Concha Vidales, DNA DATA: nazioarteko talde batean, guztiok engranaje beraren zati gara

7 January, 2015

Concha, gaixotasun genetikoen diagnostikoa gizartearen eskaera bat da ala oraindik ere kontu ezezaguna da?

Gaixotasun genetikoen diagnostikoa ezinbesteko tresna bihurtu da diagnostikoa konfirmatzeko prozesuetan eta prozesu prediktiboetan. Gizarteak gero eta gehiago eskatzen du gaixotasun genetikoen diagnostikoa egitea, baina oraindik ezjakintasun handiagoa dago honen inguruan, jendeak ez baitaki zer diagnostikatu daitekeen eta zer ez honelako probekin.

 

Sektore biomedikoa proiekzio handieneko sektoreetako bat da ekintzailetzaren arloan, baina lantzeko zailenetako bat ere bai maila handiko osagai zientifiko-teknologikoa duelako. Zein zutabetan oinarritu zen zuen negozio-eredua?

Alde batetik, gure arloko espezializazio handia, hainbeste urtetako lanaren emaitza dena; eta, bestetik, eskaera soziala, gizarteak proba zehatzak behar dituelako baina ordaintzeko moduko kostuan.

 

Europar Batasuneko VII. Programa Markoko AngeLab proiektuan parte hartu duzue, zein abantaila eman dizue proiektu horrek zuen eguneroko jarduera garatzeko?

Abantaila asko lortu ditugu, baina beharbada garrantzitsuena izan da nazioarteko talde batean sartu garela eta talde horretan gauden guztiok engranaje beraren zati garela, bakoitzak bere zeregina badu ere.

 

2013aren hasieran, behin AngeLab proiektuko ikerkuntza lanak bukatu ondoren, asmoa zenuten AngeLab probak teknikoki baliozkotzeko Osakidetzako zentro eta ospitaleetako pazienteekin… Lortu zenuten zuen helburua?

Bai, AngeLab proben baliozkotze teknikoa 2016an egingo da.

 

Enpresa abian jarri zenutenetik nabarmen zabaldu duzue zuen jarduera-zorroa, une honetan zein zerbitzu eskaintzen dituzue?

Gure zerbitzu eskaintza esanguratsuki hazi da, batez ere sekuentziazio masiboko teknologiaren arloan. DNA Datak sekuentziazio masiboko bere plataforma du, eta horrek aukera eman digu gaixotasun konplexuentzako garapen ugari egiteko. Garapen horiek ezin ziren lehen egin garestiegiak zirelako.

 

Euskal erakundeen laguntza nahikoa izan da enpresa abian jarri eta indartzeko?

Euskal erakundeen laguntza oinarrizkoa izan da eta aurrerantzean ere hala izatea espero dugu. Ez bakarrik enpresa sortzeko, baita ere enpresaren egokitzapenerako behar izan dugun material guztia erosteko. Espero dugu sendotu egingo garela etorkizun ez oso urrunean.

 

Sektore honetako enpresetan ez dago etorkizunik ez badago I+G+B-rik. Esan diezagukezu zein aurrerapen lortu dituzuen arlo honetan?

Oraindik ezin dugu ezer esan gure aurrerapenei buruz, urte bi baino ez daramatzagulako sektorean, baina aitortu beharra dago indartzen ari dela diagnostikoko teknologia hauen automatizazioaren aldeko apustua, automatizazioaren bidez posible delako teknologia hauek orokortzea eta kostuak merkatzea.

 

Azkenik, zeintzuk dira zuen hurrengo erronkak, nola ikusten duzu DNA Data bost urte barru?

Espero dut gaixotasun genetikoen diagnostikoko erreferentea izango garela nazio mailan, eta, jakina, ezinbesteko zentroa Euskadin.

 

+info: www.dnadata.es

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow