Regina Llopis enpresariak eta matematikako doktoreak irabazi du Ada Byron saria

4 April, 2017

Regina Llopis.

Saritua AIA taldeko presidentea da.

 

Emakume Teknologoarentzako Ada Byron sarien laugarren edizioak badu irabazlea: Regina Llopis, Adimen Artifizialari aplikatutako Matematikako doktorea (Berkeley Unibertsitatea) eta AIA enpresa taldeko fundatzaile eta zuzendari nagusia. Llopis-ek esperientzia zabala du ikerketari eta berrikuntza teknologikoari laguntzeko esparruan, bai eta enpresa munduko emakumeen lidergoaren arloan.

 

Regina Llopis matematikako doktoreak AIA (Aplicaciones en Informática Avanzada) enpresa sortu zuen 1988an. Bere zereginetako batzuk dira taldea nazioarteko merkatuan zabaltzeko estrategia zuzentzea, eta big data, banking, osasun eta telekomunikazio arloekin lotutako negozio-ildoak gainbegiratzea. Gainera, bere ibilbidean zehar hainbat hezkuntza-proiektu bultzatu ditu, ikerketa-zentroak sustatu ditu eta startup-en sorrera bultzatu du.

 

2015ean, Regina Llopis-ek IWEC Award saria eskuratu zuen. Federation of Indian Chambers of Commerce and Industry Ladies Organization (FICCI/FLO) erakundeak eta Bartzelona eta Manhattaneko Merkataritza Ganberek sortu zuten sari hori. Matematikako doktoretza ez eze, Regina Llopisek baditu orobat enpresa teknologikoen management eta goi-zuzendaritzako tituluak eta enpresa munduko emakumeen lidergoarekin lotutakoak.

 

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak sortu zituen Ada Byron sariak, IK4 zentroaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen babesarekin. Sariketa 2014an sortu zen, emakume teknologoek zientzian eta ezagutzan egiten duten lana aitortzeko. Bestalde, sarien bidez zientziarako bokazioa sustatu nahi da neska belaunaldi berrien artean, emakume eredugarrien ikusgarritasuna bultzatuz.

 

Laugarren edizio honetan, epaimahaiak 96 hautagaitza jaso zituen, 2016an baino bi aldiz gehiago. Gainera, hautagaien profilak inoiz baino anitzagoak izan dira, eremu profesional askotakoak (adimen artifiziala, big data, osasuna, teknologia aeroespazialak, energia nuklearra, garraioa eta fabrikazio aurreratua) aurkeztu baitira.