Raúl Otaolea: sortu, argitaratu eta monetizatu modu erraz batean zure jokoak WiMi5ekin

14 urtarrila, 2017

 

PCa erabiltzen pixka bat dakien edonork sor ditzake bere bideojokoak WiMi5ekin. HTML5 lengoaian oinarritutako onlineko editore horrek “ikaragarri errazten du bidea bideojokoak sortzeko, EZ baita beharrezkoa programatzen jakitea; bisualki egiten da dena, ekintza txikiak eragiten dituzten kaxak elkarri konektatuz”.  

Gainera, bideojokoa bukatutakoan posible da rankingak eta ordainpeko elementuak eranstea, webean nahiz bideojoko dendetan argitaratzea… “dena klik gutxi batzuekin. Horregatik, bideojokoa bukatuta eta argitaratuta dagoenean, nahikoa da esteka zabaltzea, eta edonork jokatu ahal izango du edozein dispositibotatik”. 

 

Kontaiguzu, Raúl, nola sortu zen ideia? Zertan lagundu du Tecnaliak proiektuaren sorreran?

Nire laneko esperientziaren zati handi bat zentratu da bideojoko eta webarekin lotutako teknologiaren garapenean. Ideia sortu zen W3Ck (web teknologia estandarizatzeko organismoak) iragarri zuenean HTML lengoaiaren bosgarren bertsioa kaleratuko zuela: HTML5. Trantsizio hori egiteko, aldatu egin behar dira web edukiak sortzeko erabiltzen ditugun teknologiak, eta belaunaldi berrikoak barneratu, orain arte erabili izan ditugunak zaharkituta geldituko direlako, esaterako Flash.

Bertsio berria aurrerapen ikaragarria da, ez bakarrik webeko edukien kalitatean, baita ere interakzioan, eta, are garrantzitsuago, eduki horiek dispositibo anitzetan jaso ahal izateko. Arazoa da teknologia hori hain dela berria, ezen ez baitago tresna sinplerik estandar berriaren potentziala erraz aprobetxatzen duten web edukiak sortzeko. Nola garai hartan Tecnalian ari nintzen lanean eta nola zentroari interesatzen zitzaion barne-ekintzailetza sustatzea, proposatu nuen proiektu hau burutzea eta teknologikoki baliozkotzea, aurrerago finantzaketa lortu eta merkatura ateratzeko spin-off bat sortuta.

 

HTML5 lengoaia da WiMi5 editorearen oinarria, eta bideojokoen sektoreak aprobetxatzen du lengoaia horren interakziorako gaitasuna…

Funtsean, HTML5 aipatzen dugunean, hiru teknologiaz ari gara hizketan: HTML5, CSS3 eta Javascript ES6. Oraintsu arte ezinezkoak izan diren eduki estandarrak sor daitezke hiruren azken bertsioak uztartuta. Adibidez, 2D eta 3D grafiko azeleratuak, soinu profesionalaren kudeaketa, konexio periferikoak, komunikazioak eta bestelako funtzionaltasun zerrenda luze bat. Eta horiei denei esker dispositibo guztietan funtzionatzen duten bideojoko profesionalak sor daitezke. Hain zuzen, HTML5 lengoaiari esker, weba bera bihurtu da bideojoko plataforma. Eta kontuan izanik nolako erraztasunak ematen dituen banaketarako, zein malgua den joko-web berriak sortzeko eta 3.000 lagunek erabiltzen dutela egunero (8 urte barru planetako gainerako guztiek ere bai), esan genezake munduko komunitate handiena dela, eta oraindik esploratu gabeko potentziala duena gainera.

 

Zuen plataformak ekintzailetzarako aukera ematen die esparru horretan interesatutako beste pertsona batzuei ere.

WiMi5 editorea ez da bakarrik zentratzen entretenimenduan. Bideojokoez ari garenean, askok uste dute kontsola edo sakelakoetarako titulu handiez ari garela. Baina, egia esan, bideojokoen potentzialak aspaldi gainditu ditu entretenimenduaren industriaren mugak; arrakasta handiz aplikatzen da beste industria batzuetan, hala nola, hezkuntzan, marketinean, enpresan, simulazioetan, e.a. Eta WiMi5 esparru horietako askotan erabiltzen da. Adibidez, hainbat eskola daude Hong Kongen, Kolonbian, Mexikon, AEBetan eta, jakina, baita ere Euskadin WiMi5 erabiltzen dutenak haurrei STEM ikasgaiak irakasteko. Prestakuntza arloan, berriz, onlineko prestakuntza eskaintzen duen Aula Mentor enpresa publikoak (Hezkuntza Ministerioaren menpekoa) WiMi5 irakasten du web garatzaileentzako tresna gisa. Marketinari dagokionez, WiMi5 bideojoko kasualak sortzeko erabiltzen da, horien bidez markak sustatzeko edo entretenimendua eskaintzeko. Gure helburua da edonork aplika dezala bideojokoen potentziala edozein esparrutan.

 

Egunetik egunera hazten ari den sektore bat da, globalki lehiatzen ari dena; topaketa profesional batean esan zenuenez, “Euskadiren bereizgarria da ekintzaileen arteko komunikazioa eta partekatzeko dugun kultura”.

Egia esan, ekintzailetza-ekosistema bat osatzen duten eragileen arteko komunikazioa (ekintzaileak, inbertitzaileak, unibertsitateak eta enpresak) zuzenki proportzionala da ekosistema horrek sortzen duen berrikuntza graduarekiko. Laburpen oso orokorra egiten ari naiz, baina uste dut horixe dela baldintza nagusia gainerako guztiak funtziona dezan. Jende askok uste du Silicon Valley eta antzeko ekosistemek beste zonalde batzuek baino talentu gehiago dutela, baina ez da egia. Talentua nonahi dago planetan. Aukerak sortzeko gaitasuna da ekosistema batzuk eta besteak bereizten dituena. Eta aukerak sortzeko, interesa duten eragile guztiak jarri behar dira harremanetan, hau da, ongi komunikatuta egon behar dute.

 

Zuen kasuan, zein laguntza publiko eta pribatu jaso dituzue proiektua aurrera ateratzeko?

2014an, WiMi5 sortu genuenean, hainbat business angels eta tokiko funts txikiri esker, 290.000 €ko inbertsio pribatuko erronda bat lortu genuen, 80.000 €ko equity media deal bat barne. Urte horren amaieran beste erronda txiki bat eskuratu genuen, eta horri esker ENISAren mailegu parte-hartzaile bat eskatu eta lortu genuen. Gaur egun Cambridgen gaude, eta inbertsio erronda handiagoa lortu nahi dugu WiMi5ren eboluzioan hurrengo urratsa emateko.

 

Bizkaiko Foru Aldundiak zuen enpresa aukeratu du beste batzuekin batera Cambridge Berrikuntza Zentroarekin (Massachusetts Teknologia Institutua-MITeko ekintzaile komunitatea) duen lankidetza hitzarmenean parte hartzeko.

Hala da bai, gaur egun CICen (Cambridge Innovation Center) gaude, aukera paregabea da planetako berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosistema handienetako bat ezagutzeko eta bertan integratzeko. Hango aholkulariek laguntza ematen digute, eta pertsona egokiekin harremanetan jartzen gaituzte, enpresa bakoitzaren premien arabera. Gure kasuan, egonaldiaren lehen etapan, AEBetako inbertsio kultura barneratu dugu, bereziki Boston/Cambridge hirietakoa, eta gure diskurtsoa eta materialak egokitu ditugu inbertitzaile amerikarren eskakizunen arabera.

Gainera, hizketan ari gara bideojoko teknologiako adituekin eta sektoreko puntako enpresekin, gure plataforma hobetuko duten lankidetza akordioak ixteko. Azkenik, aktiboki parte hartzen dugu teknologia garatzaileen komunitatean, talentua geure komunitatera ekartzen saiatzeko, eta Bizkaiaren oso irudi positiboa proiektatzen dugu berrikuntza sortzen duen gune bezala.

 

+info: www.wimi5.com 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow