Denis Ugalde: “Oreka” proiektu ekintzaile bat da, gizarte- eta ingurumen-bokazio argia duena

1 December, 2017
Denis Ugalde Oreka

Zuzenbidea ikasi zuen “gauzak hobetzeko” asmoz, baina berehala konturatu zen ekintzaile izatea zela bere patua. Asko bidaiatu eta mundua ikusi ondoren, lehen eskutik ezagutu zituen pertsonak eta beren arteko desberdintasun erraldoiak: “Ikusten duzunean oinarrizko premiak ase gabe dauden tokietan posible dela Coca-cola eskuratzea, baina ez jatekoa… orduan ohartzen zara zenbait arazoren atzean antolakuntza-premia dagoela eta ez baliabide-eskasia…”

Orain, Denis Ugaldek “Oreka” proiektua jarri du martxan, erantzun eraginkorrak bilatzeko elikagaien zarrastelkeriarentzat.

 

Denis, zergatik desaprobetxatzen dira egunero hainbeste elikagai? Denon ahotan dabil xahutzearen arazoa, nola ikusten duzu egungo panorama?           

Arazo konplexua da, zalantzarik gabe…

Hainbeste janari ekoizten dugu, ezen urtean ia zortzi milioi tona jateko (egoera onean dagoena) botatzen baitira zakarretara bakarrik Espainian, baina aldi berean, badago zer janik ez duen jendea. Horrek sentimendu kontrajarriak sortzen dizkigu.

Bi arrazoi daude arazo horren atzean: batetik, sektoreak ez dauzka arazo honi aurre egiteko behar dituen egitura eta bitartekoak, eta bestetik, legeak ekoizleengan jartzen du erantzukizuna, eta horrek ekimen oro geldiarazten du.

Horregatik sortu dut “Oreka”, elikagai-soberakinak emateko prozesua kanporatzeko, horrek berekin dakarren karga operatiboa desagerraraziz.

Zentzu horretan, une ezin hobean gaude lanean hasteko. Aurrerantzean legeria-esparrua malgutu egingo da horrelako ekimenak ahalbidetzeko, eta halakoen eskaera hazi egin da gizartean.

 

Arrazoizkoa da elikagai horiek birbanatzea, baina nola egingo duzu? 

Orekak elikagai-emaileen –batik bat, errestaurazio kolektiboko enpresen- eta erakunde hartzaileen –hau da, elikagai-bankuen- arteko harremana kudeatuko du. Sistema bat sustatuko dugu zakarretan bukatzeko arriskua duten elikagaiak berreskuratzeko eta beharrezko diren tokian entregatzeko.

Erraza dirudi, baina proiektu konplexu samarra da, funtsezkoa baita zorrotz betetzea legeria eta elikadura-segurtasuna.

 

Zein abantaila dakartza zure proposamenak emaileentzat eta hartzaileentzat?             

Proposamen bat garatu nahi nuke onuragarria izango dena eragile guztientzat. Ez bakarrik moralki gizartearen alde jarduteagatik, baizik eta enpresa munduan zenbakiak garrantzitsuak direlako.

Beraz, batetik, enpresak dauzkagu. Orekari eta elikagai-soberakina berreskuratzeari esker, enpresek elikagai horien balioaren %35 desgrabatu ahal izango dute, hau da, urtearen amaieran diru kopuru handia aurreztuko dute.

Bestetik, elikagai-bankuak daude, zeintzuek lan bikaina egiten baitute eraldaketa sozialaren arloan. Orekak banku horien lana osatuko du, elikagaiak eskuarki emanez.

 

Badira zuzeneko eta zeharkako beste irabazi garrantzitsu batzuk ere…

Hala da. Enpresek asko aurrezten dute proiektu honekin, baina proiektua aurrezkiaz harago doa. Gizarte- eta ingurumen-bokazio argia dauka.

Orekak zuzenean lagunduko dio gure gizarteko zati sentiberenari, premia handienak dituztenei, zoritxarrez jende askok behar baitu gizarte-laguntza bizitzeko. Euskadin bakarrik, milioi erdi bat lagun inguru bizi dira pobrezia eta bazterkeria arriskuan.

Orobat kontuan hartu behar ditugu ingurumen-faktoreak. Janaria botatzean ez gara ohartzen horrek ondorioak dituela ingurumenean. Baina jakin beharra dago 15.000 litro ur inguru behar direla kilo bat behiki ekoizteko edo elikagai-zarrastelkeriak sortzen duela negutegi efektua eragiten duten gasen %10, eta datu horiek benetan ikaragarriak dira.

 

Europa elikagai-xahutzaile handia da. Zalantzarik gabe, arazo globala da hori. Ziur badaudela beste proiektu batzuk, zuretzat jardunbide egoki, erreferente edo inspirazio izan daitezkeenak…           

Hala da bai, elikagai-zarrastelkeriaren arazoarentzat konponbide bila hasi nintzenean, dagoeneko arlo horretan lanean ari diren ekimenak bilatu nituen lehenbizi.

Harrituta gelditu nintzen ikustean atzerrian bazeudela helburuak lortzen ari ziren enpresak, negozio-eredu sostengarri, errentagarri eta eskalagarriak zituztenak.

Kontaktatu nuen lehenengo enpresetako bat Kaliforniako “Copia” izan zen, zeinak Euskadin ezarri nahi dudanaren antzeko negozio-eredua baitu. Hitz egin nuen baita ere “Phenix” multinazional frantsesarekin, zeinak, elikagaiez gain, bestelako produktuak ere berreskuratzen baititu.

Esan bezala, proiektua estuki lotuta dago errealitate sozialarekin eta legeriarekin. Horregatik, saiatu nintzen inspirazio-iturri izan nituen enpresa haietatik ahalik eta gehien ikasten, ikaskuntza hori gure herriari egokitzeko.

 

Bokazio sozial argia duen proiektu ekintzailea da zurea. Nola sortu zitzaizun kezka hori?           

Uste dut betidanik izan dudala bokazio soziala. Zuzenbidea ikasi nuen gauzak hobetzen saiatzeko asmoz. Baina berehala konturatu nintzen ekintzaile izatea zela nire patua. Atzerrian bizi ondoren erabaki nuen neure proiektuak abiarazi nahi nituela, horregatik MBA bat ikasi nuen.

Ikasketa horiek hasi baino zertxobait lehenago hasi zen elikagai-zarrastalkeriaren inguruko mugimendua. Kanpoan igarotako urte hartan herrialde asko bisitatu nituen, azkenekoetako bat Kenya. Hilabete eta erdi igaro nuen han, tokiko garapen-elkarteetan lanean.

Ikusten duzunean oinarrizko premiak ase gabe dauden tokietan posible dela Coca-cola eskuratzea, baina ez jatekoa, ohartzen zara zenbait arazoren atzean antolakuntza-premia dagoela eta ez baliabide-eskasia.

Euskadira itzultzean ustekabean topo egin nuen elikagai-zarrastelkeriaren kontuarekin, eta neure buruari esan nion: “Zerbait egin beharra dago”.

 

Ekimena aurrera eramateko beharrezko izango dituzu finantza-laguntza, laguntza teknikoa, ikusgarritasuna…            

Hala da, Oreka proiektuaren eredua da enpresa errentagarria eta eskalagarria izatea eta inpaktu handia lortzea gizarte- eta ingurumen-arloetan. Uste dut hori dela bidea, gizarte-ekintza sostengarria, bideragarria eta auto-askitzailea bultzatu behar dugula ahal den neurrian.

Une honetan, badaukat martxan jartzeko laguntza teknikoa, elikagai-soberakinen banaketan aitzindaria den “Nutrición sin Fronteras” GKEaren eskutik jasoko dudana. Bestalde, Bizkaia.network plataformak aukera handia eman dit ikusgarritasuna lortzeko. Hainbat ekimenetan parte hartu dut haren bitartez, eta eragile ugarirekin jarri naiz harremanetan, funtsean, Euskadiko ekintzailetza-ekosistemaren erdira sartu naiz.

Finantza laguntzei dagokienez, Urbegi Taldeak eta BBK Fundazioak bultzatutako Mundualdatu Arrisku Kapital Sozialeko programan nago.

Era berean, beste finantzaketa-iturri batzuen bila nabil prozesu hori bukatu bitartean. Oso garrantzitsua da aktiboki jardutea eta ahalik eta bide gehien bilatzea proiektua aurrera ateratzeko.

 

+info: degalmez@gmail.com  ///  tlf. 664 80 58 11