Arima startup donostiarrak irabazi du Emprendedor XXI Euskadi saria

5 ekaina, 2015

Softwarearen diseinuan espezializatutako Arima enpresak irabazi du Emprendedor XXI sariketaren IX. edizioko fase autonomikoa, zeina La Caixa Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez) antolatzen baitute Euskadin. Irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du enpresa proiektuaren garapena bultzatzeko eta Cambridge Unibertsitateak emandako azelerazio-ikastaro batean parte hartu ahal izango du. Gainera, finalista izango da txapelketaren Estatuko fasean.

Arima enpresak Emprendes kategoriako sari autonomikoa lortu du. Kategoria hori jardueraren hasierako fasean dauden startup-ei zuzendua dago. Donostiako konpainia softwarearen diseinuan espezializatuta dago eta weberako produktu propio bat sortu du, HDIV, hau da, aplikazioen garapen-inguruneetan segurtasuna automatizatzeko konponbidea. Tresna hori erabiliz, arrisku posibleak identifikatzen dira eta erasoen berri jasotzen da. 2014ko Toribio Echevarria sarietan Ideiak-Enpresa Proiektuak ataleko Sari Teknologikoa irabazi zuen produktu honekin, eta joan den uztailean Banco Sabadell Fundazioaren BStartup programaren bigarren edizioan parte hartzeko hautatua izan zen, finantza arloko eta enpresarako laguntza jaso zuelarik.

Urtero banatzen diren Emprendedor XXI sarien bidez saritzen dira oinarri teknologikoko enpresa berritzaileenak eta maila autonomikoan nahiz Estatuan hazteko potentzial handiena dutenak. 2014ko edizioan, Irisbond konpainiak (Eye Tracking teknologian oinarritutako konponbideak garatzen dituenak) irabazi zuen Emprendedor XXI Euskadi lehiaketa eta Estatuko finalean Akzesit soziala eskuratu zuen. Aurreko urtean, 2013an, Interneteko edukiak enkriptatzen espezializatutako Enigmedia euskal enpresa izan zen Creces kategoriako irabazle absolutua.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow