Giltzarri batzuk ekintzaile izateko enpresa barruan

10 November, 2017
Ihardunaldiaren momentu bat.

Eusko Jaurlaritzak antolatutako jardunaldi batean esan da barnekintzailetzaren giltzarriak direla enpresaren izatearen arrazoia indartzea, langileei enpresa aldatzeko askatasuna ematea eta taldean lan egitea.

José Mari Luzarraga, Mondragon Unibersitateko irakaslea: “Gure ustez enpresetan langileen %60 edo %80 sortzaileak izan behar dira. Ez gaitezela lantokira joan bakarrik lana gauzatzera, baizik eta sortzera. Horixe da erakundea barrutik aldatzeko modua”.

Juan Antonio Moriano, UNEDeko irakaslea: “Barnekintzailetza ona da enpresarentzat, baina baita ere langilearentzat”

 

Barnekintzailetza (enpresa baten barruan ekitea eta negozio berriak sortzea) funtsezko estrategia bihurtu da enpresek bizirauten eta hazten jarrai dezaten ekonomiaren aldaketa bortitzen aurrean. Arabako Teknologi Parkean jardunaldi bat antolatu da Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek elkarrekin lideratutako Ekintzailetza Bultzatzeko Ekimenaren barnean, eta jardunaldi horretan azaldu da zeintzuk diren barnekintzailetzaren estrategia sustatzeko moduak. Horietako batzuk dira enpresaren izatearen arrazoia indartzea, langileei askatasuna ematea enpresa aldatzeko eta taldean lan egitea.

Luis María Cañizaresek, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzako arduradunak, gogora ekarri du duela 10 urte AEBetako Burtsan garrantzitsuenak ziren hamar konpainietatik bakarra gelditzen dela, alegia, General Electric, “barnekintzailetzako proiektu bat garatu duelako aukera eman diona dibertsifikatzeko eta zaharkitutako negozioak aldatzeko”.

Cañizaresek esan du gaur egun utopikoa dela pentsatzea enpresa batek merkatuan iraun dezakeela 10 urte produktu bera fabrikatuz. “Berrikuntza ez da aukera bat, baizik derrigor bat. Berrikuntza da barnekintzailetza sustatzea, hau da, enpresari aukera ematea produktu alternatiboak izateko”. Hizpide hartu ditu Eusko Jaurlaritzak abiarazitako barnekintzailetza planaren ardatzak. “Barnekintzailetza planaren arlo garrantzitsu bat da, eta enpresek ere hala ikus dezatela nahi dugu”.

Mondragon Unibersitateko irakasle Jose Mari Luzarragak azpimarratu du ekintzaileak “egin egiten direla, jaio baino gehiago. Denok dugu sortzeko gaitasuna. Eredua da aldatu behar dena, prozesua egon dadin enpresaren erdigunean, eta ez egitura. Gakoa da antolakundearen izatearen arrazoia indartzea. Enpresa handienetan, une batean urrundu egiten dira zer? eta zergatik? galderak. Ez badago argi zergatik existitzen den antolakundea, orduan oso zaila da barnekintzailetza bultzatzea”.

Luzarragak barnekintzaileen tipologia definitu du. “40 urte baino gutxiagoko jendea izango da. Steve Jobs pirataz osatutako lantalde batez inguratu zen. Antolakundeek normalean kanporatu egiten dituzte egokitzeko gai ez diren pertsonak; baina kontrakoa egin behar da, hau da, kaosa onartu. Aipatu du milenial delakoek (80ko hamarkadan jaiotakoak, aldaketetara erraz eta azkar egokitzen direnak) bi jarrera izaten dituztela enpresetan. “Oztopoak jartzen bazaizkie, alde batera uzten dute beren sormen-gaitasuna edo alde egiten dute enpresatik”.

Luzarragak taldeko ekintzailetza eredua defendatu du. “Gure ustez enpresetan  langileen %60 edo %80 sortzaileak izan behar dira. Ez gaitezela lantokira joan bakarrik lana gauzatzera, baizik eta sortzera. Horixe da antolakundea barrutik aldatzeko modua”. Txinako eredua goraipatu du, non hauxe baita konpainiek lehendabizi egiten duten galdera: “non egon nahi dut? Gero datoz beste galdera hauek: non nago? eta nolako konponbide sortzaileak behar ditut beste aldera iristeko? Lehendabizi etorkizuna proiektatu beharra dago, gero abiapuntua eta gero zein bide aukeratu iristeko. Eta hor erabateko askatasuna eman behar da”.

Enpresako lidergoa

UNEDeko Psikologia Sozialeko irakasle Juan Antonio Morianok azaldu du nola aprobetxatu daitekeen talentu ekintzailea eta enpresako lidergoa barnekintzailetza sustatzeko.

“Barnekintzailetza -esan du- ona da enpresarentzat, baina baita ere langilearentzat”. Pertsonek egin beharrekoa egiten dute beren lanpostuan, baina orobat egiten dituzte kontratuaz harago doazen zereginak. Ordea, antolakunde askok zigortu egiten dituzte extra-rol deituriko jokabide horiek”. Morianok esan duenez, “langilea zenbat eta gehiago identifikatu antolakundearekin, orduan eta barnekintzailetza gehiago egongo da”.

Orobat esan du enpresariaren lidergoa funtsezkoa dela barnekintzailetzarako, zeren langileak bere ideiak eta balioa eskainiko baitizkio konpainiari, baldin eta lider bat badago barnekintzailetza bideratzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow