa kontrolatzeko, galerak non dauden ikusteko eta arazo horiek konpontzeko. Asmoa da tresna horien bidez enpresak produktiboago bihurtzea.

Posible da teknologia hori mugikor batean jartzea?

Gure xedea da makina bakoitzak tablet bat izan dezala; liburu digital horren bitartez langileak mantenimendu lanei buruzko informazioa jasoko du eta noiz egin behar dituen jakingo du. Aplikazioa sakelako batean edo tablet batean instalatu daiteke, ikusi behar da zein den egokiena tamainaren arabera.

Orduan, akatsak ia momentuan konpondu daitezke?

Gutxi gorabehera. Asmoa da eurek egin dezatela prebentziozko mantenimendua. Tabletak adieraziko die noiz eta nola egin behar dituzten. Mantenimendu-lana eginez hobeto ezagutzen da makina, eta akatsak sortu ahala konpondu daitezke. Akats batzuk azalduta egoten dira, erregularki gertatzen direlako.

Denbora asko daramazue aplikazio horiekin?

2012an sortu zen ideia. Aurten enpresa pilotuetan ezarriko dugu eta aztertuko dugu nola hobetu daitekeen. Horrelaxe ikusiko dugu nola doan dena eta zein bidetatik jo behar dugun.

Plataforma horrek edozein enpresatarako balio al du?

Guk txapa mekanizatuaren sektorerako egin dugu. Baina aplikatu daiteke baita ere plastikoaren, zuraren eta energiaren sektoreetan edo beste edozeinetan. Uste dugu oso baliozkoa dela hainbat sektore industrialetarako.

Beste herrialderen batetik ekarri duzue ideia?

Guk dakigula ez da inon egiten. Ez dugu antzekorik aurkitu negozio plana egitean. Badaude sakelakoetarako gailuak dituzten makina-erremintako fabrikatzaileak, baina ez dute ikuspegi bera.

Lehentasunezko merkatua Euskadiko enpresak izango dira.

Bai. Gero beste herrialde batzuetarantz zabalduko gara. Aplikazio hauek badute alderdi on bat: banaketa-lana erraza da.  Horra informatikaren abantailak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow