Enara Etxaniz, Patricia Draghici eta Endika Serrano: “Walden”, asmakuntza-, inspirazio- eta lan-gunea.

17 November, 2017
Walden Bilbao

XIX. mendearen erdialdean Henry D. Thoreau-k idatzitako “Walden – Life in the Woods” saiakeratik hartu dute proiektuaren izena. Liburuan kontatzen dira egileak izen bereko urmael baten ondoko txabolan igaro zituen bi urte, bi hilabete eta bi egunak: “bizitza aske eta basatiaren defentsa bat da, non protagonistak kontatzen digun nola erabaki zuen basora joatea esperientzia hura sakonki bizitzeko hasieratik amaieraraino… Eta SORKUNTZAren metafora perfektua iruditu zitzaigun”.

Haurrei robotika eta programazio eskolak ematen ari zirela ezagutu zuten elkar, eta “hasieratik ohartu ginen hirurok maite dugula teknologia”. Sinetsirik daude xarmagarria dela “gauzak hutsetik egitea”, eta helburu dute sortzaileei laguntzea, alegia, “bere ideiagatik arriskatu nahi duten guztiei”. Ikusi zuten bazela merkatuak estali gabeko premia sozial bat eta erabaki zuten sortzaileei lagundu behar zietela “aldaketa sistemiko bat sortzen beren burbuilan…”

 

Diozuenez, sortzaile izatea “bizimodu bat da, ausardia, ekimena, zintzotasuna eta lana eskatzen duena…”

Sortzea da gauza bati izatea ematea hutsetik hasita.

Uste dugu, neurri batean edo bestean, pertsona guztiok garela sortzaile, horixe delako gure izatea. Amets egiten dugu eta hutsetik asmatzen eta eraikitzen dugu, jakin-mina dugunean. Horrela egin dugu aurrera mundua mundu denetik, eta zoragarria da!

Hori bai, sortzea ez da erraza, ezin da egun batetik bestera egin, eta are gutxiago bakarrik. Asko ikasi behar da –geuregandik eta proiektutik-, eta batez ere, lan handia egin behar da; ausardia behar da albo batera utzi behar dena albo batera uzteko, eta baita ere asmo sendoa eta konstantzia. Horregatik, lagundu egin nahi diegu sortzaileei, beren ideiagatik arriskatzen diren guztiei.

Sinetsirik gaude xarmagarria dela gauzak hutsetik sortzea.

 

Nola elkartu zineten hainbat ikasle ekimen ekintzaile bat martxan jartzeko?

Aspalditik ezagutzen genuen elkar, haurrei robotika eta programazio eskolak eman genizkienetik, eta hasieratik elkartu gaitu teknologiarako zaletasunak. Esan liteke erabateko “geek”-ak garela.

Background desberdinetatik gentozen (Patriciak Publizitate eta Harreman Publikoen gradua egin zuen; Enarak eta Endikak Ingeniaritza), eta hala ere, ikusi genuen hirurok arazo bera geneukala proiektu bat gauzatzeko orduan: zaila egiten zitzaigun gureaz besteko profilak aurkitzea. Bestalde, ohartu ginen Bilbon ez daukagula elkar babesteko edo inspirazio bezala hartzeko balia dezakegun komunitaterik.

Eta horrelaxe sortu zen Walden, ikusi genuelako bazegoela merkatuak estaltzen ez zuen premia sozial bat. Helburutzat hartu genuen sortzaileei laguntzea aldaketa sistemiko bat sortzen beren burbuilan.

 

Zuen erronka da proiektuak sortzen laguntzea baliabideak eta tresnak eskainiz…

Walden sorkuntza errazteko sortu zen, eta badakigu edozein ideia gauzatzeko funtsezko bi baliabide daudela: pertsonak eta tresnak, hau da, batetik, lantalde bat edo kolaboratzaileak eta, bestetik, hardwarea, softwarea, programa horiei buruzko ikastaroak/prestakuntza, informazioa, e.a.

Horregatik, Walden proiektuaren helburu nagusia da sorkuntza bideratzea lankidetzaren bitartez. Sortzaileen plataforma izan nahi dugu, asmakuntza-, inspirazio- eta lan-gunea.

Hortik abiatuta, 3 zutabe garatu ditugu:

  • Talentu bilatzaile bat, bere bitartez aurkitzeko lantalde bat edo kolaboratzaileak, beti ere zure ideia garatzeko behar diren ezagutza eta gaitasunak kontuan hartuta. Ez da Facebook, ez baitzabiltza lagun bila, eta ezta ere da LinkedIn, ez zabiltzalako langile bila. Sortzaileen arteko topagune bat da, eta proiektu bati eskain diezazkiokezun ezagutzak eta trebetasunak dira elementu garrantzitsuenak. Ez zaizkigu axola tituluak edo esperientzia; norberaren gaitasunetan dago balioa.

 

  • Proiektu bilatzaile bat, zure ideia argitaratzeko eta beste kide batzuek zurekin bat egin dezaten, zure inguruan martxan dauden ekimenak ezagutzeko edo gure komunitateko beste proiektu batzuetan parte hartzeko.

 

  • Tools&Toys. Gure marketplace guneak zure interes eta profilaren arabera antolatu eta iragazten ditu produktuak eta softwarea, onlineko ikastaroak eta “review” berri guztiak. Hau da, argazkilari baten “Tools&Toys” gunean gai zehatz batzuei buruzko nobedadeak agertuko dira: kamerak, objektiboak, ordenagailuak, editatzeko eta irudiei ukituak emateko ikastaroak… Ingeniari batena, berriz, guztiz desberdina izango da.

 

Bilatzaile sinple batekin posible da pertsona egokiak aurkitzea arazoak konpontzeko eta proiektuak partekatzeko

Honela funtzionatzen du: demagun ideia bat duzula eta informazioa behar duzula jabetza intelektualari, patenteei, copyright-ari, eta antzekoei buruz. Zer egiten duzu? Ahoz ahokoak funtziona dezake, baina informazio mugatua izaten da. Abokatu bat kontrata dezakezu, beste aukera bat da, baina truke ekonomikoan oinarritutako harreman hotz bat baino ez da izango.

Ez ote da eraginkorragoa tarteka zure kolaboratzaile izan daitekeen norbait aurkitzea eta harekin “win-win harreman” bat sortzea?

Walden bilatzailean etiketa batean idatzi behar dituzu zure ideia garatzeko behar dituzun ezagutzak eta gaitasunak, eta gure radarrak behar duzun profileko pertsonak eskainiko dizkizu, hurbiltasunaren arabera antolatuta. Hortik aurrera zeu jar zaitezke haiekin harremanetan txataren bitartez, sortu nahi duzun lankidetza sortzeko.

 

Bilboko lehen Sortzaile Komunitatea jarri duzue martxan. Baina dirudienez ez duzue bertako talentua bakarrik bideratu nahi…

Bilbo talentu handiko hiri zirraragarri bihurtu da eta behartuta sentitzen gara, nolabait, talentu hori indartzera eta hazteko behar dituen baliabideak ematera. Eta horixe egin nahi dugu. Bilbotarrak aurrerapenaren partaide egin nahi ditugu, eta beren talentua tresna bihurtu.

Horregatik eratu dugu Sortzaileen lehen Komunitatea, talentua bideratzeko eta Bilboko sortzaile guztientzako gune ireki bat eskaintzeko. Esan bezala, oso gogorra da zerbait hutsetik sortzea isolatuta eta bakarrik bazaude.

Walden offline planora ere eraman nahi dugu, ekitaldiak antolatuz ideiak, erronkak eta aukerak partekatzeko eta beste ekintzaile batzuk ezagutzeko. Inspirazio eta babeserako gune bat eraiki nahi dugu sortzaileentzat.

 

Walden hiri eta erakundeentzat, baina baita ere unibertsitateentzat!

Uste dugu Walden plataforma egokitu egin daitekeela profil desberdinetako pertsonak dituen eta jarduera ekintzailea garatzen duen edozein nitxotara.

Hortaz, unibertsitateetara ere egokitu daiteke, baliagarri izango baita elkarrekin batzeko ikasleak, irakasleak, ikerlariak, doktoreak, e.a.; sare kolaboratibo eta librea da, proiektuei ikusgarritasuna emateko balio duena. Bestalde, aukera emango die irakasleei “Tools&Toys” bidez ikasleekin zuzenean partekatzeko iragazitako informazioa eta haiengana gehiago hurbiltzeko, gure plataforma Unibertsitateko plataforma ofiziala baino lagunkoiagoa delako.

Bestalde, erakundeentzat gero eta beharrezkoagoa da ekintzaileen parte-hartzea lortzea eta gogoetarako edo elkarreragiteko gune bat ematea. Walden plataformak espazio bat eskainiko die pertsona horiekin aktiboki konektatzeko. Erakunde batek nahikoa du proiektu bat argitaratzea, eta plataformako kideek beren borondatez bat egingo dute arazoa edo erronka konpontzeko.

 

Blog bat jarri duzue martxan ikusgarritasuna emateko interes desberdinetako pertsona berritzaileen esperientzia ekintzaile eta berritzaileei

“Creadores” blogean erakutsi nahi dugu badaudela ekiteko modu eta bide desberdinak, askotariko estrategiak eta proiektuak. Urrats bat gehiago eman nahi dugu, Euskadiko puntako ekintzaileak ezagutu, haien bidez ikasi eta beren esperientziak deskubritu, oso aberasgarriak eta baliagarriak direlako.

Komunitate espiritua mantendu nahi dugunez, hilean behin gure ekosistemako sortzaile bat edo lantalde bat nabarmenduko dugu, gainerako kideek ezagutu dezaten eta harengandik ikas dezaten. Dena den, sortzaileei egindako elkarrizketez gain, argitaratuko ditugu baita ere albisteak, nobedadeak, ikastaroak eta proiektu bat aurrera ateratzeko lagungarri izan daitezkeen tresnak.

Hileko lehen Sortzailea Oier Urrutia izan da, “Lookiero” proiektukoa, iruditzen zaigulako bere startupa eredugarri dela azkartasunagatik eta merkatura egokitzeko duen gaitasunagatik, eta ezagutza-iturri oparoa ere bai modaren munduan ekintzaile izan nahi dutenentzat. Oier izugarri atsegina izan zen eta zoragarria izan da bere esperientziatik ikastea.

Ahaleginduko gara sektore guztietara iristen, denok aukera izan dezagun interesatzen zaigun merkatuan zerbait sortzen ari den norbaitengandik ikasteko. Dagoeneko aurreratu dezakegu nortzuk elkarrizketatuko ditugun hurrengo: Emerid System eta SwiftFlats proiektuen arduradunak. Irrikaz gaude erakusteko!

 

+info: www.walden.es