“Songlive” eta “Buscocamarero”, Metxa azeleragailuko bi web-proiektu berri

28 azaroa, 2017
Metxa Buscocamarero Songlive

Ekimen ekintzaileentzako Metxa azeleragailuak (Gasteiz) interesa agertu du Zitek zentroan kokatutako bi gazte bizkaitarrek plazaratutako bi web-proiekturen aldera: Songlive ekimenaren helburua da booking eredu berri bat ezartzea Estatuan eta nazioartean. Bestalde, Buscocamarero proiektuak goitik behera aldatu nahi du ostalaritza sektorean enplegua bilatzeko modua, zeren sistema horren bidez ostalariak berak aukeratu baititzake profesionalak. 

Metxa azeleragailuak helburutzat du bere azelerazio-programan sartzen diren proiektu ekintzaileetan inbertitzea. Horretarako inbertitzaile talde bat du, zeintzuk beren beregi elkartu baitira aukeratutako proiektuak babesteko. Era berean, hainbat diziplinatan espezializatutako aholkulari-talde batek laguntza ematen die ekintzaileei azelerazio-prozesuan zehar eta prozesua amaitutakoan.

Metxa azeleragailuaren inbertitzaileei buruzko ikastaro batean parte hartu ondoren, egoitza Zitek zentroan (UPV/EHU, DFB/BFA eta BEAZen ekintzailetzari laguntzeko programa) duten Álex Lobo eta Álex Sabino euskal gazteak azeleragailuak eskaintzen dituen aukerez interesatzen hasi ziren. Hainbat elkarrizketa egin ondoren, Metxak beren Songlive eta Buscocamarero proiektuak aukeratu ditu azelerazio-prozesua gauzatzeko.

Songlive.es proiektuak onlineko booking eredu berritzaile bat proposatzen du musika-talde eta DJentzat, eredu tradizionalarekiko guztiz disruptiboa dena. Musikari baten diru-iturri nagusia kontzertuak direnez, Songlive proiektuak espazio berean elkartzen ditu new talent musikariak eta sustatzaileak, musika-taldeek eta DJek diru-sarrera erregularrak izan ditzaten, eta, aldi berean, beren burua ezagutaraz dezaten musikaren munduan.

Buscocamarero.es proiektuak, berriz, irauli egin du ostalaritza sektorean lana bilatzeko modua. Lan bila dabiltzan profesionalak plataforman erregistratzen dira eta ostalaritzako enpresak (tabernak, jatetxeak, catering-ak, gurutzaontziek, e.a.) zuzenean jartzen dira harremanetan lan bila dabiltzan pertsonekin. Horrela, ostalariek eurek aukera ditzakete beren premiei ongien egokitzen zaizkien profesionalak.