“Bind 4.0 programaren aldeko apustua egitea da talentua bilatzea”

29 urria, 2017

Arabako Alegria Activity konpainia dugu talentua eta esperientzia uztartzen dituen programa publiko-pribatu horren bigarren edizioko parte-hartzaileetako bat.

 

Juan Jesúsek (Jojók) bere modu berezi horrekin zuzentzen duen Alegria Activity enpresa dugu BIND 4.0 ekimenaren bigarren edizioan parte hartu duten 21 konpainietako bat. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du startupak azeleratzeko programa publiko-pribatu hori, mundu osoko talentua eta berrikuntza atzeman eta enpresa handien zerbitzura jartzeko. Radio Euskadiko Made in Basque Country irratsaioan euskal enpresariak beraizik azpimarratu du zein garrantzitsua den etengabe birziklatzea, egunean egoteko guztiz globalizatua dagoen ekonomia honetan.

 

Nola sartzen da bat BIND 4.0 bezalako programa batean?

Uste dut bizitza honetan den-dena oinarritzen dela eboluzioaren printzipioan. Hasten ari ginenean denoi gustatuko zitzaigukeen laguntza jasotzea, eta orain, baliabideak, posizioa eta gaitasuna dugunean, ahalegina egin behar dugu sortzen ari diren enpresei eta startupei laguntzeko eta bidea errazteko. Horregatik eman nahi izan dugu urrats hau, enpresa txiki gorakor eta berri horien esku jartzeko gure enpresa-plataforma, gure ezagutza eta gaitasunak, eta horrela ikusteko gai garen elkarri laguntzeko. Onuragarria izango da guretzat ere, 4.0 Industriaren iraultza berri honetan, modu berriak behar ditugulako produkzio prozesuak, joera berriak eta teknologia berriak ulertzeko.

 

BIND 4.0 programaren bigarren ediziora aurkeztu diren ETEen erdia baino gehiago Indiakoak dira. Zer lortu nahi luke Alegria Activity enpresak maila teknologiko handiko Indiako ETE batengandik?

Argi daukagu gure abiapuntua negozio eta industria tradizionala dela, alegia Komunikazioa, eta mugikortasunaz baliatuz, hau da, hainbat plataforma eta ibilgailuren bidez iristen gara gure bezeroek eskatzen dizkiguten sektore sozialetara. Hortaz, zer da guk bilatzen duguna? Zalantzarik gabe, talentua. Gainera, horrelako teknologia gorakorrak erabiltzen hasi nahi dugu, beharrezkoa delako konponbide berritzaileenak eta aukera berriak izateko. Horrez gain, marka irudia eta nazioarteko proiekzioa lortu nahi ditugu mundu osoan saltzen jarraitzeko, hori baita gure funtsezko lait motive-a.

 

Rosa Garcíak, Siemens enpresako zuzendari nagusiak, hauxe esan du berriki Gasteizen: “askotan, beharrezkoa izaten da dena goitik behera astindu nahi duen jendea sartzea enpresa helduetan”. Ados zaude horrekin?

Oso ados gainera. Une honetan 4.0 Industrian murgilduta gaude, non kontzeptu eta joera apurtzaileek gainditu egiten baikaituzte. Aitortu beharra dago iraultza berri bat dugula aurrean, eta ez da ezer gertatzen hori aitortzeagatik, iraultza berri bat, non Informazio eta batez ere Komunikazio teknologiek paper erabakigarria baitute.  4.0 Industria edo Industria konektatuaren termino berri horrek beharturik, etorkizunarekin kezkatuta gauden eta arlo honetan interesaturik gauden enpresok sistema berriak erabiltzen hasi gara gure makinetan edo produkzio-prozesuetan, eta tresna berri horiekin lortu dugu gure prozesuak optimizatzea eta egunean egotea.

 

BIND 4.0 programa eta sortu dituen igurikapenak gorabehera, nola doaz gauzak Alegria Activity enpresan?

Zorionez ondo. Asko bidaiatzen dugu, eta buru-belarri ari gara lanean, gainerakoek bezala, pentsatzen dut. Azken lau urteak oso gogorrak izan dira, administrazio publikoekiko menpekotasun handia genuelako, eta beherakada handia igarri da arlo horretan. Horregatik, gure arrakasta –horrela deitu badakioke- erokeria baten emaitza izan da, bihozkada batena edo zorte-kolpe batena. Nazioartekotzeari esker lortu dugu lortu duguna, batez ere Latinoamerikan, non posizio ona baitugu, eta baita ere Afrikan.

 

Eta etorkizunari begira?

Orain badirudi garapen-aukera handienak Pertsiar Golkoan eta Asian daudela –nahiz eta sekula ez dugun halakorik pentsatu ere egin-, eta toki horietan ari gara mugitzen.

 

Bukatzeko, Jojó, gaur iaz baino hobeto gaudela uste duzu?

Esango nuke hemen, etxean, gauzak aldatzen hasi direla eta suspertzen hasi garela. Gure kasuan, berriro hasi gara galduta geneuzkan kontaktuak eta deiak jasotzen, eta horrek pentsarazten digu badela argirik tunelaren amaieran. Atzerrian -han ere gauzak ez dira errazak- egoera antzekoa da.  Latinoamerika oso desorekatuta dago, eta badaude garapena zamatzen duten zenbait aldagai; Afrikan bada halako garapen-maila bat eta premiak gero eta agerikoagoak dira; eta Europa beti da Europa. Zentzu horretan, une honetan asko mugitzen ari gara Madril-Paris-Geneva hiriak lotzen dituen ardatz geografikoan, izan ere, Frantzia eta Paris ispilu dira oraindik Afrikako herrialde guztientzat, eta Suitza lobby bat da Pertsiar Golkoko herrialdeekin harremanetan jartzeko.