“Espero dugu jauzi esponentzial bat egitea eta 2018an 400.000 erabiltzailetara iristea”

22 November, 2017
Eneko Agirre eta Xabier Murua Web Summit Lisboa ekitaldian, Osoigo plataformaren aurkezpenean.

 

Eneko Aguirre, Osoigo enpresako zuzendari nagusia.

 

Hiritarren parte-hartzea ahalbidetzeko Osoigo plataforma Zarautzen sortu zen 2014an. Hiru urte geroago, Estatuan gehien erabiltzen den parte-hartze politikoko olnineko espazio bihurtu da, 660 politikari eta 30.000 erabiltzaile baino gehiagorekin. 2017an hasi da zabaltzen Latinoamerikarantz, non bi proiektu pilotu baitauzka martxan: bata, Argentinako Cordoba probintzian eta, bestea, Mexiko Estatuan. Proiektu berritzaileentzako Metxa azelerazio-programan ere sartu da aurten.

 

Zergatik sortu zenuten Osoigo 2014an?

 

Onlineko mundura zuzendutako komunikazio-agentzia txiki bat genuen, non zerbitzuak eskaintzen baikenituen erakundeentzat, eta errealitate batez jabetu ginen. Politikarien %90ek erabiltzen dituzte sare sozialak, batez ere Facebook eta Twitter, baina hiritarrek ez zuten garbi ikusten horiek ote ziren bide egokienak politikariekin komunikatzeko. Arrazoiak asko dira, besteak beste, norabide bakarreko kanalak direla eta guztiz kontrolatutako eduki eta inguruneak dituztela, hau da, ez dago elkarrizketarako benetako aukerarik, edukiak oso aukeratuta daudelako. Gainera, Twitter bezalako sare sozial batean oso zaila da ongi prestatutako galdera edo proposamen bat bidaltzea sailburu bati (nahiz eta orain 280 karaktere izan ditzaketen) eta, gainera, tresna horiekin ezin da bermatu erantzun bat jasoko denik. Horregatik sortu genuen Osoigo. Ikusi genuelako behar zela atari bat, atari horren bidez politikariak konprometitu zitezen galderei erantzutera. Hasieran pentsatu genuen, “nortzuk gara gu diputatu batengana joan eta esateko bakarrik parte har dezakeela baldin eta erantzutera konprometitzen bada?” Baina asmatu genuen, zeren politikariak animatu egin ziren.

 

Parte-hartzearen arloko plataforma liderra zarete. Zein da zuen arrakastaren giltza onlineko beste espazio batzuekin alderatuta?

 

Uste dugu arrakastaren arrazoietako bat dela ez garela plataforma instituzional bat, hau da, hiritarrak badaki atzean ez dagoela gobernu bat eta nahi duena galdetu dezakeela. Beste arrazoi bat da 660 politikarik galderei erantzun dietela. Izugarri gustatzen zaigu Change, uste dugu lorpen harrigarriak erdietsi dituela, baina plataforma horretan ez dago eztabaidarik. Ekintza bat sor dezakezu zerbait eskatzeko, eta sinadurak lortu ere bai, baina ezin da besterik egin. Gure abiapuntua beste bat da: erabiltzaileak galdera bat egiten du, eta behar adinako babesa lortzen badu, politikariari iritsiko zaio. Hark erantzun egingo du, hiritarrak aukera izango du politikariaren iritzia entzuteko eta elkarrizketa bat hasiko da. Ez da aski harria botatzea, nahi duguna da hiritarrak alderdi politiko desberdinen bertsioak entzun ditzala.

 

Osoigo eraldatzen ari zarete, zertan datza eraldaketa-prozesu hori?

 

Orain arte proposamen bat egiten zuen erabiltzailea baino ez dugu atzeman, baina orain hasi gara proposamenak babesten dituztenak ere erregistratzen. Hala, pertsona-komunitate bat sor daiteke galdera bakoitzaren atzean, elkarreragiteko aukera duen pertsona-talde bat. Kontua ez da bakarrik politikariaren erantzuna jasotzea; ekintza bat sortu duen edo galdera bat egin duen elkarte batek aukera du bere kausa babesten duen jendearekin hitz egiteko, eta horrela, ekintza gehiago garatzeko. Jauzi bat egiten ari gara, galdera-erantzunen atari izatetik helburu batekin lerrokatutako komunitateak sortzeko plataforma izatera iristeko. Orain lehen prototipoa diseinatzen ari gara, baliozkotzen ari garen oinarrizko lau tresna erabiliz.

 

Eta zein da sostengu ekonomikoa?

 

Lotura estua du egiten ari garen aldaketekin. Asmoa da emailing tresna bat izan dadila, hala, edozein elkarte, erakunde edo alderdi politikok sortu ahal izango du komunitate propio bat interesatzen zaizkion gaien arabera. Tresna bat eskaintzen dugu gai horietan interesatuta dauden hiritarrekin komunikatzeko. Baina hori lortzeko erabiltzaile askoz gehiago behar ditugu; helburutzat hartu dugu datorren urteko irailean 400.000 erabiltzailetara iristea.

 

Ekainean Metxa azeleragailuan sartu zineten, nolakoa da esperientzia hori?

 

Edozein startupi gomendatuko nioke parte har dezala gutxienez hautaketa prozesuan. Oso argi geneukan gure ideia, zer nahi genuen, baina azeleragailu batek aukera ematen dizu zeure buruari ere egin nahi ez dizkiozun galderei erantzuteko, baliozkotzeko, jendaurrean aurkezteko eta konturatzeko esaten ari zarenak batzuetan ez daukala inolako zentzurik. Oso pozik gaude Metxa azeleragailuan parte hartzen ari garelako, dagoeneko egin dugu test fasearen lehen zatia, eta finantza-plana lantzen ari gara orain. Sua pizteko metxa bat izan da guretzat.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow