Beatriz Peña, “Arquitectura y Cálculo”: “PassivHaus-ek aukera berriak irekiko ditu ekintzailetzarako eta enpresen garapenerako”

16 October, 2016

Osakan (Japonia) jaio zen, arkitektura ikasi zuen, eta berrikuntzan eta sostengarritasunean interesaturik dagoenez, ikasten jarraitzen du, jakiteko zein “metodo erabili enpresen bideragarritasuna eta berehalako amortizazioa ahalbidetzeko energiaren aurrezki eta eraginkortasunaren esparruan”.

Bere ibilbide profesionala dela medio, hainbat hiritan bizi izan da: Madrilen, Donostian, Bilbon… Duela urte pare bat Gasteizen kokatzea erabaki zuen, eta handik koordinatzen ditu bere proiektuak (diseinu eta arkitekturakoak, eraikuntza eta etxebizitzetako erreforma, saltokiak, bulegoak eta nabe industrialak) profesional eta gremio desberdinekin.

 

Hiri askotan bizi izan zara, eta, azkenean, erabaki duzu Gasteizen kokatzea.

Herri bakoitzak bere xarma du… Madrilek denetik dauka, baina distantziagatik deserosoa egiten zait, handiegia da.
Donostia toki aproposa da sortzeko, bereziki klima ona denean.
Bilbo hiriburu kosmopolita eta erraza da, bai lanerako eta bai gozatzeko.

Gasteiz, berriz, oso hiri erosoa da bizitzeko, eta pertsonentzat pentsaturik dago.

Funtsean, Ipar zonaldean lan egiten dut, eta Arabatik primeran irits naiteke Bizkaira, Gipuzkoara, Nafarroara, Burgosera, Kantabriara eta Errioxara.

 

 

Nolakoa izan da zure bilakaera profesionala unibertsitatea amaitu zenuenetik?

Hasieran, obretako gainbegiratzaile lanetan aritu nintzen eraikuntza enpresa batean, eta aseguru etxeetako ikuskari gisa ere aritu izan naiz. Dena den, sorkuntzaren mundutik nator, zorionez unibertsitatean sorkuntza arloko eliteaz inguraturik ikasi bainuen. Halere, gehiago jakin nahi nuen, merkatua ongi ezagutu, eta pentsatu nuen horretarako onena zela eraikuntzaren praxiaren alderdi gordinenean sartzea.

 

 

Esperientzia anitz horri esker, orain errazago gainditu ditzakezu zure erronka profesionalak. Zein proiektu dauzkazu esku artean?

Hala da, bai. Sektoreko hainbat esparrutan lan egiteak ikuspegi zabalagoa ematen dizu, hobeto ulertzeko beti sortzen diren arazoak eta azkarrago eta eraginkortasun handiagoz konpontzeko. Gaur egun hainbat proiektu dauzkagu esku artean, lokal komertzial eta nabe industrialetarako jarduera lizentziak sortzeko. Badauzkagu baita ere Kultur Ondarearen barruan sailkatutako etxeen erreforma-proiektu integral batzuk; kasu horietan, kontuan hartu behar izaten dira tokiaren berezitasun sozial eta historikoak, eta, gainera, argibide administratiboei egokitu beharra dago.

Alderdi teknikoari dagokionez, aspaldion sarritan eskatzen dizkigute etxebizitzetako atarien irisgarritasunerako egokitzapen lanak, Eraikinen Ikuskaritza Teknikoak (EIT), eta baita ere egiturei buruzko kalkulu-lanak.

Dena ez da zementua eta adreilua ordea. Esaterako, publizitate eta komunikazio agentzia batekin lan egiten dugu stand-ak, azoketarako proiektuak, eta abar diseinatzeko. Gainera, lan-espazioak sortzen ditugu beren langileen ongizatearekin kezkatuta dauden enpresetan, eta irudi korporatiboak aplikatzen ditugu bulegoetan, salmenta puntuetan, e.a.

 

 

Obra guztien kudeaketa integrala egiten duzu?

Obra bat arrakastaz egingo bada, funtsezkoa da etengabe eta modu egokian zuzentzea, gremioekiko elkarreragina behar bezala planifikatzea, eta profesional bakoitzaren gaitasun eta trebetasun onenak aprobetxatzea.

 

 

Zure kezkei jarraituz, nolako proiektuetara bideratuta zaude orain?

Une honetan enpresentzako bideragarritasun eta berehalako amortizazio metodoak aztertzen ari naiz energiaren aurrezki eta eraginkortasun esparruan. Etxebizitzen energia zertifikazioan eta enpresentzako energia ikuskaritzetan bildutako esperientzia aprobetxatu nahi dut, elkarrekin uztartu nahi baititut proiektuen diseinuaren eta barneko dekorazioaren edertasuna eta energia-gastu eta kutsadura txikiagoa; material naturalak material biologikoez aurre-fabrikatutako moduluetan bizi daitezkeen bezala, interesgarria iruditzen zait soiltasuna oparotasunarekin konektatzea, berria kodifikatuarekin…

Zentzu horretan, esperientziak partekatu nahi nituzke itxuraz elkarrengandik hain urrun dauden bi sektore horietan inplikatutako profesional taldeekin edo enpresekin.

Gure etorkizunaren zati handi bat Energiaren Eraginkortasun eta Sostengarritasun sektorean datza: hemendik gutxira, Passivhaus delakoa eredu estandarra izango da etxebizitzak eta lan zentroak diseinatzeko eta eraikitzeko; gainera, aukera berriak sortuko ditu ekintzailetzarako eta enpresen garapenerako.

 

 

Zer da Passivhaus zehazki?

Passivehaus, Passive House edo Etxe Pasiboak: Europan 80ko hamarkadaren amaiera aldera sortutako estandar bat da. Etxebizitza arruntei esleitutakoen antzeko aurrekontuekin egiten dira, baina badituzte isolamendu termiko ona, infiltrazioen kontrol zorrotza, eta barneko airearen kalitate gorena. Material naturalak erabiltzen dituzte, eguzkiaren energia aprobetxatzen dute girotze hobea lortzeko, eta %70eraino murriztu dezakete energia-kontsumoa.

Horrelako lehen etxea Alemanian eraiki zen duela 25 urte, eta orain Bilbon eraikiko dute munduko garaiena: Bolueta dorrea. 88 metro izango ditu, eta bi etxe-orratzetan banatutako 361 etxebizitzako konplexu baten barruan egongo da. Lehenak 108 etxe babestu eta 63 etxe sozial izango ditu, eta Visesa enpresak, Eusko Jaurlaritzako Sozietate Publikoak, eraikiko du. Seguruenik beste erakunde batzuek ere kontuan hartuko dute proiektu hori, eta antzeko proiektuak bultzatuko dituzte Etxebizitza Sozialaren arloan.

 

 

Zeintzuk dira zure erreferentziazko arkitektoak? Zein estilo gustatzen zaizkizu gehien?

Denok dauzkagu maisu asko, ezagutzen ditugunak eta deskubritzen ditugunak.
Galdera horri gaurkotasunetik eta esparru honetatik erantzuteko, bi talde bereiziko nituzke:

Batetik, geniotasun abstraktutik ideario bat asmatu zutenak, eta hortik benetako arkitektura bat eraiki dutenak: Zaha Hadid, Rem Koolhass eta Kazuyo Sejima (zinez pertsonala).
Bestetik, gizakiaren ibilbidea kontuan hartzearen aldeko apustua egin zutenak, tokian tokiko ezaugarri bereziak zaintzen dituztenak eta maisutasunaren praxi ona dutenak, esaterako, Manuel Gallego edo Patxi Mangado.

Eta talde horien bien artean daude, Sol Madrilejos eta Sancho Osinaga.

 

Info +: www.ArquitecturayCalculo.com

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow