Cambridge Innovation Center Euskadira iritsiko da

30 abendua, 2017
Cambridge innovation Centre

Cambridge Innovation Center-ek (CIC), munduan eragin handiena duen startup taldeak, bere bigarren egoitza irekiko du Europan, hain zuzen Euskadin. Erakunde horren helburu nagusia da enpresei garatzen laguntzea beren martxan-jartze fasean, lan-espazioak eskainiz eta Sareko jarduera ahalbidetuz.

Massachusetts-eko Teknologia Institutuko (MIT) bi ikaslek, Timothy Rowe eta Andrew Olmsted-ek, sortu zuten CIC duela pare bat hamarkada. Espazio hura txiki gelditu zitzaien oso denbora gutxian, eta segituan biderkatu zuten, ekimena erreplikatuz beste hiri batzuetan (Boston, Cambridge, Miami, Filadelfia eta Holandako Rotterdam hirian).

Zentro horietan milatik gora konpainia daude, gehienak teknologiaren esparrukoak, eta software, hardware edo bio-zientzien sektoreetan lan egiten dute. Orain CIC St. Louis hirira iritsiko da, eta baita ere Bilbora, non bere ekarpena egingo baitio berrikuntza, ekintzailetza eta enpresen euskal ekosistemari.

Bizkaiko Foru Aldundiak diru-partida handi bat bideratuko du zentroaren instalazioak atontzeko, helburutzat hartuz sinergiak sortzea lurraldean garrantzitsuak diren sektoreetako ekintzaile, profesional eta enpresen ideia, baliabide eta esperientzien artean.

+info: www.cic.com