Ideiak, finantzaketa, banaketa eta networking-a Fun & Serious Jaialdian

17 October, 2017

Bideojoko garatzaile independenteek toki paregabea aurkituko dute beren kezkak partekatzeko eta aukerak identifikatzeko Bilboko Fun & Serious Jaialdian. Ekitaldi horrek aukera emango die beren ideiak aurkezteko, finantzaketa-bideak nahiz banaketa-kanalak ezagutzeko eta networking-saioak egiteko profesionalen arteko topaketetan. Abenduaren 8 eta 9an egingo diren jardunaldi horietan elkarrekin bilduko dira sortzaileak, publisher-ak eta inbertitzaileak.

Fun & Serious ekitaldiak, Europa osoko “gamer”entzako “gaming” jaialdi handienak, iragarri du GAMES INDUSTRY FORUM (GIF) ekitaldiaren edizio berri bat egingo duela. Ekitaldi hori iaz antolatu zen lehenbizikoz eta indartuta itzuliko da aurten. Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da abenduaren 8 eta 9an. Ekitaldiak aukera interesgarria eskainiko die sektoreko profesional eta sortzaileei networking-saioak egiteko, hazteko eta berritzeko, elkarrekin bilduko baititu industriako eragile guztiak: diseinatzaileak, garatzaileak, publisher-ak nahiz inbertitzaileak. Nazioarteko punta-puntako estudioak Bilbora etorriko dira eta bilerak egingo dituzte business angels, banatzaile edo “Gaming” plataforma handietako ordezkariekin.

“GIF” ekitaldiak dimentsio bikoitza du, batetik, B2B negozio-plataforma delako, eta bestetik, prestakuntzarako topagunea. Hainbat jarduera eskaintzen ditu, besteak beste, hauek: sortzaileentzako “speed dating” saioak balizko finantzatzaileak ezagutu ditzaten; bilerak komunikabide espezializatuekin; networking-guneak; eta tailer praktikoak eta mahai-inguruak, negozioa sortzeko eta kasu arrakastatsuak aztertzeko. Orobat aurkeztuko da “MatchMaking” tresna berri bat, zeina pizgarri bat ez eze, topagune eraginkorra ere izango baita industriako ordezkarientzat.

Antolatutako egitarauaren bidez, “GIF” ekitaldiaren helburua da parte hartzen duten enpresa eta profesionalei laguntzea beren kontaktu-sareak indartzen eta hainbat enpresa arlori (hala nola, teknologiaren mundu konplexuan mugitzen den talentu sortzaileari) buruz dituzten ezagutzak hobetzen.

“GIF” jaialdian parte hartuko duten goi-mailako hizlariek hizpide hartuko dituzte bideojokoaren nazioarteko merkatuaren ezaugarriak, zabaltzeko aukera handiak dituelako etorkizunean. Punta-puntako enpresa editoreek (besteak beste, Devolver Digital, Rising Star Games, KISS ltd, Abylight, Headup Games edo Raw Fury) lekua partekatuko dute inbertitzaileekin (adibidez, Travis Winstanley – KUJU) edota sektoreko adituekin (esaterako, Ekaterina Nemova, Wargaming estudiokoa).

Promesa eta talentu independente berriek ere izango dute beren txokoa: “Indie” eremua topagune bihurtuko da eurentzat, eta plataforma ere bai, bere bitartez euren proiektuak aurkezteko inbertitzaile, publiko eta hedabideen aurrean. Gune horretatik igaroko dira F&S ekitaldira hurbildutako lagunak (25.000 inguru) eta bideojokoetan espezializatutako enpresa handiak. Aurreko edizioetan gune horretatik pasa ziren gaur egun industriaren barruan ezinbestekoak diren hainbat estudio, hala nola, TeamGotham, Milkstone, Pixel Cream, Binary Soul, Minduck edo Gato Salvaje.

+info: http://www.funandseriousgamefestival.com/