Silvia Romero eta Alberto Aznar, ‘Beseif’: salerosketa %100 seguruak partikularren artean

19 October, 2017

Beseif metodo erabat segurua da partikularren arteko ordainketak eta bidalketak egiteko, adibidez, bigarren eskuko salerosketetarako. Iruzur asko dago merkatu horretan, transakzioak ezezagunen artean egiten direlako, eta inolako gainbegiraketarik gabe. Salerosketa negoziatzean ere arazo bera sortzen da: eroslea ez dago prest ezezagun bati aldez aurretik ordaintzeko, eta saltzaileak artikulua bidali baino lehen jaso nahi izaten du dirua.

Beseif enpresak konponbidea ematen dio egoera horri, eta partikularren arteko salerosketa prozesu osoaz arduratzen da. Sistemak eroslearen dirua babesten du bankuko gordailu batean, produktua jasotzeaz eta bidaltzeaz arduratzen da, eta itzuli ere egiten du, beharrezkoa bada.

 

 

Bitxia da Alberto: Beseif sortu zen iruzur egin zizutelako iragarkien atari ezagun batean…

Dagoeneko oso ohikoa da erabiltzen ez duguna online saltzea eta horrekin diru estra bat irabaztea edo bigarren eskuko artikuluak erostea prezio bikainetan, ohikoa baina baita ere arriskutsua. Onlineko iruzurti askoren jomugan daude bigarren eskuko artikuluen salerosketarako plataformak…

2015ean iruzur egin zidaten Interneteko iragarki atari ezagun batean artikulu bat erosi nuenean, eta atari hark ez zuen bere gain hartu iruzurraren erantzukizuna. Kasua Kontsumitzailearen Bulegoan salatu ondoren ere, ez nuen lortu dirua berreskuratzea.

Orduan erabaki nuen esperientzia txar hura negozio bihurtzea, eta Beseif sortu nuen Silvia Romero bazkidearekin batera. Asmoa da erabiltzailearen erosketa-esperientzia hobetzea eta bigarren eskuko erosketak Amazon atarian bezain erraz eta seguru egitea. Hala, aski da gure plataforman klik batzuk egitea ordainketa eta bidalketa kudeatzeko.

 

Silvia, zuen plataforman partikularren arteko salerosketak kudeatzen dira %100eko segurtasunarekin. Zerk bereizten zaituzte lehendik existitzen diren beste batzuetatik?

Orain arte ez zegoen merkatuan iruzur hori saihesteko gai izango zen sistemarik; denek funtzionatzen dute eCommerce tradizionaleko metodoekin, eta ez dira egokiak ekonomia kolaboratiborako. Beseif sortu genuen, hain zuzen, partikularren arteko salerosketa merkatuan berme berberak eskaintzeko.

Gure arrakastaren sekretuetako bat da garrantzi bera ematen diogula bi alderdien segurtasunari, bai saltzailearenari eta bai eroslearenari.

Horretarako, gure sistema logistikoak aukera ematen dio erosleari bidalketa irekitzeko entrega egitean eta egiaztatzeko erositakoa iritsi zaiola. Gainera, erosoagoa da eroslearentzat, unean bertan itzuli baitezake ez bazaio iritsi espero zuena, eta seguruagoa da saltzailearentzat, kontrol proba baten modukoa baita hirugarren inpartzial baten aurrean. Beraz, segurtasun neurri gehigarri bat da arazoak edo asmo txarreko itzulketak gertatzen direnerako.

Bestalde, Beseif plataformak aukera ematen dio erosleari produktua 24 orduz probatzeko. Azkenean, dena ondo badago, sistemak ordainketa askatzen du eta saltzaileak dirua jasotzen du. Eta erosleak doan itzuli dezake artikulua, ez badago gustura jasotakoarekin.

Bada sektoreko beste konpainia batzuetatik bereizten zaituzten lehiakortasun elementu bat, Beseif plataformak lankidetza-akordioak lortu baititu hainbat enpresarekin.

Argi dago erakunde handien babesa izatea lagungarri dela lehiakortasuna hobetzeko. Sabadell Bankuarekin “escrow” ordainketak kudeatzen ditugu eta ASM enpresarekin bidalketa egiaztagarriak egiten ditugu. Itzal handiko konpainiak dira, eta bezeroen konfiantza dute.

Ez zen erraza izan kolaboratzaileak aurkitzea. 25 urteko bi gazte gara, eta bankuetara eta garraio konpainietara joaten hasi ginen esanez bagenuela proiektu bat eskuartean eta euren laguntza behar genuela aurrera eramateko. Erotzat hartu gintuzten. Zorionez, proiektua aurrera atera da, eta orain askoz errazagoa da kolaboratzaileak aurkitzea.

 

 

Zeintzuk dira saltzaile nahiz erosleentzako abantaila aipagarrienak?

Erosleari lasaitasuna ematen diogu, badakielako ez badu espero zuena jasotzen dirua berreskuratuko duela.

Saltzaileari, berriz, bermatzen diogu ordainketaren dirua Beseif plataformaren babesean dagoela bidalketa egin baino lehenagotik. Gainera, artikulua etxetik jasotzen dugu, artikuluaren balioaren %100eko garraio-aseguruarekin.

Aipagarria da, bestalde, erraza dela erabiltzeko, klik gutxi batzuekin kudeatzen baita prozesu osoa. Salerosketa kudeatzeko metodo bezala Beseif eskaintzen duten saltzaileek azkarrago saltzen dute, erosleek mesfidantza gainditzen dutelako.

 


Nolako produktuak salerosten dira plataforman, zeintzuk dira ohikoenak?

Gehienak teknologikoak dira, tiket ertain-altukoak. Smartphone eta argazki kamerak dira ohikoenak.

Bezero gehiago lortzea, proiektua sendotzea eta haztea… pentsatzen dugu horiek direla eskuartean dituzuen erronkak

Bai, hala da. Gaur egun, gure helburuak dira ematen ditugun zerbitzuak ezagutzera ematea, erabiltzaileak atzematea eta Espainia osoan haztea.

Ondoren, asmoa da gure zerbitzua zuzenean eskaini nahi duten “Marketplace” espazioetan sartzea eta ordainketen hornitzaile bihurtzea “escrow” sistemaren barnean. Mundu guztiak ezagutzen ditu merkatuko iragarki klasifikatuen atari handiak, baina sektorea gero eta gehiago eboluzionatzen ari da nitxorantz eta gero eta ugariagoak dira produktu espezifikoen salerosketarako plataformak. Plataforma horietara guztietara iritsi nahi dugu, eta aukera eman publizitatea ez den beste modu batean monetizatzeko.

Zer behar duzue orain helburu horiek lortzeko?

Lan handia egin behar dugu. Sinesten dugu gure proiektuan. Hasi orduko, oraindik ezer ez geneukanean, gure lanpostuak utzi genituen buru-belarri murgiltzeko gure proiektuan.

Jaso duzue laguntza publiko edo pribaturik proiektua aurrera ateratzeko?

Ideia sortu zenean, gazte ekintzaileentzako Yuzz programara aurkeztu genuen proiektua, bertan egin genituen merkatu-azterketa eta bideragarritasun-plana.

Ondoren, BerriUp azeleragailurako aukeratu gintuzten; han negozio eredua hobetu genuen eta softwarea garatu genuen.

Oso eskertuta gaude, profesional askoren laguntza eta babesa jaso dugulako.

 

+info: www.beseif.com

Beseif