Dynakin, arrakastaren nazioartekotzea

27 June, 2017

 

Dynakin startuparen kasua, “emakumezko bi ekintzailek zuzendutako unibertsitate spin-off batek nazioartekotzeko egindako jauzia”

BEAZ Bizkaiaren Bilboko egoitzan topaketa berri bat egin da, enpresa ekintzailetzako kasu arrakastatsuen zabalkundea egiteko. Pitch&Pintxo ekitaldian aurkeztu zen “Dynakin kasua: emakumezko bi ekintzailek –Nerea Leal eta Mónica Rodríguezek- zuzendutako unibertsitate spin-off batek nazioartekotzeko egindako jauzia”.
Aurkezpen ekitaldian izan zen Nerea Leal, protagonistetako bat eta enpresako gaur egungo zuzendari nagusia, bertatik bertara azaltzeko bere hamar urtetik gorako esperientzia ekintzailea, Mónica Rodríguez bere bazkide eta Estrategiako eta Negozioaren Garapeneko zuzendariarekin batera garatu duena. Lehenbizi esan zuen nola sortu zen beren spin-off bio-farmazeutikoa Euskal Herriko Unibertsitatearen barruan (UPV/EHU). Nereak adierazi bezala, 2003an bukatu zituzten beren Farmakologiako doktoretzak eta 2004an sortu zuten enpresa, momentu honetan nazioartekotze prozesu betean dagoelarik.

Europan eta Estatu Batuetan izandako ikerketa esperientziaren ondoren sortu zen ekimen hau. Merkatu nitxo bat aurkitu zuten, lehiakide oso gutxi zituena eta Europan ere aukera handiak izan zitzakeena: enpresa aitzindari bat sortzea esparru farmazeutikoari zerbitzu emateko.

Gaur egun Dynakin antolakunde lehiakorra da, bio-farmazeutikaren merkatuan erreferentziazkoak diren nazioarteko teknologia berrietan oinarritua. Konpainiak 2 milioi euro fakturatzen ditu urtean, eta 23 laguneko ikerketa taldea du, zeinetan %70 doktoreak baitira eta %75 emakumeak.

Bere orientazio estrategikoari jarraiki, zerbitzu eta produktu berritzaileak eskaintzen ditu farmako-zinetika nahiz farmako-dinamika bezalako esparruetan, zeintzuen helburua baita farmako berriak eta formulazio konplexuak garatzeko prozesuen eraginkortasuna handitzea, eta prozesu horiek osatzen dituzten faseak arrakastaz gainditzea.

Ikerketan egin duten inbertsioaren emaitza bezala, Dynakin enpresak DynaPred® web plataforma garatu du, zeinak dosi pertsonalizatuak eta optimizatuak gomendatzen baititu arriskuan dauden pazienteentzat.

Dynakin-ek 2010ean egin zuen bere nazioartekotzeko jauzia, Dr. Regenold enpresa alemanarekin lortutako akordio estrategikoari esker. Konpainia hori medikamenduen Europarako baimen eta erregistroetan espezializatuta dago, eta presentzia du 80 herrialde baino gehiagotan. Akordio horri esker modelizazio eta simulazio tekniken arloko erreferente bihurtu dira medikamentuak ebaluatzen dituzten Europako agentzietan.

2014an hasi ziren AEBetan zabaltzen, aliantza estrategiko bat lortu baitzuten Floridako Unibertsitatearekin lankidetza proiektuak garatzeko. Floridako Unibertsitateak harreman estua du Amerikako Medikamenduen Agentziarekin (FDA) eta nazioarteko hainbat enpresa farmazeutikorekin eta, beraz, funtsezko erakundea da Amerikako merkatuan finkatzeko.

Nazioartekotze prozesuan murgildurik, 2015ean bere nazioarteko fakturazioa fakturazio osoaren %63 izan zen, eta joera hori mantendu du 2016an ere, bere nazioarteko zabalkundea sendotu baitzuen presentzia lortuz Suitzan, Alemanian eta Holandan, merkatu berriak irekiz Frantzian eta Erresuma Batuan eta AEBetan ezarriz, non bi aholkulari baititu jadanik.

Bai enpresak eta bai enpresaren sustatzaileek aitortza ugari jaso dituzte, besteak beste, Genoma España saria, lehen saria Crecer+ Sariketaren lehen edizioan, Abiatu, Spin-off baten ibilbideari emandako EmoN saria edota Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendaritza-karguen Elkarteak emandako “2016ko Enpresariaren Saria”. Gainera, saiakera zientifikoak plazaratu dituzte argitalpen zientifikorik ospetsuenetan.