Momentum Project ekimenak enpresa sozialaren giltzarriak aztertu ditu

11 urtarrila, 2018
Merkatu-gaiak banatzeko bizikleta.
Txita txxostenean aipatzen den enpresa sozialetako bat da.

 

Argitalpen batek 47 proiektu ekintzaile jaso ditu, horietatik bost Euskadikoak

Enpresa sozialak ez dira irabazi asmorik gabeko antolakundeak, ekimen filantropikoak edota ESK sailak. Un recorrido por 47 empresas sociales, inspiración y aprendizaje liburuak dioenez, izaera propioa duten enpresa proiektuak dira, eta enpresa munduko estrategiak baliatzen dituzte erronka sozialentzako konponbide berriak bilatzeko. ESADEko Berrikuntza Sozialeko Institutuak eta BBVAk eginiko azterlan horrek oinarritzat hartu ditu Momentum Project laguntza-programan parte hartu duten proiektuak, proiektu horietatik ekintzailetza sozialaren ezaugarri garrantzitsuenak ondorioztatzeko.

 

Ekintzailetza sozialaren kontzeptua errotu egin da azken urteotan. Gero eta ugariagoak diren ekimen berri horien helburu nagusia ez da irabazi ekonomikoak maximizatzea, baizik eta inpaktu positiboa sortzea inguruan, hala maila sozialean, nola ingurumenean edo bietan. Horrelako enpresek negozio eredu bereziak behar dituzte, hau da, epe luzera sostengarritasun ekonomikoa dutenak eta balio sozialaren sorkuntza lehenesten dutenak.

 

Laguntza-programan parte hartu duten 47 ekimenak aztertu ondoren, Momentum Project-eko lantaldeak ekintzailetza sozialeko eredu horri lotutako hainbat ezaugarri komun identifikatu ditu. Lehenengoa lider ekintzailearen figura da, hau da, lortu nahi duen aldaketaren ikuspegi argia duen pertsonarena. Bigarren zutabea da enpresa-tresnetan oinarritutako eredua, zeinetan merkatuko produktu edo zerbitzu bat baita sostengarritasunaren oinarria. Azkenik, horrelako enpresa sozialek laguntza-ekosistema bat izan ohi dute, sarean lan egiteko sektore publikoarekin, inbertitzaileekin, beste enpresa batzuekin, azelerazio programekin edo GKEekin.

 

Horrelako enpresen oztopo garrantzitsuenetako bat da ez dutela finantzaketarik, batez ere hazteko orduan. Konpainia tradizionalek ez bezala, enpresa sozialek ez dute halako errentagarritasunik, hori ez delako beren helburu nagusia. Hala, sarritan ez dute izaten inbertitzeko behar den funts propiorik. Arazo horri aurre egiteko, askok bide alternatiboak aukeratzen dituzte, hala nola crowdfunding-a edo mikro-finantzaketa kolektiboa, haztegi eta azelerazio programak edota inpaktuzko inbertsioa. Hirugarren formula hori dezente zabaldu da azken urteotan, eta honela funtzionatzen du: finantzatzaileek inbertsioak egiten dituzte proiektuan paper aktiboa hartzearen truke. Inbertitzaile horien helburua ez da beren irabaziak maximizatzea, baizik eta enpresaren inpaktu soziala handitzea.

 

Argitalpenak bere baitan jasotzen ditu Euskadiko bost enpresa sozialen kasuak, ekintzailetza eredu horrekin bat datozenak. Lehena Irisbond konpainia donostiarra da, zeinak software bat garatu baitu begien mugimenduarekin ordenagailua kontrolatzeko. Pazienteen elkarteekin lankidetzan garatutako teknologia horrek aukera ematen die ezgaitasun larriak dituzten pertsonei munduarekin komunikatzeko.

 

Txostenak halaber aipatzen du Bajoelagua Factory, finantzaketa lortzeko urpean ondutako ardoen salmentan oinarritzen den enpresa. Produktu hori merkaturatuz lortzen dituen irabaziak baliatzen ditu itsasoko bizitza birsortzeko eta dibulgazio-lanetarako. Inithealth enpresa soziala osasunaren kudeaketa pertsonalizaturako zerbitzu plataforma bat da, eta tinta kartutxoak eta tonerrak birziklatzeko Bioservice kooperatibak lana ematen die ezgaitasuna duten pertsonei. Azkenik, argitalpenean aipatzen da baita ere Txita enpresa, zeinak bizikletaz banatzen baititu merkatu-gaiak eta bizikleta-taxi zerbitzua ematen baitu Donostian.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow