Alfonso Olabarrieta: “Batzuetan, aurrera egiteko, kontrako norabidetik jo behar da …”

20 urtarrila, 2017

Bere familiaren ustiategia, Poiu Baserria, S.C., duela hiru hamarkada sortu zen Arrankudiagan, aitak erabaki zuenean industria arloko lana utzi eta esnea ekoizten hastea. Harrezkero, granja hazi egin da pixkanaka, eta baita modernizatu ere, bai azpiegituretan eta bai ekoizteko eran. Ikasketak amaitutakoan sartu zen Alfonso jarduera hartan, eta negozioa aurrera ateratzen laguntzeaz gain, moduak bilatzen aritu da etengabe negozioa hobetzeko eta detaile txikiena optimizatzeko.

Granjen arazo larrienetako bat mindaren kudeaketa izaten da; Alfonsok sistema bat sortu zuen arazo hori gainditzeko, eta Promoingenio-k, berrikuntza sustatzeko plataformak, 2016ko asmakizun onenen artean aukeratu du.

 

Nekazaritzako ingeniaritza teknikoko ikasketak egin eta erabaki zenuen familiaren ustiategian lan egitea.

Hala da, 90eko hamarkadaren amaieran etorri ginen Zollora bizitzera, betiko baserrira, eta hemen jarraitu dugu gaur arte. Instalazioak hazi eta modernizatu egin dira; hogeita hamar bat esne behi izatetik ehun izatera igaro gara. Hala, Iruñera joan nintzen nekazaritzako ingeniaritza teknikoko ikasketak egitera, nekazaritza eta abeltzaintzako espezialitatean. Ikasketak amaitutakoan, 2001ean, ustiategian hasi nintzen lanean.

 

Familiaren jarduerarekin jarraitu duzu eta ekintzaile zara zeure etxean…

Abeltzainaren lana oso lotua da, egunero dauzkazu konpondu beharreko arazoak, eta minda behar bezala kudeatzea da horietako bat.

Gure granjan ingurukoetan bezalatsu lan egiten da, eta minda hori erabiltzen da granjaren inguruko larreak ongarritzeko. Baina zenbait urtarotan arazotsua izaten da, lurraren orografiagatik eta prezipitazioengatik. Horregatik, duela urte batzuk minda bereizle bat erosi genuen; izenak berak dioen bezala, prentsa berezi bat da, mindaren zati solidoa eta likidoa bereizten dituena. Lehen urrats harekin arazoa zerbait txikitzea lortu genuen, fase solidoa bereizita, asko murrizten baita mindaren bolumena.

Eta joan den urtean beste buelta bat eman genion kontuari; biltegi independente bat jarri genuen minda-hobira berriro botatzen genuen likido horrentzat. Ustiategia gain batean dagoenez, eta inguruko larreek beheranzko malda dutenez, nutrientez betetako likido aberats hori larreak ureztatzeko likido gisa baliatu genuen, presiozko punpa sistema bat eta lorategiko aspertsore bat erabiliz.

Horri esker, eraginkortasun handiagoz kudeatu ditugu sortzen ditugun hondakin organikoak. Batetik, bereizi ondoren gelditzen den simaurra daukagu, erabilera asko dituena, baliagarri baita larreetarako, baina baita ere baratze, lorategi zein negutegietarako. Eta, bestetik, ureztaketa likido organiko horrekin behar den tokiraino irits gaitezke nahi dugunean. Hala, bazka-landareen produkzio ona lortzen da, mindaren kudeaketa globala hobetzen da eta, gure kasuan, guztiz baztertu dugu minda-zisternaren erabilera, horrekin batera erregaia aurreztuz.

Horrekin esan nahi dut beti saiatu izan garela erabilpen arruntaz bestelako alternatibak bilatzen. Ikusirik lan modu honekin sortutako simaurrak hain irteera ona zuela, ekoitzitako kopurua maximizatzen ahalegindu ginen. Eta hortik dator fase likidoa deshidratatzeko ideia…

 

Bada aipu erromatar zahar bat, “obstando promoves”, esan nahi duena batzuetan aurrera egiten dela mugitu ere egin gabe; zu harago zoaz esanez “batzuetan kontrako norabidea hartu beharra dagoela aurrera egiteko”…

Lehen esan bezala, gauzak desberdin egiten ahalegintzen zarenean, ikerketan murgiltzen zara eta zeure buruari galdetzen diozu zer egiten ote duten besteek mindaren kudeaketaren arazoa konpontzeko.

Egungo joera nagusia da mindak araztea; lehenik eta behin, prentsatu eta iragazi egiten dira, eta gero, prozesu kimikoak eta biologikoak aplikatzen zaizkio. Ez dakit asko gai horri buruz, baina esan gabe doa sistema konplexu eta garestia dela. Toki batzuetan konpondu du arazoa, baina kostu altua du sistema hori baliatzen duten ustiategientzat.

Beti pentsatu izan dut konponbideak ustiategietatik etorri behar duela, eta praktikoa, sinplea eta merkea izan behar duela. (Ez da gutxi!)

Horregatik proposatu nuen minda deshidratatzeko baltsak sortzea, egungo joera nagusiaren aurkako norabidean joatea… Hau da, gure ahalegin eta diruarekin mindatik ura ateratzen saiatu beharrean, kontrakoa egitea, eta zati likidoa lehortzea, askoz garbiagoa delako eta dohainik delako, eguzkia erabiltzen baitugu horretarako.

 

Prozesu sinple, natural eta sostengarri horrekin goi-mailako kalitateko simaurra lortzen duzu

Baltsa deshidratatzaileen lan-kontzeptua betikoa da, “gatzaga” tradizionalen berbera; hau da, azalera handiko eta sakontasun oso txikiko baltsak egin behar dira, kasu honetan, mindaren fase likidoa azkar deshidratatzeko.

Lortzen den produktua kalitate handikoa da dudarik gabe, handia delako lohi esekiaren eta jatorrizko soluzioan disolbatutako karga mineralaren bolumena.

 

Sistema bikaina prezipitazio gutxi eta urtaroka dituzten eskualde eta zonaldeetarako

Hala da. Printzipioz, urtean (batez ere neguan eta udaberrian) 400mm baino gutxiagoko prezipitazioak dituzten zonaldeentzat pentsatuta dago. Interesgarria izan liteke, adibidez, Aragoi, Katalunia edo Murtziako zenbait eskualdetarako. Gainera, abeltzaintza intentsiboko zonaldeak dira eta horrek minda-kutsadurako arazoak eragiten ditu.

 

Prozesuaren abantailak zeure ustiategian ebaluatu ostean, nola zabalduko dituzu? Nola merkaturatuko dituzu emaitzak?

Eskalako errepresentazio bat baino ez dut eraiki gure etxean eta harekin frogatu dut ideiak funtzionatzen duela, oso ongi funtzionatu ere. Pena da Zollon hainbeste euri egitea.

Oraindik hastapenetan dagoen proiektu bat da, eta ni berria naiz… Granjako lanetan ematen dut egunaren zati handiena, eta oraingoz webeko informazioa baino ez dut prestatu: www.balsadeshidratadoradepurin.com

Une honetan proiektuari buruzko informazioa biltzen ari naiz: kostuak, beste tratamendu sistema batzuekiko suposatuko duen aurrezkia… Deshidratazio graduei buruzko azterlan sinple bat ere egiten ari naiz. Asmoa da, ahal den neurrian, abiapuntuko lau ideia orokorrak osatzea.

Honelako elkarrizketak ere erakusleiho aparta dira. Eskerrik asko, beraz.

Lehen esan bezala, prozesuaren hasierako fasean gaude oraindik, eta merkaturatzeko aukerak aztertzen ari gara. Arrakasta izateko, ideiak ona izan behar du eta arazoak dituen jendearengana iritsi behar du. Ez da erraza, nekazariak aspertu gara mirarizko konponbideekin.

 

Promoingenio-k, berrikuntza sustatzeko plataformak, 2016ko asmakizun onenen artean aukeratu du zure lana.

Sorpresa atsegina izan da, ez nuen espero. Ideia oso sinplea da nire ustez.

Oraingoz, mapan kokatu gaitu, ikusgarritasuna eman digu. Web-gunea ongi funtzionatzen ari da, eta jakin-mina sortu dugu behintzat. Orain lan egin behar da, eta negozio-aukerak sortuko dituzten ateak jo behar ditugu. Abiatzen ari gara, baina uste dut badagoela aukera gauzak beste modu batean egiteko eta emaitza onak lortzeko.

 

+info: www.balsadeshidratadoradepurin.com

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow