Bind 4.0 programako startupek maiatzaren 5ean aurkestuko dituzte beren proiektu berritzaileak Arabako Teknologi Parkean

3 May, 2017

Datorren maiatzaren 5ean (ostirala) aurkeztuko dira BIND 4.0 startupen azeleragailu publiko-pribatuaren lehen edizioko emaitzak Arabako Teknologi Parkeko Eraikin Nagusian. Jardunaldi horretan, ekintzailetza industrial aurreratuko programa aurkeztu eta balantzeaz egiteaz gain, 11 startup parte-hartzaileek beren proiektuak aurkeztuko dituzte, eurekin batera egongo direlarik beren jarduera hobetzeko startupen talentua eta konponbideak aplikatu dituzten enpresa industrialak. Enpresa gorakor horiek (programa publiko-pribatu aitzindari honek aukeratu dituenak) protagonista izango dira jardunaldian, non bertatik bertara azalduko baitituzte beren gaitasunak eta gauzak egiteko modua. Horrezaz aparte, aukera izango dute harremanetan jartzeko eurek eskaintzen dituzten konponbide berritzaileak aprobetxatu nahi dituzten enpresa industrialekin, inbertitzaileekin eta elkarte profesionalekin.

 

Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburuak, irekiko du jardunaldia, non BIND 4.0. programaren lehen edizioan lortutako emaitzak aurkeztu eta ebaluatuko baitira. Startup industrialen lehen azeleragailu honek helburutzat du Euskadiko industria eta ekintzailetzaren ekosistema indartzea. Joan den uztailean abian jarri ondoren, programa berritzaile honek 41 herrialdetako 257 proiektu erakarri zituen guztira. Horietatik 52 aukeratu ziren lehenbizi, eta BIND 4.0 programan parte hartu duten euskal konpainia handiek 15 hautatu zituzten 52 horietatik. Ekimen horiek lantzeko elkarlanean aritu dira 11 startup aukeratuekin, gehienak EAEkoak, baina baita ere Nafarroakoak, Logroñokoak, Frantziakoak eta Indiakoak.

 

Enpresa gorakor horiek elkarlanean aritu dira Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programa honekin bat egin duten industria arloko trakzio enpresekin proiektu berritzaileak ad-hoc garatzeko. Ekimen publiko-pribatu honen helburua da elkarrekin bildu eta babesa ematea 4.0 Industriako ekimen berritzaileei, Euskadikoei nahiz munduko beste edozein tokitakoei.

BIND 4.0 programako lehen startupak

BIND 4.0 programaren lehen edizioan sortutako startupek enpresa handien zerbitzura jarri dute beren talentua, eta konponbide berritzaileak eskaini dizkiete. Datorren maiatzaren 5ean Arabako Teknologi Parkean egingo den jardunaldian, enpresa handiek labur-labur aurkeztuko dituzte beren instalazioetan garatu diren hobekuntza proiektu horiek, eta gero, xeheki azalduko dituzte startupetako arduradunek.

 

Joseba Sagarnak, Jon Ander Berñok eta Jon Urrutikoetxeak sortutako Addimen startupa fabrikazio gehigarri metalikoan espezializatuta dago, eta proiektu bana garatu du Gasteizko Mercedes-Benz fabrikarako eta Muskizko Repsol-Petronor birfindegirako, zeintzuen helburua baita automobil markak Gasteizen fabrikatzen dituen pieza metalikoen eta Muskizko fabrikan erabiltzen den pieza espezifiko baten fabrikazio-denborak murriztea. Pieza horien 3D ereduetatik abiatuta, Addimen enpresak bi enpresen zerbitzura jarri du bere ezagutza, pieza horiek 12 hilabetean fabrikatu beharrean 24 edo 48 ordutan fabrikatu ahal izateko.

 

Algo Engines enpresa indiarrak ere parte hartu du Eusko Jaurlaritzako startup industrialen azeleragailuan. Algo Engines-ek modelo auto-erregresiboak aplikatu ditu NEM Solutions enpresarentzat, eta urruneko kontrolerako aplikazio bat garatu du Alco Group taldeko Nabla Wind Power enpresarekin batera.

 

Bestalde, Bigda Solutions startupak, Ibon Salbidegoitia eta Amaia Acharen ardurapean dagoenak, big dataren teknologiak eta adimen artifiziala baliatzen ditu konpainien balio erantsia argitara ateratzeko. BIGDA enpresak konponbide analitiko aurreratuak aplikatu ditu Gasteizko Mercedes-Benz fabrikan energia-eraginkortasuna hobetzeko.

 

Bihartech euskal enpresak azken teknologiak integratzen ditu enpresetan aplikatu daitezkeen metodologiekin, horretarako erabiltzen dituelarik errealitate birtuala, errealitate handitua edota geo-kokapena. David Quintanak eta Pedro Muñozek, enpresaren sortzaileek, Errealitate Birtualeko prestakuntza eman diete CAF enpresako langileei.

 

CreativiTIC-ek ere -BIND 4.0 programaren lehen edizioko beste enpresa bat- maiatzaren 5ean aurkeztuko ditu bere proiektuak. Egoitzak Logroñon eta Bilbon dauzkan enpresa horrek errealitate birtualeko gida-liburu teknikoak garatu ditu CAFek Castejónen duen fabrikako langileentzat, eta ikusmen artifizialeko prototipo bat egin du Michelin Vitoria enpresako produkzio-prozesua hobetzeko.

Decidata euskal enpresa, Iñaki Pertusak, Gonzalo Artiachek eta Pedro Ruizek sortua, espezialista da enpresen arazoak konpontzen eta konponbide onenak eskaintzen, datuak aztertzeko teknika aurreratuenak erabilita. Hiru ekintzaileok Euskaltel enpresaren zerbitzura jarri dute beren talentua, eta big datan oinarritutako analisi proiektu bat garatu dute identifikatzeko nolako portaera-patroiak dituzten euskal telefonia konpainiaren bezeroek eta, horrela, sarean egin beharreko inbertsioak optimizatzeko.

 

Egoitza Nafarroan duen Embeblue enpresak dispositibo elektronikoak garatzen eta ekoizten ditu Gauzen Interneten esparruan eta 4.0 Industrian erabiltzeko. BIND 4.0 programaren lehen edizioko hautatuetako bat izan da, eta Renfe enpresarekin batera aritu da lanean, mantenimendu prediktiboaren bidez trenak kontrolatuko dituen plan bat garatzeko.

 

Hupi startupak Big Data teknologia eta adimen artifizialari buruz duen ezagutza aplikatu du Gernikako Maier automozio fabrikako produkzio-linea errentagarriago egiteko. Vincent Moreno, Pierre Mendiboure eta Romain Roquefère dira egoitza Frantziako Bidarte herrian duen software enpresa honen sortzaileak.

 

Ekintzailetzako proiektu publiko-pribatu honen barnean, Innovae enpresak bi proiektu garatu ditu: bat ABBrentzat, Bartzelonan, eta bestea, Danobat enpresak Elgoibarren duen fabrikarako. Errealitate handituko teknologietan oinarriturik, mantenimendu-lanetan laguntzeko sistema bat garatu du lehenengoarentzat, eta produkzio-prozesuan erabiltzen duten makina-erremintaren datu aurreratuak bistaratzeko sistema bat bigarrenarentzat.

 

Euskadin sortutako Irisbond konpainia teknologikoak robotak begien bidez kontrolatzeko komunikazio naturaleko sistema bat garatu du Bartzelonako ABB enpresarentzat, eta Zylk Industry enpresak, Euskadin sortua hau ere, Big datan oinarritutako konponbide bat sortu du ITPk Zamudion daukan fabrikako produkzio-prozesua optimizatzeko.

 

Enpresa horien esperientziak aurkeztuko dira datorren maiatzaren 5eko jardunaldian. Enpresa eta inbertitzaileek ere parte hartu ahal izango dute ekitaldian, eta hurbiletik ezagutu ahal izango dituzte startupek Euskadin kokatutako konpainia handiei eskaini dizkieten konponbideak. Horrez gain, harremanetan jarri ahal izango dira talentua eta berrikuntza elkarrekin uztartzen dituzten gazte ekintzaile horiekin.

 

BIND 4.0 programaren bigarren edizioaren iragarpena, nobedade eta guzti

Aitor Urzelaik, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendariak, programaren lehen deialdiaren balantzea egingo du Arabako Teknologi Parkean antolatutako Demo Day jardunaldian, eta BIND 4.0 programaren bigarren deialdia ere iragarriko du, zeinak hainbat nobedade baitakartza berekin. Hilaren 5eko egitarauan mahai-inguru bat ere egingo da, “Startupekin lan eginaz berritu” izenekoa, non parte hartuko baitute sustatzaileek, inbertitzaileek, tutoreek eta enpresek.

 

Enpresen azeleragailu publiko-pribatu honen lehen deialdiko esperientzia horiek sendotu egin dute Eusko Jaurlaritzaren Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Basque Industry 4.0 estrategia, zeinaren barruan diseinatu baitzen BIND 4.0, Euskadiko ekosistema ekintzailea sendotzeko eta Euskadi ekintzailetza industrial aurreratuaren mapan posizionatzeko. Euskadiko Enpresa Agentziak (SPRIk) koordinatzen du ekitaldia, BIC-Enpresa eta Berrikuntza Zentroen eta Foru Aldundien laguntzarekin.

 

BIND 4.0 azelerazio programa publiko-pribatu bat da, helburutzat duena 4.0 Industriako startup onenen garapena bultzatzea, eta horretarako proiektuak garatzen dituena puntako enpresa industrialekin eta laguntza-programa oso bat baliatuz. Era berean, BIND 4.0 programa aukera paregabea da industria arloko enpresentzat, lagungarri delako mundu mailako talentu onenak identifikatzeko eta eurekin harremanetan jartzeko, posible egiten duelako puntako teknologiak eskuratzea, eta etorkizuneko Ziber-industriako edo “Iraultza Industrial Adimenduneko” proiektu eta konponbideen garapena ahalbidetzen duelako.

 

EGITARAUA

10:00 Jardunaldiaren irekiera

Arantxa Tapia – Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburua

10:05 BIND 4.0 programaren lehen edizioaren aurkezpena

Aitor Urzelai – Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen zuzendaria

12:20 Parte hartzen duten startupen aurkezpenak: Addimen, Alo Engines, Bigda Solutiones, Bihartech, Creativitic eta Decidata

11:40 Coffee break

12:10 Parte hartzen duten startupen aurkezpenak: Embeblue, Hupi, Irisbond, Innovae eta Zylk Industry

13:10 13:10 Mahai-ingurua: “Startupekin lan eginaz berritzea”. Asier Arranzek mahaia dinamizatuko du. Leire Bilbao – Euskaltel, Iñaki Pertusa – Decidata, Eduardo Diez-Hocheitner – Bind 4.0 aholkularia, David Montero – BIC Araba eta Samuel Gil – JME Venture

14:00 BIND 4.0 programaren bigarren edizioaren aurkezpena

Aitor Urzelai – Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen zuzendaria

14:15 Jardunaldiaren amaiera

14:20 Networking saioa