“Crowfunding-ak ez du ordezkatuko finantza erakundeen lana; hain zuzen, erakunde horiek baztertzen dituzten txokoak estaliko ditu”.

12 January, 2015

 

Goro, egoera ekonomikoak bidea erraztu ala zaildu egin dio crwodfunding-ari, finantzaketa tresna gisa?
Crowdfunding-a 2010aren inguruan Espainiara iritsi zenetik sistemak gorantz baino ez du egin. Urtez urte gero eta handiagoa da diru-bilketaren batez besteko zenbatekoa (2013an 19 milioi eurokoa izan zen), plataforma kopurua ere asko ugaritu da (50 inguru daude Espainian bakarrik) eta gero eta sektore gehiagok jotzen dute finantzaketa kolektibora aukera bat izateko (ez da erabiltzen bakarrik kultur proiektuetarako).

Beraz, bai, egoera ekonomikoak hazten lagundu dio sistema horri. Desabantaila bakarra da oraindik sortzen ari den tresna bat dela eta jendeak ez duela ondo ezagutzen; halere, ziur gaude hori gainditzea denbora kontua baino ez dela. Hain zuzen, dagoeneko hainbat gobernu-erakunde hasiak dira sistema hori erabiltzen ekintzaileei laguntzeko.

 

Eta zer aldatu da berriki Crowdfunding-a arautu denetik, nola eragin dio horrek sistemari?
Legea oraindik ez da indarrean sartu, iaz onartu zen baina EBOn argitaratu ostean baizik ez da sartuko indarrean, eta hori laster gertatuko da.

Lege berriarekin sistema Espainiako marko legegilean integratuko da, horrek berekin dakartzan abantaila guztiekin, batez ere ez dela operatuko legez kanpo eta babes juridikoa izango dela.

Puntu polemikoa da inbertsiogile ez kualifikatuek urtean egin dezaketen gehienezko inbertsioa, baina aritzeko modu horrek antz handia dauka Estatu Batuetan erabiltzen denarekin, non equity eta lending sistemak guztiz errotuta dauden.

 

Martxa honetan, ematen du banku erakundeek baizik ezingo dituztela lortu ekimen ekintzaileetarako funtsak!
Uste dut ideia hori burutik kendu behar dugula. Crowdfunding-a, edozein motatakoa izanik ere, sistema alternatibo bat da eta ez die beren tokia kenduko finantza erakundeei; hain zuzen, erakunde horiek baztertzen dituzten txokoak estaliko ditu.

Gobernuak legeria bat egiteak erakusten du crowdfunding-ak ezinbestean aurrera egingo duela, eta legeria oso espezifikoa behar duela. Gehiago dira alderdi positiboak negatiboak baino.
Konparazio batera, Estatu Batuetako “Lending Club” crowdlending plataforma burtsan sartu da bilioi bat dolarreko balorazioarekin (bilioi amerikarra xD)

 

Aspaldi honetan sarri aipatzen dira Equity Crowdfunding, Crowdlending, P2P maileguak… Termino eta kontzeptu gehiegi dira, lagunduko al diguzu horietako bakoitzaren funtsa ulertzen?
Equity: Equity eta modalitate “tradizionalaren” arteko alde nagusia kontraprestazioa da (ordaina). Equity modalitatean enpresako kapitalean parte hartzen da eta ordaina jasotzen konpainiaren irabazietatik, errentatik, akzioetatik edo partaidetzetatik. Beraz, bazkide asko bilatzeko modu bat da, denen artean kapitala osatu dezaten.

Lending: Kasu honetan, pertsona batek dirua ematen dio proiektu bati eta ordain gisa diru hori berreskuratzen du. Mailegatutako dirua berreskuratzeaz gain, crowdfunding mota hau erabiltzen duten crowdsourcer-ek nolabaiteko interes bat ematen dute, inbertsiogileak mailegatu duena baino zertxobait gehiago jaso dezan .

P2P maileguak eta crowdlending gauza bera dira, pertsonen arteko maileguak alegia.

 

Duela gutxi “crowdfunding komunitate bati buruzko munduko lehen inkesta” egin duzu 150.000 lagunekin. Zeintzuk dira emaitza garrantzitsuenak eta zure ondorioak?
Egia esan, oso harro gaude inkesta hori egin izanaz. Ondorioek hainbat pista eman dizkigute jakiteko pertsona batek zer baloratzen duen gehien proiektu bat babesteko orduan, eta besteak beste ordainak eta proiektuaren helburua azpimarratu dituzte. Jakin dugu zein baliabideri ematen dieten garrantzi gehien mezenek proiektu bat bisitatzen dutenean, eta horien artean daude deskribapenaren edo irudiaren kalitatea, proiektuaren bideragarritasuna eta apaltasuna kopuru ekonomiko bat eskatzeko orduan.

Inkestaren ondorioak gure blogean daude: http://www.lanzanos.com/blog/entry/57/encuesta-crowdfunding/

 

UP Euskadi blogeko beste artikulu batzuetan aipatu dugu Crowdfunding plataformetan oso proiektu gutxik lortzen dutela jarduerari ekiteko behar duten gutxieneko aurrekontua estaltzea. Zein dira zure ustez oztopo nagusiak eta nola gainditu daitezke?
Arazo nagusia komunikazio estrategiarekin lotuta dago. Oso proiektu gutxi iristen dira plataformetara jarraitzaile komunitate bat dutela (eta hori funtsezkoa da arrakasta lortzeko). Komunitate hori egon ezik sortu egin behar da, eta horretarako denbora behar da, dedikazioa, eta merkataritza arloko esperientzia. Hedabide sozialek oso paper garrantzitsua jokatzen dute eta proiektu asko eurei esker ateratzen dira ekintzailearen zirkulu hurbiletik.

Plataforma gisa, baita ere lortu behar dugu erreferentziazko webgune bat izatea, jendea gure atarira sartzea “zer ote dagoen” ikustera onlineko denda bat bailitzan, proiektuak gainbegiratzeko eta gehien gustatzen zaiena aukeratzeko. Oraindik ez gara iritsi horraino, mugimendu hau oso gaztea delako, baina lanean ari gara hemendik gutxira errealitate bihurtu dadin.

 

Emango dizkiguzu esperientzia arrakastatsuen adibide batzuk?
Badira ehunka kasu arrakastatsu , baina denetatik ezagunena Heroquest izan da, zeinak 600.000 euro lortu baitzituen. Halere, kasu horrek ez ditzala ezkutatu ahaleginaren puruz arrakasta lortu duten gainerako proiektuak.

Arrakasta guztiak esteka honetan dituzu: http://www.lanzanos.com/exitosos/
Euskal proiektuen artean hauxe datorkit orain gogora: La Peña Saskibaloi Kluba: http://www.lanzanos.com/proyectos/el-sueno-del-club-baloncesto-la-pena-en-bilbao/

 

Amaitzeko, kontatu zerbait zutaz ere; zure arrakastak eta porrotak, ekintzaile gisa izan duzun esperientzia… Eta hemendik aurrera dituzun erronkak.
Porrotak, zenbat nahi , baina tira, azkenean beti geratzen gara gauza onekin, ongi ateratzen zaizkigunekin. 22 urte nituela nire hosting enpresa saldu nuen eta, hara, horixe izan zen niretzat nire arrakasta handiena.

Orain Seedquick.com ekimena daukagu martxan equity crowdfunding egiteko eta hemendik gutxira Lending arloan ere sartu nahi dugu. Horrez gain, milioi bat euroko finantzaketa lortu dugu MObeleader.com atarian gure mobile publizitate enpresarentzat.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow