Baigene: “Desberdina zarenez, desberdin entrenatu behar duzu…”

4 November, 2016

BAIGENE Arabako enpresa aitzindari bat da, duela hiru urte sortua eta Genetikako eta Kirol eta Nutrizio Zientzietako adituak diren doktoreak biltzen dituena. Beren ibilbide profesionalean zehar, nazioarteko intereseko patenteak sortu dituzte kit genetikoak diseinatzeko, eta esperientzia horri esker, pentsatzen dute posible dutela produktu berritzaile eta bakarrak sortzea.  

Pixkanaka, kirol eta nutrizio genetikarantz zuzendu da taldea, alor horretan oso garrantzitsua baita kirolari bakoitzaren genetika kontuan hartzea entrenamendu eta nutrizio pertsonalizatuak planifikatzeko. Gaur egun, beren diziplinetan adituak diren 20tik gora lagunek osatzen dute Baigene. Enpresaren sustatzaile David Celorrio eta José Mª Aznar Oviedorekin hitz egin dugu, Genetikako doktoreak biak.

 

Beren konposaketa genetikoari buruzko informazio paregabea ematen diezue kirolariei. Zertarako balio du horrek, zehazki?

Uler dezaten zein aldagai genetiko dauzkaten gainerako gizakiekin alderatuta, eta nolako eragina duten aldagai horiek kirolaren alderdi garrantzitsuenetan, hala nola, lesioak izateko arriskuan, behar bezala hidratatzeko prozesuan, gaitasun aerobikoaren hobekuntzan, nekearekiko erresistentzian, hanturetan…

Aitzindariak gara zerbitzu hori eskaintzen, eta ez da amaitzen txosten genetiko oso bat eginikoan; ondoren dokumentu bat ematen diogu kirolariari, bere genetika kontuan hartuta eta beretzat proposatzen ditugun ariketa eta gomendioz osatua. Dokumentu horren helburua da lesio arriskuak minimizatzea eta bere errendimendua hobetzea, guztiz pertsonalizatutako ariketen bidez.

 

‘Kit Genetiko’ espezifikoak diseinatu dituzue kirol bakoitzerako. Nolako informazioa ematen diozue kirolariari?

Ezinbesteko informazioa da lesioak saihesteko eta jakiteko zein den norbere ezaugarrietara ongien egokitzen den entrenamendua, atseden hartzeko eta errekuperatzeko behar den denbora, hidratazio estrategi egokienak… Eta hori guztia, egiten den kirolaren arabera, kirol bakoitzak bere berezitasunak ditu eta.

 

Ez dirudi datu horiek lortzea oso zaila denik; nahikoa da adur lagin bat…

Analisi hori behin bakarrik egin behar da, pertsona baten ADNa ez baita inoiz aldatzen. Nahikoa da adur lagin bat, zeren bertan dauden ahoko zelula epitelialekin ADNaren zati jakin batzuk aztertu baitaitezke, eta informazio horren bidez faktore hauetan eragina duten proteinen berri izan dezakegu: ligamendu eta tendoietako kolagenoaren diametroan, muskuluen kontrakzioan, ariketa egitean sortzen diren hondakinak ezabatzeaz arduratzen diren entzimen jardueran (horiek pilatutakoan nekea sortzen da), e.a.

Lagina hartzeko prozedura oso sinplea eta azkarra da, bezeroak etxean bertan egin dezake, etxera iritsiko zaiolako BAIGENEko laginak hartzeko kutxa. Adur hisopo batekin ahoaren barnealdea igurtzi behar da 20 segundoz.

 

Eta zer egiten da lagin horrekin?

Anonimoki iritsiko da gure laborategietara, inork ez dezan jakin norena den, ezta zer aztertzen den, genetika aztertzeko entseguak ere konfidentzialak baitira.

ADNa erauzi eta aztertzen dugu, txosten guztiz pertsonalizatua sortuz. Funtsean, zeuri buruzko liburu bat da gehien gustatzen zaizun kirolean aplikatzeko.

 

Lagina aztertutakoan, emailez bidaltzen dituzue emaitzak eta entrenamendu edo nutrizio egokiei buruzko jarraibide pertsonalizatuak…

Informazioa enkriptatze-sistema berezi baten bidez igortzen zaio bezeroari, hau da, hark bakarrik deskargatu eta ikusi dezake txostena. Garrantzi handia ematen diogu datu horien segurtasunari eta konfidentzialtasunari, horregatik, duela hainbat urtetatik profesional onekin lan egiten dugu, laginen segurtasuna eta trazagarritasuna biziki garrantzitsua delako guretzat.

Lehen esan bezala, txosten genetikoak bi zati ditu.

  • Lehenengoan genetika deskribatzen da eta kirolaren alderdi garrantzitsuetan dituen ondorioak adierazten dira.
  • Bigarren zatian, pertsona bakoitzaren genetikaren arabera, ariketa desberdinak, entrenamenduak, jarraibideak, estrategia nutrizionalak, eta abar gomendatzen ditugu, norbere genetikari buruzko informazioa lehen egunetik aplikatzeko entrenamenduetan eta nutrizioan.

 

Publiko orokorrari zuzendutako zerbitzua da, baina badituzue talde eta kirolari profesionalentzako produktuak ere

Kaleko edonork ulertu eta eskuratzeko moduko produktua sortu dugu, baina gure inguruan daukagun profesional taldeak badu gaitasuna edozein kirol diziplinatako edozein eskaerari erantzuteko, edozein kirolariren genetika aztertzeko, eta txosten bat eta aplikatutako ariketak sortzeko.

Aspaldi hasi ginen merkatu hori ustiatzen, interes handia baitu beren burua gehiago ezagutu eta informazio hori eguneroko bizitzan aplikatu nahi duten edozein diziplinatako profesionalentzat; tresna egokia da profesional horientzat, eta baita ere aholkularitza ematen dieten pertsonentzat.

 

Neurrira eginiko I+G produktuen garapena edo “Tabakismotik desohitzea” dira BAIGENEk ematen dituen beste zerbitzu batzuk

Guretzat eta merkatuarentzat interesgarriak diren produktuak sortzen ditugun bezala, aukera ematen diegu kirolari kolektiboei, klubei, e.a. guregana jotzeko, eta premia zehatz bat aseko duen kit genetiko espezifiko bat neurrira garatzeko. Horretarako daukagu aukera hori.

Halaber, kirolari askok eskatu digute “tabakismotik desohitzen” laguntzeko, horregatik, zerbitzu guztiz berritzailea sortu dugu, azken belaunaldiko teknologia, nutrizio egokia eta aholku profesional onak eskainiz erretzeari uzteko.

 

Hemendik gutxira “Runner-entzako kit nutri-genetikoa” eskaintzen hasiko zaretela iragarri duzue. Zer da zehazki?

Egun eskaintzen dugun Running kit genetikoaren hedapena da: lehendik ere bazeuzkan nutrizioari buruzko zatiak, baina bereizi egin nahi izan dugu ematen duen informazio kopuru handiagatik. Hala, kirolariak kirola, nutrizioa edo biak aukeratu ahal izango ditu, bere helburuen arabera. Horregatik atera dugu pixka bat geroago, eta bereizita.

Hauek dira aztertuko diren alderdiak: gantzen eta karbohidratoen kontsumoa, eta kirolariaren aprobetxamendua, antioxidatzaileen beharra, omega 3 eta bere dosifikazioa, kirolarekin pisua galtzea, e.a.

 

Zuen proiektu ekintzaileak erakundeen laguntza jaso du.

Egia da bai, hainbat erakunderen laguntza jaso dugu duela hainbat urtetatik: SPRIrena (Arabako BIC zentroaren bidez) Foru Aldundiarena, Gasteizko Udalarena, EHU-UPV sariena… Funts ekonomikoak eskuratu ditugu material suntsikorrak erosteko, eta aholku praktiko eta estrategiko oso interesgarriak ere jaso ditugu.

 

Info +: www.baigene.com

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow