Bilboko Ingeniaritza Eskolak eta Satlantis Microsats-ek lankidetzarako hitzarmena sinatu dute

9 May, 2017

Akordio horren bitartez prestakuntza, hedapen eta I+G ekintzak gauzatu ahal izango dira orain denbora gutxi Euskadi Ikerketa Saria irabazi duen Agustín Sánchez Lavegak zuzentzen duen EspaZio Gelan

Bilboko Ingeniaritza Eskolak (BIE-EIB) eta Bizkaiko Satlantis Microsats enpresak lankidetza hitzarmena sinatu dute, espazioko zientziaren eta ikerketa astrofisikoaren alorretan prestakuntza eta garapen teknologiko ekintzak gauzatzeko xedez. Unibertsitateko eskolak eta startup horrek euren indarrak batuko dituzte, BIE-EIBko EspaZio Gelan eta Getxon dagoen Satlantiseko egoitzan ekintza bateratuak gauzatzeko. Bertan, gradu osteko ikasketak edo doktoretza egiten ari diren ikasleek euren praktikak egiteko eta proiektuak garatzeko aukera izango dute. Enrique Amezua Ingeniaritza Eskolako zuzendariak eta Juan Tomás Hernani Satlantiseko kontseilari eskuodertuak lankidetzarako akordio zabala sinatu dute. Akordioaren barruan, bi aldeentzako mesedegarri izango diren ekintza eta proiektu ugari jasotzen dira. Ekitaldian parte hartu dute, baita ere, Alberto Oleaga Fisika Aplikatu I Saileko zuzendariak, Luis Carlos Fernández Satlantiseko Eragiketa Zuzendariak, orain denbora gutxi Euskadi Ikerketa Saria irabazi duen Agustín Sánchez Lavega EspaZio Gelako zuzendariak eta Teresa del Río Ikasgelako arduradun akademikoak.

2014an sortutako Satlantis, espazio sektorean indarra hartzen ari den enpresa da, bereizmen handiko espazio eta denbora teknologietan espezializatua, lurreko behaketarako eta tele-hautematerako. Bazkide inbertitzaileen artean Telefónica, Idom, Everis-NTT Group eta inbertsio zuzeneko Orza erakundea daude, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, SPRIren eta AXIS-ICOren laguntza du, eta baita Europar Batzordearena ere, ikerketarako eta berrikuntzarako H2020 ikerketa programaren bitartez. Duela denbora gutxi, Satlantisek Europar Batzordearen lehiaketa bat irabazi du, beste 27 enpresa gaindituz, Lurra behatzeko lehenengo mikrosatelitea abiarazteko, 2,3 milioi eurokoa izango den kontratuarekin. Nazioarteko proiektu garrantzitsu hori bere esku jarri duen Europar Batasuneko epaimahaiaren iritziz, Satlantis “enpresa hoberena” da. Euskal enpresak Berlin Space Technologies bazkide alemanarekin lankidetzan eramango du aurrera proiektua.

Gaur sinatu den lankidetza akordioari esker, enpresa teknologikoa eta Bilboko Ingeniaritza Eskola espazioko zientziaren eta ikerketa astrofisikoaren alorretan arituko dira lankidetzan, unibertsitate eskolako EspaZio Gelaren bitartez bideratuko diren jarduerekin. Hitzarmenean, Espazioko Zientziari eta Teknologiari eta, batez ere, Satlantisek bultzatutako garapen teknologikoei, buruzko topaketen eta mintegien antolakuntza jasotzen da.

 

Garapen teknologikorako proiektu bateratuak

Ingeniaritza Eskolako EspaZio Gelarekin erlazionatutako Master eta Doktoretza ikasleek egonaldiak, praktikak eta Master Amaierako Proiektuak egin ahal izango dituzte Bizkaiko enpresan. Horrez gain, akordioak ideien trukaketa eta alderaketa bultzatu nahi du Eskolaren eta enpresa teknologikoaren artean, espazioko sektorearekin eta astrofisikarekin erlazionatutako garapen teknologikoko, ikerketa aurreratuko eta esperimentazio metodoetako proiektuak elkarrekin gauzatzeko.

Lankidetza horri esker Bilboko Ingeniaritza Eskolara zabaldu ahal izango da une honetan Satlantisek, titulua lortu berri duten bere etorkizuneko ingeniariak prestatzeko Floridako Unibertsitatearekin duen Satlantis Advanced School kontzeptua.

Gaur sinatu den hitzarmena bost urteko iraupenarekin sortzen da, eta beste bost urterako luzatu ahal izango da. Lankidetza akordio horrek indartu egiten du Bilboko Ingeniaritza Eskolak ikerketaren eta garapen teknologikoaren eta unibertsitatearen eta puntako enpresen arteko lankidetzaren alde egiten duen apustua.

Satlantisek Getxon du egoitza, eta filial bat Estatu Batuetan, Satlantis Florida. Bertan dago, baita ere, Satlantis Advances School bere prestakuntza eskola. Konpainiaren produktu nagusia iSIM deritzon sistema da, metrotik beherako pixelak dituzten doitasun handiko irudiak lor ditzakeen optika batez hornitutakoa, Lurretik 500 kilometrora biraka dabiltzan sateliteentzat guztiz egokia. Erronka teknologiko hau tamaina handiko kamerak eta ehunka milioiko balioa duten sateliteekin lehiatzen da merkatuan. Horien aldean, Satlantis-ek kameraren miniaturizazioa eskaintzen du, zortzi kiloko pisuraino, inbertsioa oraingo prezioen oso azpitik murriztuz.

EspaZio Gela eta bere Behatoki Astronomikoa 2009an sortu ziren Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta UPV/EHUko Espazioko Zientzia eta Teknologia Masterra ematen da ordutik bertan. Ikasgela Bizkaiko Foru Aldundiko, BFA/DFBko, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen Sailak finantzatzen du.
info +: www.satlantis.com