Iritzi-Talde bat deitzerako 10 iradokizun

13 August, 2013

GURE NEGOZIOAN IRITZI-TALDE BAT DEITZERAKOAN KONTUAN HARTU BEHARREKO 10 IRADOKIZUN

Ekintzaileok ikuspegi eta iritzien premia daukagu, gure ideiak hobetzen edo zenbait arazo konpontzen laguntzeko

 

UP Euskadi-ren beste artikulu batzuetan, sortzeko prozesua ekintzaileen zerbitzuan dauden tresna nagusietako bat dela esan dugu. Sormenaren etengabeko premia dugu gure jarduera profesional eta enpresarialean, eta, ildo horretan, iritzi-talde bat eduki behar dugu eskura, ideia berriei heltzeko, formula alternatiboak aurkitzeko eta sor litezkeen arazoei konponbideak emateko; hortaz, iritzi-talde baten ekarpenak garrantzi handia dauka guretzat, gure erronkak aurrera eramaten, arriskuak murrizten eta gure negozioetan ezarritako helburuak betetzen laguntzen digun neurrian.

 

“Batek irudika dezakeen oro, beste batzuek, aurrerago, gauzatu egingo dute” (Jules Verne)

Pertsona bat zerbait irudikatzeko gauza baldin bada, pertsona-talde batek ideia ugari sor ditzake, eta, behin ideia horiek guztiak prozesaturik, ekintzaile batek horiek gauzatzeko gauza izan behar du.

Iritzi- eta sormen-taldeekin lan egiteko zenbait teknika erabiltzen dira, hala nola “brainstorming” edo ideia-jasa, “Deplhi” teknika, “635” edo “Philips 66” metodoak, “zwicky-ren kaxa” eta abar. Horrelako teknika ia guztiak taldeka garatzen dira, eta haien haritik hamar iradokizun egiten dira. Honako hauek dira:

 

1. OSAERA

Ausardiaz jokatu, eta deitu adin desberdinetako, profil desberdinetako eta ikuspuntu desberdinetako pertsonak; ezbairik gabe, ikuspegi desberdinak mahaigaineratuko dituzte, eta, hortaz, saioa aberasgarriagoa izango da, baita saiotik erator litezkeen emaitzak ere. Honetan ezin daiteke profil jakin bat lehenetsi, baina hori bai, parte-hartzaileek malguak eta asertiboak izan behar dute, aldaketara irekitako pertsonak.

 

2. TAMAINA GARRANTZITSUA DA

Taldean gehienez hamar edo hamabi pertsona biltzea komeni da; gehiago izanez gero, taldea ezin izango da behar bezala gobernatu, eta beharrezko elkarreragina ez da erraza izango. Kopuru egokiena, nolanahi ere, lau kidetik zortzira bitartekoa da; horrela, saioa biziagoa izango da, eta solasaldien emaitza, berriz, eraginkorragoa.

 

3. TOKIA

Taldea zurekin toki jakin batean jardun ohi duten pertsonez osatua badago, bilatu beste toki bat, guztiz bestelakoa. Garrantzitsua da toki horretako giroa lasaia izatea, bestela jendeak arreta gal lezakeelako; gainera giro egoki hori lagungarri izango da parte-hartzaileek bilerari merezi duen balioa eman diezaioten.

 

4. JARRERAK

Pertsona batzuekin beste batzuekin baino erosoago egoten gara, eta gogokoen ditugun horien ondoan esertzeko joera izaten dugu normalean. Ahal dela, apurtu “lerrokatze”moduko horiek, eta, batez ere, saihestu “elkarren aurkako taldeak”. Osaera biribila ahalbidetu, taldekide guztiak maila berean jarrita.

 

5. TRESNAK ETA OSAGARRIAK

Arbel bat, gaiak hobeto deskribatu eta irudikatzeko; kartoi meheak horman; ohar itsasgarriak; papera eta boligrafoak parte-hartzaileentzat; erloju bat txandak errespetatu eta berdintzeko; eta abar. Hasierako urduritasunari aurre egiteko, jolasen bat antola dezakezu, jendea lasaitzeko eta aztertu beharreko gaiari edo gaiei errazago heltzeko. Ura, freskagarriak edo kafea eraman ditzakezu edateko, baina janaririk ez; saioaren aurrean edo ostean bai, orduan jan daiteke.

 

6. DINAMIZAZIOA

Taldekide bat dinamizatzaile gisa aritzea komeni da, gainerako taldekideei bakoitzak bere iritzia ematera animatzeko, eta, hala badagokio, hitzaldiak moderatzeko, horrela saioak bizkortzeko eta esandakoak gai nagusitik ez urruntzeko.

 

7. HELBURU ARGIAK ETA ZEHATZAK

Saioaren dinamizatzaileak, jakina, argi eta zehatz adierazi behar du berariaz aztertu beharreko gaia. Tartean ageri den arazo bat konpontzea izan ohi da helburua, baina iritzi-talde bat deitzea komeni da, halaber, ideia alternatibo berriak sortzeko, edo oraindik aurrera eraman ez diren beste zenbait ideia hobetzeko.

 

8. OHARRAK

Oso garrantzitsua da hitzaldietako funtsezko hitzak eta esaldiak idatzita jasotzea, ondoren, saioaz kanpoko beste une batean, beste zenbait gogoetaren sorburu izan daitezkeelako. Taldearekin pentsatzea eta ideia guzti-guztiak kopiatzea ezin daitezke uztartu; horregatik, ezbairik gabe hobe da oharrak hartzeaz arduratzen denak ideien transkripzioari arreta osoa jartzea.

 

9. ELKARRERAGIN ASKEA

Parte-hartzaileen arteko komunikazioak askea, bat-batekoa eta arina izan behar du. Garrantzi handikoa da mota guztietako iritziak ematea, kritikak, isekak eta balio-judizioak alde batera utzita. Batzuetan, itxuraz antzuak diren ideia eta iritzietatik proiektu edo konponbide interesgarriak sortzen dira.

 

10. TXANDAK

Hobe da hitz egiteko txandak, gutxi gorabehera, minutu batera mugatzea; era berean, gai bati buruzko eztabaidak gehienez hamabost edo hogei minutu iraun behar du, eta, dinamika osoak, berriz, ordu eta erdi edo bi ordu, hurrenez hurren. Zenbait egun geroago ekarpenak ebaluatuko dira, eta emaitza taldekideekin partekatu behar da, orri batean edo bitan labur-labur jasota.

 

Saioetako emaitzak positiboak izaten dira gehienetan, eta, normalean, hiru ideia mota sortzen dira edo nabarmen hobetzen:

 

Berehala erabiltzekoak:

Denbora-tarte labur batean gauzatu ahal izango dira, eta sortutako ideiak eskuragarri dauden gaitasun, trebetasun eta baliabideekin uztartuko dituzte.

 

Erronkara hurbiltzeko ekimen berriak:

Aztertu beharreko gaia ez da lehen saioan konpondu, eta horregatik handik gutxira beste dinamika bat antolatu beharko da, talde berberarekin edo beste talde batekin.

 

Denboran garatzekoak:

Planteamendu batzuei buruzko gogoetak arreta handiagoa eskatzen du. Ideia horiek aurrera eramatea zailagoa da, hainbat arrazoirengatik, arriskutsuak direlako, bitartekorik ez dagoelako, egoera desegokia delako eta abar.