Google eta Amazon konpainiek bat egin dute industria sektorean startup enpresen azelaraziorako BIND 4.0 Euskal programa publiko-pribatuarekin

5 July, 2017

Arantxa Tapia sailburua izan da BIND 4.0 programaren bigarren edizioa nazioartean abiarazteko ekitaldiaren buru

 

Lehen deialdiak izan zuen arrakasta ikusirik, bi erraldoiek BIND 4.0 ekimenean parte hartzea erabaki dute, bazkide teknologiko gisa, 2016an jada partaide izan ziren Microsoft eta Siemensekin batera

Gaur, uztailak 5, zabaldu da nazioartean BIND 4.0 programaren bigarren deialdia, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak programa berritzaile honetan esku hartzen duten punta-puntako 17 industriekin (Euskadin finkatutakoak guztiak) izan duen bileraren ondoren

Gaurtik irailaren 15era, mundu osoko startup enpresek aukera izango dute euskal programa berritzaile honetan izena emateko; hala, enpresa hautatuek industria sektoreko maila goreneko bezeroengana iristeko bermea izango dute

 

Gaur abiatu da BIND 4.0 programaren bigarren deialdia, 4.0 industriaren esparruan startup enpresen azeleraziorako ekimen publiko-pribatuaren bigarren edizioa. Helburua: mundu osoan indar hartzen ari diren enpresen talentua eta berrikuntza erakartzea, euskal industria-sarearen zerbitzura jartzeko. Bigarren deialdiaren nazioarteko aurkezpena gaur egin da, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Aurrez, bilera izan dute Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak eta BIND 4.0 programan parte hartzen duten industria sektoreko punta-puntako 27 enpresek. Iazkoarekin alderatuta, aurten entzute handiko beste 12 enpresa bildu dira BIND ekimenaren aurtengo ediziora, startup-en azeleraziorako euskal ekimen publiko-pribatu honek lehen deialdian izan zuen arrakastak bultzatuta.

 

AERNNOVA, Alegria Activity, Arcelor Mittal, BATZ, Bridgestone, Cikautxo, Elay, Elecnor Taldea, Gestamp, RPK, SENER eta Sidenor dira BIND 4 programarekin bat egin duten konpainia trakziogile berriak. Industria-ekintzailetza aurreratuko ekimen honen lehen edizioan hauek izan ziren partaideak: ABB, CAF, CIE Automotive, Danobat Group, Euskaltel, Fagor Ederlan, Maier Taldea, Alcor Taldea, ULMA Taldea, Iberdrola, ITP, Mercedes-Benz Gasteiz, Michelin, NEM Solutions eta Repsol-Petronor. Beraz, 12 hauekin dagoeneko 27 dira ekimen publiko-pribatu berritzaile honetan parte hartuko duten konpainiak.

 

Baina ez da hau BIND 4.0 programaren lorpen bakarra. 2016an, ibilian hasi orduko, ekintzailetza aurreratuko ekimen honek emaitza bikainak eskuratu zituen eta, horri esker, Google eta Amazon konpainiek, 4.0 sektoreko bi erraldoiek, programari erreparatu diote, eta bazkide teknologiko gisa parte hartuko dute bigarren deialdi honetan, iaz esku hartu zuten beste bi handiekin batera, Microsoft eta Siemens konpainiekin batera, hain zuzen. Laguntzaile teknologikoen zeregin horretan, lau enpresa handi hauek sendotu egingo dute BIND 4.0 programaren mentore-lantaldea eta aberastu egingo dute prestakuntza-programa, eta, horrez gain, hautatutako startup-ei baldintza hobeetan eskainiko dizkiete produktu eta zerbitzuak eta euskarri teknologikoa emango diete.

 

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Tapia sailburuaz gain, agerraldian izan dira Estibaliz Hernaez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea, Alex Arriola SPRI Taldeko zuzendari nagusia eta Aitor Urzelai Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendaria.

 

Berrikuntzak

BIND 4.0 ekimenean parte hartzen duten 27 industria handiek Jaurlaritzako ordezkariekin izan duten topaketan eman dira jakitera programaren bigarren deialdiak ekarriko dituen berrikuntzak. Edizio honetan, indartu egingo dira enpresa partaideei laguntzeko zerbitzuak, eta hala, besteak beste, honako baliabide hauek eskainiko zaizkie: Enpresa eta Berrikuntza Zentroetan doaneko gune bat lanerako; mentoring edo aholkularitza zerbitzua mundu mailako profesionalen eskutik; zenbait gaitasun garatzeko prestakuntza-programa osoa, gaitasun horien bidez industrian arrakasta lortzeko; diru-laguntzak eskuratzeko aukera eta enpresa partaideekin eta eragile publikoekin networking-jarduerak egiteko aukera, startup-ak euskal industria-ekosisteman barnera daitezen errazteko.

 

Horrez gain, berriki sortutako enpresa hautatuek beste hainbat laguntza-zerbitzu eskuratu eta baliatu ahal izango dituzte: aholkularitza tekniko espezializatua matching-prozesuan, industriako enpresentzat garatu beharreko proiektu zehatza definitzen eta negoziatzen laguntzeko; Basque Industry 4.0 ekitaldian parte hartzea (startup-ek aukera izango dute beren proiektu teknologikoak aurkezteko eta industria-sektoreko bezero izan daitezkeenekin harremanetan jartzeko); eta laguntza ekonomikoak startup-ak Euskaditik kanpo kokatzeko.

 

Beste ekimen bat Alumni proiektua da, Industry 4.0 sektoreko startup-en “hub” bat sortzeko; hau da, BIND 4.0 programan hautatutako enpresa sortu berrien artean hartu-emanerako kanal bat. Horren bidez, enpresa horiek ekitaldi esklusiboetan egon ahal izango dute, abantailak eskuratuko dituzte zerbitzu teknologikoetan eta hartu-eman etengabea izango dute euskal industria-sarearekin.

 

Hartu-emana enbaxadekin

Edizio berri honetan, BIND 4.0 programak estrategia indartsuago bat jarriko du martxan enpresak erakartzeko, munduko industria-startup onenen talentua eta berrikuntza bereganatzeko helburuarekin. Hala, 4.0 industriaren esparruan edo laugarren industria-iraultza esaten zaion honetan Eusko Jaurlaritzarekin startup-en azeleraziorako programan elkarlanean diharduten industriako puntako 27 enpresentzat lehentasunezkoak diren merkatu estrategikoetan eta esparru teknologikoetan egingo da ahalegin handiena.

 

Euskadik mundura begiratzen du, talenturik handienak erakartzeko eta herrialde gisa aurrera egiteko. Helburu horrekin berarekin Madrilen bilera izan zuten atzo, uztailak 4, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta diplomazia-kidegoko talde zabal bateko kideek, BIND 4.0 programa aurkezteko. Jaurlaritzak Madrilen duen ordezkaritzan izan zen bilera hori.

 

Topaketa horretan, Estibaliz Hernaez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak, Aitor Urzelai Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak eta Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendariak industriako startup-en azeleraziorako programa publiko-pribatua aurkeztu zieten Argentina, Belgika, Brasil, Txile, Kolonbia, Frantzia, Holanda, Italia, Mexiko, Peru, Polonia, Portugal, Erresuma Batua eta Suediako enbaxadetako arduradunei. Uztail honetan bertan, beste bilera bat izango da Amerikako Estatu Batuetako eta Israelgo enbaxadetako diplomatikoekin, helburu berarekin.

 

Apustu estrategikoa

BIND 4.0 herrialde izaerako apustu estrategikoa da, Euskadi ekintzailetza aurreratuaren munduko mapan kokatzeko. SPRI Taldeak, Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, koordinatzen du programa hau, Enpresa eta Berrikuntza Zentroen eta Foru Aldundien laguntzarekin. Startup enpresen azeleraziorako beste programa batzuen aldean BIND 4.0-ren bereizgarria da publiko-pribatua dela, eta, horrez gain, startup-ei mailarik altueneko industria-bezeroengana iristea bermatzen diela (mundu mailako lehena da horretan).

 

Ohiko prestakuntza-, tutoretza- eta finantzaketa-zerbitzuez gain, BIND 4.0 programak aukera ematen die hautatutako startup-ei beren proiektuak enpresa laguntzaileen eskakizunen arabera garatzeko. Hala, bezero-hornitzaile harremana sortzen da haien artean, eta, horri esker, gora bidean diren enpresek egiazko fakturazioa lortzen dute bezero handi baten eskutik, eta, horrez gain, lehen mailako erreferentzia izatea eta merkatu eta banaketa-kanal berrietara iristea ere lortzen dute.

 

Aurreko urtean, Europa, Afrika, Amerika eta Asiako 41 herrialdetako 257 enpresa aurkeztu ziren guztira BIND 4.0 programaren lehen edizioan, eta horietatik hamaika startup aukeratu zituzten azkenean programaren sustatzaileek. Hamaika enpresa horiek hainbat soluzio berritzaile garatu zituzten ‘ad hoc’ Euskadin finkatutako industria-konpainia handientzat. Guztira 16 proiektu teknologiko berritzaile landu zituzten, eta 50.000 euroko batez besteko fakturazioa lortu zuten.

 

Bigarren deialdiaren egutegia 

BIND 4.0 programaren bigarren edizioaren deialdia, adierazi dugunez, uztailaren 5ean abiatuko da nazioartean, eta irailaren 15era arte izango da martxan. Startup-ek programaren web-orriaren bidez eman ahal izango dute izena: www.bind40.com. Teknologia berrietan oinarritutako produktuak eta zerbitzuak (beti ere industrian aplikagarriak) dituzten bost kontinenteetako startup-ak bilatzen ditu BIND 4.0 programak. Enpresa horiek, orobat, jada merkatuan dagoen zerbitzu edo produktu bat eskaini behar dute, edo merkaturatzeko azken fasean eduki behar dute produktu edo zerbitzu hori.

 

Irailaren 15ean itxiko da startup-en eskabideak jasotzeko epea. Horren ondoren, 2018ko urtarrilaren 5a izango da BIND 4.0 ekimen honen bigarren edizioaren egutegiko hurrengo mugarria, egun horretan aukeratuko baitira enpresa hautatuak. Urtarrilaren 26an jardunaldi bat egingo da startup partaideei harrera egiteko eta haien aurkezpena egiteko. Egun berean hasiko da lanean azeleraziorako programa, eta uztailera arte izango da indarrean. Azkenik, datorren urteko uztailaren 20an, Demo Day eguna izango da, BIND 4.0 programaren bigarren deialdian lortutako emaitzen aurkezpen publikoa. Halako jardunaldi bat izan da aurtengo maiatzaren 5ean Arabako Teknologia Parkean, ekintzailetza aurreratuko programa honen lehen edizioan parte hartu duten startup-en eskutik.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow