Jendea behar duzu zure negozioa garatzen laguntzeko?

25 June, 2013

JENDEA BEHAR DUZU ZURE NEGOZIOA GARATZEN LAGUNTZEKO?

GIZA KAPITALA: Zure enpresa proiektua eraikitzen lagunduko dizun jendez beteta dago mundua

 

Ekintzaile gehienek bakarrik abiarazten dituzte beren proiektuak eta beren kexa nagusia da ezin dutela langilerik kontratatu ez dutelako baliabide ekonomikorik. “…Langilerik gabe ezin ditut nire produktu eta zerbitzuak modu lehiakorrean eskaini dirua lortzeko eta, dirurik gabe, ezin dut langilerik kontratatu…”

 

Negozio eta enpresa guztiek badute ezaugarri komun bat, alegia, pertsonez osaturik daudela. Gizarteak erraz katalogatzen eta bereizten ditu pertsona horiek: “nagusiak eta enplegatuak”. Nagusiak agindu eta ordaindu; enplegatuak obeditu eta hilean behin kobratu.

 

Agian lehen eredu horrek bazuen bere zentzua, baina negozioen kudeaketaren bilakaerak aldatu egin ditu termino horiek eta “Giza Baliabide” tratamendua sortu du. Geroago, pertsonak enpresetara erakarri eta leialtzeko teknikek ekarritako iraultzaren ondorioz, gaur egun erakundeek (handiek nahiz txikiek) ahalegin handia egiten dute “giza kapitalaren” talentua eta gaitasunak garatzeko, eurak direlako negozioen lan tresna eta benetako bihotza eta indarra.

Giza kapitala deituriko horretaz inguraturik gaude, aski dugu kapital hori identifikatzea, atzematea, akuilatzea eta gure proiektuan integratzea.

Gaur egungo panorama ekonomikoa gorabehera, garai zoragarri batean bizi gara:

– Sekula ez da hezkuntzadun hainbeste jende egon munduan.

– Komunikazio globala bideratzen duten sareak dauzkagu.

– Historian inoiz izan den gazteriarik prestatuena daukagu.

 

Hori hala dela jakinik, esango zenuke munduan inor ez dagoela prest bere denbora eta ahalegina eskaintzeko zure proiektuari?

Mundua kolaboratzaile potentzialez josita dago.

 

Badakizu lanbide heziketako ikastetxeetan, negozio eskoletan eta unibertsitateetan erraztasunak eta finantzaketa ematen dizkietela beren ikasleei praktika presentzialak eta tele-praktikak egin ditzaten?

Munduan makina bat zentro dago zure premia dutenak: prestakuntza osatzeko esperientziak.

 

Ez duzu uste beste ekintzaile batzuk ere badaudela, beren proiektuak zurearekiko osagarriak izan daitezkeela eta elkarlan hori biontzat onuragarria izan daitekeela?

Munduan makina bat ekintzaile dago ko-ekintzailetzaren aldeko apustua egin dutenak.

 

Ikusten duzunez, ez da ezinezkoa zure proiektua garatzen lagunduko dizun jendea aurkitzea; ingurua aztertu eta arretaz begiratu behar duzu. Seguruenik, urrunago edo hurbilago, izango duzu ko-ekintzaileren bat, praktikak egiteko negozio bila dabilen prestakuntza zentroren bat eta proiektuan kolaboratzeko, beren burua baliagarri sentitzeko eta beren talentua eta gaitasunak eskaintzeko prest dagoen jendea.

 

Erabili Internet sarea, parte hartu ekintzailetza topaketetan, jarri harremanetan zure inguruko prestakuntza zentroekin, eta zergatik ez, baita ere beste eskualde edo herrialde batzuetakoekin. Harrituko zara; zure negozioaren Giza Kapitala eraikitzen lagunduko dizun jendez beteta dago mundua: Euskadin, Bartzelonan, Parisen, Indian edo Sebastopolen.