Alkateak bertatik bertara egiaztatu du BIC Arabaren bermea duten enpresen izaera berritzaile eta aitzindaria

31 December, 2016

Udalerriko entitate eta taldeekin egin ohi dituen bileren barruan, Gorka Urtaran alkatea BIC Araba eraberrikuntza industrialdera (Business Innovation Center) joan da bisitan; Miñanoko teknologia parkean dago kokatuta zentroa. Alkateak eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak bertatik bertara egiaztatu ahal izan dute zentroaren bermea duten enpresen izaera berritzaile eta aitzindaria, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendari eta BIC Arabako lehendakari Aitor Urzelairekin eta zentroko zuzendari David Monterorekin batera.

Une honetan 30 enpresa eta 118 pertsona ari dira BIC Araban, hau da, enpresa bakoitzeko 4 enplegu sortu dira batez beste. Zehazki, alkateak eta Enpleguko arduradunak enpresa hauen lana ezagutu dute: Karten Space, nanosateliteak egiten dituena; Bihartech, errealitate birtualaren eta handituaren alorrean diharduena; Bigda Solutions, datu masiboetan espezializatua eta energia berriztagarrien lantegiei zerbitzu meteorologikoak eskaintzen diena; Globe Testing enpresa, software probak egitean aditua, I+med bioteknologikoa, eta Mizar Additive Manufacturing , ekoizpen gehigarriaren alorrekoa eta 3D-ko inprimatzean aditua.

Alkateari interes handia piztu diote ezagutu ahal izan dituen proiektuek. “BIC Arabaren lana funtsezkoa da, merkatuan lekua bilatzen ari diren enpresa berritzaileei gauzak erraztu nahi baitizkie. Tutoretza, prestakuntza, laguntzen kudeaketa, finantzaketa eskuratzea… biziki garrantzitsuak dira hasierako bultzada emateko”, adierazi du Gorka Urtaranek. Bestetik, enpresa gazte horiek egiten ari diren puntako lana goraipatu du. “Harro nago Gasteizen maila goreneko garapen teknologikoak egiten ari direlako, Lurra behatzeko sateliteetatik 3D-ko ekoizpeneraino, aurrerapen garrantzitsuak ahalbidetzen baitituzte medikuntzan zein arlo aeroespazialean, oso espezializatutako zerbitzu meteorologikoetatik edo bioteknologiaren alorreko produktu sanitarioetatik igarota”.

BIC Araba —lehengo Arabako Eraberrikuntza Industrialdea (CEIA)— sozietate publikoa da, zeinean Eusko Jaurlaritzak —SPRIren bitartez— (% 51), Gasteizko Udalak (% 24,5) eta Arabako Foru Aldundiak (% 24,5) baitute partaidetza. Zentro hori 1988 sortu zen, eta hasietan Gasteizko Castro Urdiales kalean izan zuen egoitza. Ondoren Arabako Teknologia Parkera aldatu zen, Miñaon, eta bertan orotara 2.400 metro koadro ditu (bulegoak, lantegiak eta elkarlanerako espazioak) alokatzeko, hobariak dituzten prezioetan.

Helburua da ekintzaileei eta enpresei laguntzeko zerbitzuak eskaintzea, enpresa-ekimen berritzaileak eta/edo teknologian oinarritutakoak sustatzeko eta horien garapena bultzatzeko. BIC Araba tresna dinamizatzailea da, enpresa-proiektu berriak garatzeko, eta enpresak eraikinean bertan hartzen ditu, gehienez bost urtez. Miñaoko zentroan fisikoki kokatutakoez gain beste enpresa-proiektu batzuekin ere egiten du lan. Zehazki, 112 dira une honetan.

Enpresa mintegi horrek oinarri teknologikoa duten proiektu berritzaileak garatu nahi dituzten enpresa eta enpresa-proiektuei laguntzen die, berrikuntza ikuspegi zabal batetik ulertuta (prozesuen, produktuen eta merkataritza estrategiaren berrikuntza, besteak beste). Sustatzaileek zein langileek goi mailako kualifikazioa izan ohi dute, eta gehienek nazioartean zabaltzeko asmoa dute. Aitor Urzelai lehendakariaren zein David Montero zuzendariaren hitzetan, BICen ardatzetako bat “lokaletik baina ikuspegi globalarekin lan egitea”da. Azaldu dutenaren arabera, lehen bost urteak igaro ondoren enpresen % 70 edo 75ek jarraitzen du funtzionatzen.

http://www.bicaraba.eus

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow