Leire Atxa: “Noismart” beraizik zuzendurik dago Hezkuntzara, Osasunera, Bulegoetara eta Administrazioetara

26 urria, 2017

“Zarataren Kudeaketako“ espezialista bezala aurkezten du bere burua… Makina bat ogibide dago munduan! “Bai, -dio Leire Atxak- ogibide bitxia da, baina beharrezkoa ere bai. Kontuan izan behar da zarata arazo bat dela, eta pixkanaka hazten joan dela denborarekin, premiazko esku-hartze espezializatua behar izateraino…”.

Egia da, zarata da Europa mailan gehien hazten ari den ingurumen arloko arazoa: “Europarron %65 osasun arloko agintariek gomendatzen duten indizeen gainetik bizi gara”. Eta hainbat azterlanek diote Espainia dela munduko bigarren gizarte zaratatsuena!

 

Kontua ez da bakarrik “isiltasunaz gozatu” ahal izatea; gaur egungo zarata-mailek eragin larria dute gure osasunean…

Zaratak eragina du gure osasunean, bihotz-hodietako gaitzak eta hipertentsioa izateko arriskua handitzen duelako; gainera, erantzun immunitarioa murrizten eta oinazea handitzen du, eta eragina du garuneko jardueran. Estresa, lo egiteko arazoak eta buruko minak sortzen ditu. Kontzentrazioa galarazten du eta galera ekonomikoak eragiten ditu, akatsak eta istripuak ugaritzen direlako.

Eguneroko gehiegizko zarata mailak eragin larria du maila fisikoan, psikikoan eta klinikoan. Kutsadura akustikoak bihotz-hodietako gaitzak eragiten ditu, entzumen galerak, ondoezak, komunikazio eta bizikidetza zailtasunak, jarrera erasokorrak, e.a.

 

Duela zenbait urtetik hona, arazo honek interesa piztu du jende askoren artean, alegia, familien, enpresen, eta baita ere erakundeen artean. “Zarataren Mapak” agertu dira, hezkuntza arloa eta lan-tokiak oso interesaturik daude eta “Zarataren Legea” ere sortu da…

Bai, 2003. urte amaieran egin zen lehen aldiz zaratarentzako legedia. Kolektibo askok jasaten dituzte zarataren ondorioak, eta haiei zuzentzen dizkiegu gure produktu, zerbitzu eta metodologiak.

Hezkuntza arloan, ikasleengan zein irakasleengan sortzen diren arazoak bereizten ditugu: lehenengoen multzoan daude kontzentrazio falta, errendimendu txikiagoa, entzumen arazoak… eta bigarrenean, berriz, afonia edo disfonia, hots, kolektibo horri gaixotasun profesional gisa aitortu zaion patologia bakarra. Sektore industrialeko profesionalek ere jasaten dute zarataren eragina; arriskuan jartzen dute beren osasuna, eta horregatik babestu behar dira. Orobat aipagarriak dira osasun zentroak, zaratak eragina baitu pazienteen suspertze prozesuan, ugaritu egiten direlarik medikuen hutsak eta akatsak.

Zaratak, eta bereziki gaueko aisialdian sortzen denak, gatazka sozialak eta bizikidetza arazoak sortzen ditu hiri handietan. Zorren ostean, zarata da auzokide komunitateen arazo handiena!

 

Interes handia duzue hezkuntzan, osasunean eta bizikidetzan; etengabe bilatzen dituzue pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten konponbide praktikoak. 

Noismart enpresan zaratari konponbidea ematen ahalegintzen gara ikuspegi desberdinetatik, bai sozialetik eta bai teknikotik. Ez dute konponbide bera behar osasun zentroek, etxe azpian diskoteka duten auzokoek edo herriko kutsadura akustikoa murriztu nahi duten udalek. Hori bai, saiatzen gara pertsonek sortzen duten zarata murrizten.

Gure lantaldean badugu pedagogo bat, zeinak prestakuntza ematen baitu hiritar isilagoak sortzeko haurrak garenetik. Gainera, MOOC bat (onlineko ikastaroa) kudeatzen du, profesionalak, administrazioak edo hiritarrak sentsibilizatzeko zaratak gure osasunean eta ongizatean duen eraginaren inguruan. Ingurumen arloko zuzenbide, medikazio eta parte-hartze arloetako adituekin kolaboratzen dugu, gehiegizko dezibelioek sortzen dituzten arazoak konpontzeko.

Arlo teknikoan lan egiten dugu eta espazioak egokitzen ditugu, osasuntsuak izan daitezen, material isolatzaileak eta xurgatzaileak erabiliz. Zenbaitetan beharrezkoa izaten da barnealdeko espazioak aldatzea edo benetako egoera nolakoa den ezagutzea, ingeniaritza akustikoko txostenen bitartez. Ongi ezagutzen ditugu zarata murrizteko material, teknika eta metodo eraginkorrak. Barnealdeen diseinatzaileekin, ingeniari akustikoekin eta arkitektoekin kolaboratzen dugu espazio eroso eta osasuntsuak sortzeko.

 

Zarataren inguruko aholkularitza zerbitzuak eta zarataren aurkako konponbideak eskaintzen dituzue. Baduzue gailu bat espazio lasai eta erlaxatuak lortzeko: “Noisense”

Hala da, I+G+B garatuz sortu eta fabrikatu dugu “Noisense”. Prestazio handiko sonografo bat da, zarata-maila adierazten duena denbora errealean. Begietarako nahiz belarrietarako seinaleen bidez abisatzen du zarata-ataria (instalatzen den tokirako egokia den zarata-maila) gainditzen denean eta IoT teknologia erabiltzen du hainbat gailuren arteko sareak sortzeko. Ondoren, gure app-a erabiliz, unean uneko dezibelioak erregistratzen dira, eta estatistikak sortu.

Noisense gailua datuak biltzeko sentsore adimendunez osaturik dago, eta sentsoreek sortzen duten Big Data guztia aztertzen dugu, gure bezeroei beren egoera akustikoaren benetako argazkia erakusteko, hala aukera izan dezaten hobetzeko neurriak hartzeko. Denbora errealeko informazioa eta informazio historikoa ere ematen du, eta erabil daiteke Smart Cities eta Industria 4.0 arloetako tresna gisa.

 

Nolako bezeroak ditu Noismart enpresak, “nork erosten du zuen isiltasuna”?

Zaratak eragina du denongan eta egun osoan zehar. Agente kutsagarri asko daude, beraz, nonbaitetik hasi behar eta, lau sektore hauetara zuzentzea erabaki dugu: Hezkuntza, Osasuna, Bulego Partekatuak eta Administrazio Publikoak.

Lauaxeta ikastolan, adibidez, Noisense erabiltzen dute geletan tresna pedagogiko gisa. Bulego partekatu askotan ere jarri dituzte, esaterako, Asepeyo aseguru etxean.

Uda honetan 10 ekipo instalatu ditugu Donostiako alde zaharreko 10 etxebizitzatan, eta Bilbon ere baditugu, Abando inguruan. Bi gune horiek kutsadura akustikoko arazo larriak dituzte, aisialdiko jarduerak direla medio.

 

Ingeniarien Goi-mailako Eskolan ernaldu zen proiektua eta ZITEK espazioan sortu eta hazi da. Beste laguntza garrantzitsu batzuk ere jaso dituzue zuen jarduera ekintzailea sendotzeko eta proiektatzeko.

ZITEK enpresa-haztegian kokatuta egoteak abantaila ugari ematen dizkigu. Batetik, ekonomikoki, ongi kokatutako bulego merke bat dugu Bilboko erdigunean. Bestetik, aukera dugu teknologia garatzaileen ondoan egoteko, Eskolako laborategien alboan, zalantza teknikoak ditugunean kontsultak egiteko eta garapenak koordinatzeko.

Gaur gauden tokiraino iristeko ezinbestekoa izan da beste hainbat erakunderen laguntza, hala nola BEAZena, Getxo, Bilbo, Portugalete eta Barakaldoko Udalena, eta SPRI Taldearena.

 

Orobat parte hartzen duzue ekintzailetzari laguntzeko lankidetza-sare batzuetan, hala nola Bizkaia.Networken.

Zaila da ekintzaile izatea, eta lankidetzan, sarean lan egiteak erraztu egiten du ekintzailearen lana. Horrelako sareei esker aukera dugu egunean egoteko eta gure lurraldean zer gertatzen den jakiteko: sortu diren ideia edo enpresa berriak, deialdi publikoak, balizko bezeroak, kolaboratzaileak, aliatuak…

 

MassChallenge ekimenak zuen proiektua aukeratu zuen Bostonera joateko, nolakoa izan zen bidaia? …Abantailarik eman dizue? …Nolako eragina dute horrelako esperientziek zuen etorkizuneko erronketan?

Bai, sekulako esperientzia izan zen. Bostonen egon ginen, munduko azeleragailu handienetako batean, eta horri esker jakin genuen gure produktuak tokia izan dezakeela AEBetako merkatuan, alegia, interesa piztu dezakeela. Hiru aholkulariren aholkuak jaso genituen hainbat astez, jarraitu behar genuen estrategiarekin laguntzeko. Bestalde, prestakuntza espezializatua jaso genuen hainbat kudeaketa-arlotan, besteak beste, merkaturatzean, komunikazioan edota finantzetan. Eta azkenik, oso aberasgarria izan zen hango ekintzailetza ekosistema ezagutzea: Izugarria da!

 

info+: www.noismart.com