Ekintzailetza Berritzailea sustatzeko Toribio Echevarria sariak deitu dituzte

28 April, 2017
  • BIC Gipuzkoak eta Eibarko Udalak sustatuta, erreferentea dira Euskadiko ingurune ekintzailean: Hautagaiak maiatzaren 24a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Hasi da Toribio Echevarria Sarien 27. ediziorako hautagaiak aurkezteko epea. Ideia eta proiektu ekintzaileen Euskadiko lehiaketa gailena bihurtu dira Euskadin ekimen ekintzaileak aitortzeko eta horien sustatzaileei jarduera abiarazten laguntzeko sortu ziren sari horiek. Irabazleek 10.500 euro eskuratzeaz gain, laguntza-, aholkularitza- eta prestakuntza-programetan parte hartzeko aukera ere erdietsiko dute. Proiektuak aurkezteko epea maiatzaren 24an amaituko da.

Eibarko alkate Miguel de los Toyosek eta BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaile Marisa Arriolak egin dute gaur goizean deialdi berriaren aurkezpena Eibarko udaletxean. Sariok honako helburu nagusi hauek dituzte: oinarri teknologikoko ideiak eta enpresa berritzaileak gara daitezen sustatzea, kalitatezko enplegua sortzea, enpresetan berrikuntza teknologikoa bultzatzea eta ekintzaileen balioa nabarmentzea.

Eibarko alkate Miguel de los Toyosek sarien garrantzia nabarmendu du «jada sendotu den gure hiriko nortasun-ezaugarrietako bat» delako, «gizartean errekonozimendu handia duen berrikuntzaren eta ekintzailetzaren erreferente bihurtu eta bi hamarkadaz gure eskualdeko eta Euskal Herri osoko enpresa-ehuna indartzea ahalbidetu duena. Horregatik, biziki garrantzitsua da erakundeek eta esku hartzen dugun eragileok ahaleginak batzea eta bide horretan elkarrekin lan egitea».

BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaile Maria Arriolak, berriz, honakoa adierazi du: «sari aitzindariak osatzea lortu dugu, urteetan zehar ekimenak arrakasta-berme handienekin gauzatu ahal izateko, gure iritziz, balio handikoak diren alderdiak gehitu baititugu. Horregatik egiten dugu zerbitzu berriak sarien zati gisa etengabe gehitzeko apustua, aurkezten dituzten proiektuen tipologiak laguntza-baliabideen gero eta espezializazio handiagoa behar baitu abiarazi eta garatzeko orduan.

Toribio Echevarria sarien edizio berria aurkezteko ekitaldian CounterCraft enpresaren sortzaile Dan Brettek ere hartu du parte. Sariduna gertatu zen iaz enpresa hori «Enpresa berria» eta «Nazioartekotzea laguntzea» kategorietan. Brettek adierazi duenez, «sariok bultzada handia izan dira CounterCraft enpresarentzat. Aukera ahalik eta gehien baliatu dugu negozioa garatzeko eta nazioarteko merkatuetan –Europan eta Ekialde Hurbilean, besteak beste– zabaltzeko».

Aintzatespen horien deialdiak bereziki nabarmentzen ditu teknologia berritzeko prozesuak, betiere horien garapenak Euskal Herriko enpresa-ehuna berritzearen eta modernizatzearen kultura enpresa berriak sortuz eta lehendik daudenak garatuz sendotzen laguntzen badu.

Sariek bi kategoria dituzte: «Ideiak/proiektuak» eta «Enpresa berria». Bakoitzak 10.500 euroko diru-saria du, eta aukera ematen du, orobat, laguntza-, prestakuntza- eta aholkularitza-programetan parte hartzeko. Halaber, teknologia garatzeko orduan edo nazioartekotzeko prozesuan laguntza behar duten ekintzaileentzako beste sari batzuk ere badaude.

Iaztik aurrera «Teknologia Ekintzailetzarako Iñaki Goenaga Aintzatespena» ere gehitu zen Toribio Echevarria sarietara. Teknologia berritzearen aldeko apustua eginez ingurunea sozioekonomikoki eraldatzeko ekarpen nabarmena egin duten Eibarko ETEak eta pertsona ekintzaileak aitortzeko sortu zen aipatutako aintzatespena.

Lehiaketa sortu zenetik enpresa-arloko 597 ideia eta proiektu baino gehiago aztertu dira. Aurreko urteetan saritutako proiektuek 37 milioi euro inguru inbertitu dituzte, eta 750 lanpostu baino gehiago sortu, gehienak kualifikazio handikoak.

Sariak emateko aurtengo ekitaldia uztailaren 12an izango da, goizeko 11etan, Tekniker Fundazioa eraikinean. Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatutako ekimen horretan honakoek ere parte hartzen dute: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Departamentua. Gainera, hauek dira kolaboratzaileak: Gipuzkoako Ganbera, Elkargi, APD, El Diario Vasco, SPRI eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburu-elkarteak.