Berrikuntzaren eta ezagutzaren eraldaketaren aldeko apustua

23 November, 2017

UPV/EHUk eta CEBEKek Unibertsitatearen eta Bizkaiko enpresen arteko baterako jarduerak bultzatzeko akordioa sinatu dute

 

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak (CEBEK) lankidetzan jarduteko esparru-hitzarmen bat sinatu dute, datozen lau urteotan erakunde akademikoaren eta Bizkaiko enpresen arteko baterako jarduerak bultzatzeko asmoz.

 

Zehazkiago esanda, hitzarmenean lankidetzaren esparrua eta baldintzak zehaztu dira, Bizkaiko ekonomia eta gizartea sustatu eta garatzea xede duten jarduerak aurrera atera ahal izateko, betiere berrikuntzan, ezagutzaren sorkuntzan eta eraldaketan, sareko lanean eta proiektuen kudeaketan oinarrituta.

 

Akordioan, beste hainbat jarduera-ildoren artean, Prestakuntza Duala, ikasleen enplegagarritasunaren hobekuntza, enpresa-ehunaren beharrizanetara egokitutako talentuaren sorkuntza eta espiritu ekintzailearen sustapena nabarmendu dira.

 

Oraingo hitzarmenak jarraipena eman die bi erakundeek orain arte mantendu dituzten lankidetza-harremanei. Azken hamar urteotan, UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko zentroek eta CEBEKek elkarrekin lan egin dute berrikuntzarekin eta ezagutzaren eraldaketarekin lotutako jarduerak abian jartzeko.

 

Hitzarmena hilaren 20an sinatu zen Bilbon, eta ekitaldi berean, Nekane Balluerka UPV/ EHUko errektoreak ikerketa-talde desberdinek lortutako emaitzak enpresa-jarduerara transferitzeak duen garrantzia nabarmendu zuen. Bestalde, Iñaki Garcinuño CEBEKeko presidenteak Prestakuntza Duala txertatzeko premia azpimarratu eta gazteek enpresen beharrizanak bertarik bertara ezagutzeko aukera izateak duen garrantzia nabarmendu zuen.