Kontatu zure istorioa. Konektatu zure publikoarekin: Haizea de Pedro

14 September, 2017

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza ikasi zuen Mondragon Unibertsitatean, non Kooperatiba Junior bat sortu baitzuen bere lantaldearekin batera. Gero, Merkataritza eta Marketin ikasketak egin zituen UOCen, eta gaur egun Marketin Digitalean espezializatuta dago (ESIC).

Baikorra, sortzailea, jakin-min handiko idazlea, Haizeak dio aro digital berriaren, marken nortasunaren eta enpresa txikien ZALE handia dela: “Atsegin dut markez, beren nortasunez, estrategiez, sare sozialez eta aro digital berriaz mintzatzea. Uste dut komunikazioa dela arrakastaren giltza. –Oraintxe bertan barrez lehertzen ariko zarete, mila aldiz irakurri eta entzun duzuelako hori-. Nik benetan sinesten dut horretan. Eta hori nahi duzuen arloan aplika dezakezue, negozioetan, familian, lagun artean, bikote-harremanetan… komunikazio onak asko errazten ditu gauzak. Zin dagizuet!”

 

Sinesten duzu posible dela “mundu hobe bat”, eta helburutzat duzu “mundu hori aldatzea jende ameslari eta borrokalariarekin, %50 – %50”.

Hala da, bai. Uste dut egiten duen hori maite duen jendea behar duela munduak. Egiten duen hori maite duen jendeak amestu egin du egin baino lehen, eta ez da kasualitatea. Amets egiten ausartzen dira. Baina ez dira hor geratu, gero ametsak egia bihurtu dituzte, ahalegin eta lan handiz. Atsegin dut beren lanarekin harmonia onean dagoen jendeaz inguratzea.

Nire ametsa da ahotsa ematea beren negozioak benetan sentitzen dituzten marka txiki horiei. Beren bezeroekin konektatzen eta komunitateak sortzen laguntzea.

 

Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntzako ikasketak egin zenituen Mondragon Unibertsitatean eta gero Marketin Digitala ikasi zuen.

MUtik pasatzeak begiak ireki zizkidan; nire bizitzak 360ºko itzulia egin zuen. Modu praktiko eta kolaboratiboan ikastearen plazera erakutsi zidaten. Orduantxe hasi nintzen mundu digitalean benetan interesatzen eta Marketin Digitalean espezializatzea erabaki nuen.

Halere, ekintzaile izateko ez da nahikoa ezagutza izatea, jarrera egokia ere behar da. Badakit bizitzen ari naizen prozesu hau oso desberdina izango zela LEINN egin izan ez banu, hantxe zailtzen baita enpresa espiritua eta lortzen baita merkatuen ikuspegi globala.

 

Prestakuntza eta esperientzia horiek baliagarri zaizkizu ekintzaile izateko Internetek eskaintzen dituen aukerei esker.

2.0 munduak lanbide berriak sortu ditu (SEO, copywriter, web orrien diseinatzaileak…). Horrelako lanak egiteko aski da ordenagailu bat eta WiFi seinalea edukitzea, horregatik, nomada digitalok aukera dugu munduko edozein txokotatik lan egiteko. Egunero sortzen dira aukerak, baina Interneten egon beharra dago aukera horiek aprobetxatzeko.

Gainera, bakarrik ekin nahi izanez gero, pixka bat denetarik jakin behar da. Baina, Interneti esker, klik pare batera gaude behar dugun informazio eta ezagutzatik.
Internetek ate asko ireki dizkigu Sortu nahi dugun gazteoi. Orain posible dugu gure denbora kudeatzea eta geure buruaren nagusi izatea, freelancer plataformei edo norbere web orriei esker.

 

Hitz egin dezagun zure Komunikazio zerbitzuez: 2.0 errealitatean bizi garela diozu eta errealitate horretan “kontatzea garrantzitsuagoa da bizitzea baino…”

Jendearentzat ez da nahikoa bukatutako produktuaren argazki eder bat ikustea. Gehiago jakin nahi du pantailen atzean ezkutatzen denari buruz: nola egiten den produktu hori, zein den enpresaren misioa, nolakoa den bere eguneroko lana, zein abantaila ematen dituzten produktu horiek… Informazioa nahi dute, istorio kontsumitzaileak garelako txikitatik.

Marka guztiek izan behar dute bere nortasunarekin bat datorren ahots bat komunikaziorako.

Horixe da nire lana, ahots horri forma ematea eta komunikazioak funtziona dezan lortzea.

 

“Eduki sorkuntza” beharrezkoa da Interneten presentzia duen edozein negoziorentzat: “Copywriting”

Onlineko denda bat edo Interneten presentzia duen edonork badaki diseinu on bat eta irudi onak funtsezkoak direla inpaktua lortzeko. Baina kontuz! Hitzek bakarrik dute konektatzeko eta konbentzitzeko gaitasuna.

Gainera, eduki horrek eguneratua izan behar du. Batzuek edukia sortzen dute, eta beste batzuk konektatu egiten dira eduki hori ikusteko. Markek sortzaile izan behar dute, zalantzarik gabe.

Zergatik kontratatu behar da copywriter bat? Ona al da marka batentzat komunikazioa kanporatzea?

Ni neu enpresa txiki eta ertainetan zentratzen naiz. Eta bai, ona da. Marka askok arazo berbera izaten dute: profesionalak profesional gisa espresatzen dira, hau da, sektoreko hitzekin, teknizismoekin. Komunikazioak funtziona dezan, bezeroaren hizkera erabili behar da.

Ardoa erosten duten pertsona guztiak ez dira enologoak eta batzuek ez dute ardoaz ulertzen, eta ordenagailuak erosten dituzten pertsona guztiak ere ez dira informatikariak.

Ordenagailuaren sortzailea bada mezuaren igorlea, inork ez ditu mezu horiek ulertuko.

Copy bat jomuga publikoan zentratzen da, eta jomuga horren arabera –pertsona nagusiak, nerabeak- egokitzen ditu mezuak.


Idaztea da copywriter baten lana. Edozein gairi / sektoreri buruz idatzi al dezake?

Idazle sortzaile batek (copywriter) entzun egin behar du idatzi aurretik. Bezeroei beti esaten diet zein garrantzitsua den egoera aztertzea eta helburuak jartzea. Ezin dugu pentsatu gabe idatzi. Eta, zoritxarrez, horixe egiten dugu askotan.

Marka guztiei esango nieke azter dezatela beren egoera. Zer diote beren mezuek? Hariren bat jarraitzen dute? Zein iritzi dute gainerakoek mezu horiei buruz? Gai dira inpaktua lortzeko? Hunkigarriak dira?

Hau da, lanean hasi baino lehen funtsezkoa da azterketa bat egitea. Oro har, copywriter batek publikoarekin konektatu behar du, ez ditu zertan ezagutu sektoreko teknizismo guztiak. Dena den, onartzen dut lana errazagoa dela markak eta copy-ak elkarrekin konektatzen badute.


Zein proiektutan zabiltza orain? Badakigu arestian argitaratu duzula zure web orri berria eta lanean jarraituko duzula marketina pertsonen arteko komunikazio tresna indartsuena izan dadin…

Esperientzia honen bidez historia handiko marka txikiak ezagutu ditut. Prozesu bakarra eta pertsonalizatua bizi izan dut haietako bakoitzarekin, eta asko ikasi dut denekin.

Markak ahalduntzea da nire hurrengo helburua, beren kabuz idatz ditzaten bezeroak hunkituko dituzten testuak. Funtsean, ama batek ezagutzen du ongien bere seme edo alaba.

Eta ezin dut gehiago esan. Horrelakoxea da komunikazioa, esaten ez denak ere asko esaten du norberaz 😀

Eskerrik asko aukera hau emateagatik!

 

+info: haizeadepedro.com