Andoni Gartzia. NOOMAD BIKE. “Inbertsiogile bila gabiltza, balio erantsia eman diezaioten gure hazkuntza eta sendotze prozesuari”

17 April, 2015

Web orria bisitatzean oso deigarri egiten da zenbat zaindu duzuen negozioaren irudia, produktuak, mezuak… Oso sortzaileak zarete!
Noomad Bikes duela 4 urte sortu zen, mugikortasun sostengarriaren arloan konpondu gabe dagoen arazo bati konponbidea emateko: bizikleta bereziak egitea bizikletaz mugitzean tresnak, seme-alabak, erosketak, eta abar eraman behar dituztenentzat edo ezgaitasunen bat dutenentzat.

Diziplina anitzeko pertsona taldea gara, jakin-mina dugu eta burugogor ekiten diegu gure balio proposamenei. Sormena hasiera baino ez da, pentsamenduak ez baitu ezertarako balio ekintzarik gabe.

Ohartu ginen erabiltzaileak ez direla eroso ibiltzen bizikletan zama garraiatzean, esaterako erosketak edo haurrak. Aurreko gurpila kendu eta txikitxo bi jartzea erabaki genuen. Hala, bizikleta arrunt bat alderantzizko triziklo bihurtzen da. Karga handiagoa eraman dezakezu, seguruagoa da, errazago egokitzen da, eta bezeroek eskatzen dizkiguten bestelako konponbideak ere sortzen ari gara.

 

Berritu aditza duzue zainetan eta horregatik kokatu zarete Garaia Berrikuntza Gunean.
Garaia Guneak, berrikuntzaren ekosistema den aldetik, oinarrizko azpiegiturak ematen dizkigu Noomad garatzeko: talentua, giza kapitala, kultura berritzailea, konexioak eta networking-a; hau da,  ingurune ezin hobea, Unibertsitatetik, Teknologi Zentroetatik eta enpresetako I+G unitateetatik hurbil dagoena.

Beti gustatu zait aditzak gerundioan deklinatzea eta berritu aditzarekin ere berdin egiten dut. Gure bezero-erabiltzaileak mundu osoan barreiatuta daude. Gero eta premia sofistikatuagoak dituzte mugikortasun arloan eta konponbide berritzaileak eskaintzen dizkiegu, praktikoak, sinpleak, diseinu erakargarri eta garbikoak eta produktu-ingeniaritza bikainekoak.

2 urte baino gehiago daramatzagu gure berrikuntzak nazioartekotzen eta orain gure nazioartekotzea berritu nahi dugu kanal anitzeko konponbideekin.

 

Zeintzuk dira hiriko mugikortasunerako zuen proposamenak? Noomad sistema izan zen lehen produktua, eta orain beste batzuk garatzen ari zarete.

  1. NOOMAD SYSTEM ® bizikletei aurreko gurpil bikoitza jartzeko sistema berri bat da. Alderdi askotan gurpil bakarra baino hobea da, eta erabiltzaileen segurtasuna eta bizi-kalitatea hobetzen ditu. Bizikleta tradizionala alderantzizko triziklo bihurtu dugu, bere erabilera-balioa handitzeko.
  2. Edonork gidatu dezake NOOMAD SYSTEM ® bizikleta bat, baina batez ere hiriko erabiltzaileentzat pentsatuta dago. Primerakoa da erosketak egiteko, eskolara eta lanera joateko eta oro har karga txikiak bizikletaz eroso eramateko, orain arteko bizikletekin oso deserosoa baita.
  3. Gure erabiltzaileen artean asko dira mugikortasun arazoak, ezgaitasunak edo bizikletan ibiltzeko beldurra dutenak ere. Gainera, konponbide berritzaile gehiago garatzeko eskatzen digute eta hortik sortu da LOLA modeloa: triziklo edo tribike bat.
  4. Gure merkatuan bi aukera dauzkagu: edo gainerakoak baino merkeago izan edo lehiakideengandik bereizi amaierako erabiltzailearengana iristen diren konponbide disruptiboekin. Bistan da enpresako filosofiaren aldeko apustua egin dugula. Berritzen jarraitzen dugu hiriko mugikortasunaren arloko eguneroko egoerei konponbide berriak bilatzeko.


Zein da zuen merkatua?

Merkatua guk geuk egin dugu, sortu egin dugu. Erdi mailako eros-ahalmena duten pertsonak dira, 40 urtetik gorakoak eta bizikletan ibiltzeko arazoak dituztenak. Erabiltzailea munduko edozein tokitakoa izan daiteke. Ez du jakin nahi zein den prezioa, baizik eta noiz bidaliko diogun bizikleta. Praktikotasuna eta erabilpena dira bezeroek trizikloa erostean gehien baloratzen dutena.

Gure bizikleta guztiek dute sistema elektrikoa. Pedalei eragiteko sistema lagunduak iraultza txiki bat ekarriko du bizikleta bidezko mugikortasun sostengarrira. Kostu handiagoa du, baina erabaki hori erabiltzailearen esku dago.

 

Euskaldunok erabiltzen al ditugu bizikleta hauek?
Bizikleta egunero erabiltzen den produktu bat da, ez bakarrik aisialdi eta denbora librerako. Euskaldunoi gehiago kostatzen zaigu nobedadeak onartzea. Bizpahiru urte beharko ditugu noomad sistema duten bizikletak ikusten hasteko.

 

Portugal, Erresuma Batua, herrialde nordikoak, Italia, Alemania, Frantzia, Polonia… Enpresa gaztea izan arren, dagoeneko atzerrian proiektatzen duzue zuen negozioa.
Hasieratik argi geneukan presentzia izan behar genuela merkatu globalean. Espainia eta Portugal dira guretzat erakargarritasun gutxien duten merkatuak eta Basque Country oraindik ez dago prest gure balio proposamenak onartzeko. 25 hilabete daramatzagu saltzen eta denbora horretan Noomad sistemak 18 herrialdetara iritsi dira. Gretta eta Lola modeloekin handitu nahi dugu gure presentzia. Hurbileko retailer-ak dira gure partner-ak.

Horregatik, lehen esan bezala, gure nazioartekotzea berritzen ari gara. Ez da lan erraza, sormen, finantzaketa eta ekintza dosi handiak eskatzen ditu eta.

 

Pentsatzen dugu halako berrikuntza gaitasunak eta atzerriko proiekzio komertzialak inbertsio handia eskatuko dutela.

Noomad sozietate mugatu txikia da, bertako langileen pasioaz beste, 204.500 €ko kapital soziala duena. Bankuko zorrekin eta fakturazioarekin 503.000 € baino gehiago inbertitu ditugu proiektu honetan eta oraindik ez dira nahikoa hazteko eta sendotzeko. Finantzaketa pribatua behar dugu eta ez bankuena, hots, gure aldeko apustua egin nahi duten pertsona edo erakundeena, gure erabiltzaileentzat balio kota handiagoak sortzeko. Honaino iritsi gara baina orain gehiago nahi dugu. Eta egia esan ez da lan erraza; bezeroek dagoeneko eskatzen digute produktua (hori entzutea gustatzen zaie inbertsiogileei) eta 14 hilabetez I+G-ko garapena egin ondoren pena litzateke proiektua ezin gauzatzea.  Nire ustez negozio BIDERAGARRIA ETA FIDAGARRIA daukagu, INBERTITZEKO MODUKOA.

Lerro hauen bitartez animatu nahi nituzke interesatu guztiak gurekin harremanetan jar daitezen. http://www.noomadbike.com

 

Galdera hirukoitza Andoni: enpresa berriro sortu ahal izango bazenute, zein urrats saihestuko zenituzkete? Zer egingo zenuke beste modu batera? Zein laguntza etorriko litzaizueke ongi?
Arrakasta da amets bat pixkanaka lortzea. Eta arrakastari abiadura ere gustatzen zaio. Baina arrakasta lortzeko lan egin behar da, bestela ez dago arrakastarik, hiztegian baino ez. Ekintzaile batek aukerak sortu behar ditu eta merkatura eraman denbora eta kostu egokiekin. Nire ustez denbora gehiegi eman dugu eskularru zuriko prototipoak egiten eta baliabide asko eskaini dizkiogu.

Garrantzitsua da hirugarren eta laugarren errondetan gure finantza premiak hobeto neurtzea. Batzuetan bazkide sustatzaileok ez daukagu behar adinako finantza ezagutzarik, hala ere salto egiten dugu. Baina gure ausardiak, merkatura irteteko gogoak eta gure bezeroei konponbide berritzaileak eskaintzeko grinak aise gainditu dute gure apaltasuna eta umiltasuna.

 

Andoni Gartzia, Noomad Bikeko sortzailea

+info: www.noomadbike.com/

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow