Lorra S. Koop.-ek laguntza ematen die Bizkaiko lehen sektoreko ekintzaileei

10 May, 2017

Nekazaritza sektoreko Bizkaiko ekintzaileei beren proiektuak egia bihurtzen laguntzea, horixe da Lorra S. Koop.-en zeregin garrantzitsuenetako bat. Lorra S. Koop. erakundeak ekintzaileei laguntzeko zerbitzua ematen du Bizkaian, Gaztenek 2020 programaren barruan. Programa hori Hazi Fundazioak koordinatzen du Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera.

Gazteak nekazaritza-ustiategietara bideratzea helburu duen Gaztenek programa abian dago 2004tik eta eguneratu egin da Euskadiko 2016-2020 Landa Garapen Iraunkorrerako programa berria onartu eta abiarazi denetik. Epealdi horretan Lorra erakundeak sendotzen lagunduko die lehen sektoreko proiektuei, tutoretza emanez beren lehen bost urteetan. Gaur egun, Lorrako taldea lanean ari da 217 negozio-proiektutan; horietatik 155 gizon ekintzaileek bultzatu dituzte eta 62, berriz, emakume ekintzaileek.

Lorrak babesa ematen die beren hastapenetatik, hala gogoeta eta azterketa prozesuan laguntzen die beren negozio-eredua definitu dezaten, eta baita gero ere negozioaren ezarpen fasean. Behin negozioa abian jarri ondoren, Lorrak garapen fasean behar duten informazioa eta jarraibideak ematen dizkie eta enpresa-planaren jarraipenaz arduratzen da.

Ibilbide horretan, era askotako oztopoak –profesionalak, pertsonalak, abagunekoak- gainditu behar dira, denek ez baitute lortzen beren proiektua enpresa bihurtzea. 2016an aurkeztu ziren 60 espedienteetatik 49 bihurtu ziren ustiategi.

Gainera, urte horretan 45 negozio-proiektu berri monitorizatzen hasi ziren, 2017an eta hurrengo ekitaldietan ezarpen bihurtu daitezen, hainbat jardueretarako instalazio proiektuekin. Aurreko urteetan bezala, aipatzekoak dira baratze ekologikoak eta beren bidea urratzen ari diren beste hazkuntza joera batzuk, hala nola, barraskilogintza eta perretxikogintza. Orobat ordezkatuta daude gainerako azpisektoreak: esne-behiak, okelatarako behiak, ardiak, baratzezaintza, erruteko hegaztizaintza, erlezaintza, untxi-hazkuntza, eta abar.

  • Bizkaiko ekintzailea nagusiki gizonezkoa da, eta bere helburua da etorkizunerako alternatiba bat bilatzea krisi egoeran, eta baita ere bizimodu berri bat hastea.

 

Ekintzailea batik bat gizonezkoa da eta gaztea, bere lan-ibilbideak ez du zerikusirik landa-ingurunearekin, baina etorkizunerako alternatiba bat bilatzen du krisi egoeran. Badira baita ere familia gazte batzuk, lehen sektorean dagoeneko ezarrita daudenak eta familia-negozioen belaunaldi berria direnak. Eta orobat badira 41 urtetik gorako ekintzaileak, Gaztenek 2020 programa berriak kolektibo hori ere barne hartu duelako lehenengoz. Kolektibo horrek gaztetu egiten du batez beste 60 urteko pertsonez osatutako sektore hori, eta askotan dagoeneko badauzkate ekintzaileek izan ohi dituzten arazoentzako konponbideak: lur-saila, funts propioak, abalak…

Ekintzailetzari laguntzeko zerbitzua garatu ahal izateko, Lorrak 8 teknikoz osatutako talde bat du, proiektuetan aurkeztutako nekazaritza- eta abeltzaintza-arloetan espezializatuta daudenak eta 2016an 2.452 lanordu eskaini dizkietenak proiektuei. Lorra erakundean Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintza elkarteak biltzen dira, eta kudeaketa-zentro bezala, nekazaritza eta abeltzaintzako zerbitzuak ematen dizkie bere bazkideei eta ustiategiei.

info+: www.lorra.eus

Lorra Koop